uz14c

URTEAN ZEHARREKO 14. DOMEKEA /C

Sarrera oharra

Senideok: Urtean zeharreko 14. domeka honek Jainko poz-emoilearen aurrean jarten gaitu, eta gogoratuko deusku maitasunaren bidea dala benetako poz-iturria. Ulertu ondo: maitasunaren bidea, norbere buruari uko eginez, lehentasuna besteari emotea da.

Jesusek esan egin deuskuna, orain eginazo egingo deusku, bere eginkizunaren lagun egingo gaitu-ta. Eta kontuz zergaitik pozten garan! Ez ahalmenagaitik, gure izenak zeruan idatzita egoteagaitik baino. Ospatu daigun.

Sarrera abestia

Argiaren seme eta egunaren oinordeko

abia gaitezen danok Jaunarengana goizean,

uxatu ditu goiz albak gure baitako ilunak,

eta pozaldi betea sortu digu bihotzean.

Damu otoitza

† Ez dogu zoriona ondo ulertu, gure poz-iturria ahalmena edo besteak menpean eukitea bada, eta ez norbere buruari uko eginez bizi izatea. Damutu gaitezan:

—Jesus Jauna: zure eginbehar lez, erreinuaren barri emotea dozuna, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, erreinuaren izenean txarkeria guztia uxatzen dozuna, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, zure eginkizunera alderatu gura gaituzuna, erruki, Jauna.

† Erruki dakigula…

Lehenengo irakurgaiari oharra (Is 60, 10-14c)

Atsekabetik urten barri dagoan herriak berba goxoak, adore-emoileak entzungo dauz. Beharrezko doguz holango berbok egoera honetan, Jainkoa ezagutzeko eta gure eginkizuna bultzatzeko, gu adoretzeko. Entzun.

Erantzun salmoa (65)

Bigarren irakurgaiari oharra (Gal 6, 14 - 18)

Ezerk harrotu behar ete gaitu? Harrokeriaz jokatu nahi ez badogu, gure burua Jesukristoren kurutzean josita ikusteak harrotu behar gaitu. Entzun.

Ebanjelioari oharra (Lk 10, 1-12.17-20)

Aukeratuko ete gaitu Jesusek bere eginkizunerako? Ikus daigun ea geure buruari uko eginez, eguneroko kurutzeagaz, jarraitzen deutsogun, eta uste osoa Jainkoagan jarrita, ez gure ahalmenetan. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Poztasun-iturri agortezina dogu Jainkoa. Zuzendu deioguzan gure eskariak, «AITA ZAITUGULAKO» erantzunez:

—Eliza amaren alde: Jainkoaren berbea izan daiten bere poz-iturri, eta iturri horretara erakarri daizan bere seme-alaba guztiak… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.

—Gure parrokietan meza-entzule agertzen direnen alde: Jaunak berari jarraitzeko dei egiten deutsela konturatu daitezan, inguruetara benetako poza eta osasuna eroateko… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.

—Atsekabean, itun edo poza kentzen deutsen beste edozertan galduta dagozenen alde: izan daien laguntza egoera horretatik urteteko… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.

—Gure arteko familien alde: Jainko poz-emoilearen esperientzian bizi izan daitezan, eta horretan hezi daiezan seme-alabak… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.

—Eukaristiarako alkartu garanon alde: mezea "entzuteaz" konformatu ez gaitezan, izan gaitezan baino Jainkoaren hitzaren eta Jesusi jarraitzearen egarri… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.

† Jainko poz-emoilea: egizu zure Semea izan dakigula gure poz-iturri bakarra. Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

—Amen.

Jaunartzerako

1. Ogi hau jaten dauanak

izango dau bizia.

Kaliz hontan aurkitzen da

Jainko-odol guztia:

R/. Hor dogu janaria ta

hor gure edaria.

2. Jaungoikoak deitzen gaitu:

bera dogu janari.

Beragan dogu aurkitzen

osasuna ugari.

R/. Zelan begiratzen deutson

Jainkoak gizonari!

3. Danok gaur jaten badogu

ogi bat mahai batean

ezin izan gorrotorik

gaurtik gure artean.

R/. Alkar maitatudagigun

Jesusen izenean.

Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske

bizi behar honetan ahuldu baikintezke.

Zure gorputz santua hartu nahi genduke.

Zu gabe bizitzerik ezingo genduke.

Munduak behar badau eguzki-argia,

mendiko abereak iturri garbia,

gu danok nahi badogu barruko bizia,

beharrezkoa jaku zeruko ogia.

Jauna, zure grazia lagun dakigula

ogi hau jan dagigun behar dan bezela.

Ez ahaztu txarrerako jarriak gauzela,

arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.

Oharrak

URTEAN ZEHARREKO 14. DOMEKEA /C

HITZALDIA

«Poztu zaiteze…» Hona Jainkoak guretzat nahi dauana, senideok: pozik bizi izan gaitezela; pozak gainezka egin deigula.

Ez gagoz pozik, ezta? Zerk gitxitzen, iluntzen edo ezabatzen dau gure poza? Alderantziz: zerk emoten deusku poza, zerk pozten gaitu, edo zerk egiten dau gure pozak gainez egin daiala?

Edonoren ahotan dabilan krisiak ez gaitu pozten, ez da krisia gure pozaren iturri; hemen, gehienok nagusiak edo zaharrak gara, eta adinean aurrera goazela jakiteak ez gaitu pozten; gainera, gure osasunak han-hor-hemen sumatzen dau zauririk-edo, eta horrek ere ez gaitu pozten.

Pozten gaitu Alkarregaz egoteak, edo, senar-emazteok, alkarregaz hainbeste urtean bizi izateak, edo seme-alabak eta lobak-eta ondo ikusteak…? Arlo horretan ere atsekabe batek baino gehiagok jota egongo gara. Izango doguz, bai, poz-bideak arlo horretan, baina baita atsekabeak ere, eta gehiago hein baten…! Zein izan daiteke, senideok, gure benetako poz-iturria?

Lehenengo irakurgaian Isaias profetak Jainko xamur-maitalearen aurpegia erakutsi deusku, gure atsekabeak-eta desegin gura dauzanaren aurpegia: ama batek bere umea laztantzen dauan lez laztantzen gaitu bere belaunen gainean Jainkoak; eta hori jakitean gure atsekabe guztiak ezabatuko dira, eta ibai-urak lez isuriko jaku bakea…

Asko kexatzen gara gure zahartzaroa dala-ta, gure ezinak, makaltasunak, dirala-ta, zatiketak, ezin ikusiak eta beste hainbat atsekabe-iturri dirala-ta; gure alkarteen ahulezia, orain arte izan garana edo egin doguna ezertarako ez dala izan uste izatea, eta abar, eta abar. Noiz arte iraungo dogu kexati? Badino indiar jakituriak: ilunpeak madarikatzea baino hobe da poxpolo bat biztea

Ba horixe esan deusku Paulok bigarren irakurgaian: ez eidazue atsekabe gehiagorik emon, nahikoa daukat-eta Jesukristoren aztarnak neugan eroateaz. Eta esan deusku Paulok, bere poz-iturria zein dan: ez bateatuta edo erdainduta egotea (azaleko ezaugarriak dira horreik) Jesukristoren kurutzea onartu izatea baino. Kurutzean josita dagoela dinosku, bai Kristorentzat eta baita mundurentzat ere.

Jesukristoren kurutzeak zera esan gura dau: dan-dana besteentzat dan maitasuna; norberetzat ezer gordeten ez dauan maitasuna; norbere aurretik besteak jarten dauzan maitasuna. Horixe da Jainkoak bere Semeagan erakusten deuskun maitasuna, eta horixe da Paulok beretzat eta bere ikasleentzat, Jesukristoren jarraitzaile guztientzat, gura dauana. Honexek pozten dau, eta honen kontra egoteak, edo honen ezjakinean egoteak emoten deutso min: horixe da Pauloren atsekabea.

Zein ederra litzateken etxe bateko sendi-kideak horrela bizi izango balira, ezta? Zein ederra litzateken seme-alabek euren kapritxoak eta beharrizanak-eta bigarren mailan jarriz, gurasoen atsegina bilatuko balebe, gurasoek euren umeen ona bilatu izan daben lez, ezta? Eta gauza bardina esan behar izango geuke gure parrokiaz, gure elizbarrutiaz, gure Herriaz, eta abar.

Argi ta garbi itzi deusku Jesusek ebanjelioan. Ezin geratu geintekez bakotxa bere salbamena lortze lanetan; salbamena ez da-ta lortzen, Jainkoaren erregalu lez hartzen baino. Jesusek aukeratu egiten dauz bere arteko ikasleak, Jerusalenera bidean, eta iragarpen egitera bialtzen dauz. Izan gogoan: bere jarraian joateko, ikasleak bere buruari uko egin eta hartu behar dau egunero kurutzea.

Ba era honetara, norbere buruari uko eginda jarraitzen deutsona aukeratu eta bialduko dau Jesusek. Eta handigura arriskutik ere aldenduazoko dau, ez daitela poztu txarkerien gaineko ahalmena daukala-ta… Beste honexegaitik baino: (adi, senideok!) izena zeruetan idatzia daualako.

Ba daukagu, senideok, pozik egoteko arrazoirik: Jainkoak bere belaunen gainean laztantzen gaitu, ibai-urak lez isurten deusku bere bakea, eta zeruetan dauka gure izena idatzita. Ez gaitezan nekatu honen barri emoten, hau behin eta barriro gogoratzen eta ospatzen eta alkarri gogoratzen.