Jaunaren BATEOA
Urtean zeharreko lehenengo domekea /A
Sarrera oharra
Agerkunde ondorengo domeka honegaz, Jesus Jaunaren BATEOA gogoratuz eta ospatuz, Urtean Zeharreko domekei emoten deutsegu hasierea, senideok. Jainkoak egin deuskun erregalua aintzat hartu dogula adierazteko aukerea izango dogu, Jesusengana hurreratuz, haren berbea entzunez, haren jarrerak geure jarrera bihurtuz eta Jainko Aitaganako haren zintzotasuna geugan gauzatuz. Bateoaz emongo deutso Jesusek hasierea ageriko bere bizitzeari. Orduantxe, pekatariekaz batera Bateatzailearen eskutik bateoa hartzerakoan, zabaltzen jakoz zeruak, eta Jainkoak bere aldeko autormena egiten dau. Ospatu daigun.
Sarrera abestia
Jesus, munduko argia; Jesus zinezko egia; Jesus betiko bizia.
—Gure bihotz barruan biztu zure argia / gaitezen gu munduan / argi Jainkoz betia.
Damu-otoitza
Jainkoaganako zintzotasuna Jesusek beherengo mailatk hasiz adierazten dau, pekatariekaz bat eginda, hareengana, euren loturetatik askatzeko, hurreratuz. Eskertu deiogun bere errukia:
—Jesus Jauna, ezkutuko eta isileko bizitza aintzat hartu zenduana: erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, gizaki pekatariaren zuztarretara jaisten zarana: Krsito, erruki.
—Jesus Jauna, gizakioi zeruak zabaltzen deuskuzuzana, erruki, Jauna.
Aintzarako
Goraldu daigun Jainkoa AINTZA abestuz: † Aintza, zeruetan, Jaungoikoari.
—Aintza zuri, Jauna ta eskerrak zuri.
Lehenengo irakurgaiari
Isaias Profeteak Jainkoaren morroiaren izaerea eta nortasuna agertzen deuskuz: Jainkoaren aukeratua da, eta eginkizun zehatza dauka. Guk Jesusengan aurkituko dogu bete-betean hemen esaten dana. Eta gutariko bakotxarentzat ere badala autortuko dogu.
Erantzun salmoa
Bigarren irakurgaiari
Konformatu behar ete dogu on egiteaz, inori kalterik ez egiteaz, ala on egite hori gure bizitza Jainkoari eskertzeko izan daiteke? Zergaitik iragarri eban Jesusek Barri Ona? Izan geintekez bere entzule eta iragarle? Hori on izatea baino gehiago litzateke… ikasle izatea.
Ebanjelioari
Ezkutuko Jesusek pekatariekaz bat egitera urteten dau, hareekaz batera damu-bateoa hartzera, eta harrigarriak gertatuko dira. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz zutunik.
ESKARIAK
† Jaunaren bateoan Jainkoak aukeratuak garala aurkitu dogu, eta eginkizun eder bat emoten deuskula: Osakuntza eta Deabruak uxatzea. Jo daigun otoitzera hori gogoan:
—Elizearen alde: Bere iragarpena proposamena izan daiten eta ez goitik-beherako ezarketea, eta, behartsuekaz bat eginda, danentzakoa dan Jainkoaren guraria bete daian, egin daigun otoitz.
—Nortasun bila edo euren burua ezagutu nahian dabizenen alde: Jesusek aurkitu eban Bateatzailearen antzeko dei-egileak aurkitu daiezan eta heldu daitezan nora-ezean dabizenentzako eredu eta maisu izatera, egin daigun otoitz.
—Euren burua salbatu nahian dabizen hainbeste eta hainbeste sinistun kristauren alde: izan daien uste on Jainkoagan, somatu daien Espirituaren igurtzia, eta Jainko esperientzia sakon baten barri izan daien, egin daigun otoitz.
—Gaixo, espetxeratu eta erbesteratu, bazterreratu edo desbideratuak izanik bizi diranen alde: benetako su-gar bihurtu daitezan amatatu hainean dagozan bateatu askoren bihotzetan, egin daigun otoitz.
—Eukaristiaren mahaia inguratzen dogunok Jesus Jaunagan hartu daigun eredu, geure eremuetatik urten eta ingurukoen bihotzak osatu eta diru-zalekeriak ezarri deuskuzan deabruak uxatu daiguzan, egin daigun otoitz.
† Eginkizun eder bat emoteraino gugan uste ona dozun Jainko Jauna: emoiguzu hori sinistea eta gure egunerokoan gauzatzea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
Amaieran
Ikusi dogu, hasi barri dogun urte barri honetan, Jesusek emoten dauan urratsa: ezkututik urten, beherengo mailara jatsi eta Jainkoak deutson eginkizunari lotu Aitari leial izateko. Berak zabaldu deuskuz zeruak; berak emon deusku Aitagaz konfiantzaz hitz egiteko aukerea. Bere eskutik ahalegindu gaitezan geu ere Jainkoaren eginkizuna geuretuz hari leial izaten. Jesus izango dogu gidari eta maisu. Ez gaitezan bildurtu; jo daigun beragana.