URTEAN ZEHARREKO IV. DOMEKEA /B
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, Urtean Zeharreko IV. domekako elizkizun honetara. Badakizue Jainkoaren berbea zirikatzailea dana? Batzuk esnatu daizan zirikatzen dauz; beste batzuk, euren egoeratik atarateko; baina inor ez dau lehengotan izten. Hau dala-ta, batzuk harrera on egiten deutsoe, eta eskertu egiten dabe zirikatze hori. Beste batzuk, ostera, madarikatu egiten dabe. Eta Jainkoak bere berba zirikatzailea iragarri daianik behar dau…
Arretaz hartzen dozu Jainkoaren berbea? Gogotsu entzuten dozu? Otoiz-giroan eskertzen dozu? Hartzen dozun poza zabaltzeko gauza izaten zara?
Itaunok gogoan doguzela sartu gaitezan, abesti artean.
Sarrera-abestia
GOAZEN ALKARTURIK biztuta fedea
argitan zabalik maitasun bidea.
1 Entzun dezagun apaltasunez
entzun dezagun Jaunaren hitza
Bere hitzetan gure egia
gure indarra gure bizia.
2 Gurekin dogu maisu ta lagun
gurekin dogu, gurekin, Jauna!
Egin dezagun zuzentasunez
ta maitasunez bere esana!
Damu-otoitza
Hurreratu gaitezan Jainko askatzaileagana, bere errukian gure lotura guztietatik askatu gaizan, eta bere hitzaren entzule arretatsu egin gaizan:
—Jesus Jauna, Jainkoaren berba haragitua, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, Jainkoaren berba askatzailea, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, Jainkoaren berba bizi-emoilea, erruki, Jauna.
Deuteronomio 18, 15-20
Jainkoak bere berbea entzunazo egin gura deutso gizakiari eta beharrezko dau nork iragarri. Halan ere, gizakiak bildur deutso Jainkoari, bere agerpenei eta berbeari…, batez ere berean jarraitu gura dauanak; aldatu gura dauanak pozik entzungo dau eta erantzungo deutso…
Erantzun salmoa
Salmoagaz otoitz eginez, adoretu daigun alkar Jainkoaren berbea entzutera, haren esanetara jartera, haren zaletasunera…
1Ko 7, 332-35
Zer da Jainkoaren gauzetan jardutea? Elizatik ez urtetea ete da? Ala gauza guztietan adi bizi izatea, Jainkoaren aztarnak eta deiak aurkitzea, eta harei erantzuteko prest egotea? Holantxe ulertu daiguzan berbok.
Ebanjelioa
Iragarri beharrekoa da Jainkoaren hitza, askatzailea dalako, bizigarria dalako. Baina badago berba hori entzun gura ez dauanik, besteak bere menpe daukazelako… Egin deiogun guk harrera on, Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Jainkoak bere guganako ardurearen barri emon deusku, eta barri hori zabaltzeko behar gaitula ere esan deusku. Jar gaitezan bere esku, eta eskatu deiogun laguntza:
—Elizearen alde: Jainkoaren berbea iragartea izan daitela bere lehentasuna, gaurko gizakiak egiaren iturria ezagutu daian eta euretan edan, eskatu deiogun Jaunari.
—Barri-emoile diran bitartekarien alde: zintzotasunez emon daien gertakarien barri, guzur-bideak alde batera itzi daiezan, eta dauken eginbeharra egizaletasunez bete daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure arteko familietan Jainkoaren berbea irakurri eta komentatu daiten, familikideen egizaletasuna sendotzeko, eskatu deiogun Jaunari.
—Jainkoaren berbearen iragarleok otoitz giroan hartu daigun gure eliztarrei iragarri behar deutsegun Jainkoaren berba bihotz-altxagarri eta salbatzailea, eskatu deiogun Jaunari.
—Jainkoaren berbearen inguruan otoitzean dihardugunok barru zabalik eta esker onez onartu daigun Barri Ona, eta bizikereaz eta poztasunez egin daigun haren iragarpena, eskatu deiogun Jaunari.
† Argitu gaizuz, Jauna, zure hitzaren bildur garanok, eta gauzatu zure berbearen gozoaz atsegin hartzeko eta haren iragarpenean jarduteko. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako
Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske,
bizi behar honetan ahuldu bait gintezke.
Zure gorputz santua hartu nahi genduke:
zu barik bizitzerik ezingo genduke.
Munduak behar badau eguzki-argia,
mendiko abereak, iturri garbia;
besteok nahi badogu barruko bizia
beharrezkoa jaku zeruko ogia.
Jauna, zure grazia lagun dakigula,
ogi hau jan dagigun behar dan bezela;
Ez ahaztu txarrerako jarriak gaozela:
raren, zuzen ta leial bizi gaitezela.