uz20b

Urtean zeharreko, XX. asteko domekea

Sarrera-oharra

Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko XX. domekako liturgia honetara. Zure egoerea argitzen lagunduko deutsu. Eztabaidara ere eroan zeinkez, behar bada, edo Jesusen berbak aintzat hartzera: ha zeure bizitzako aukeraketea dozula-ta, haren berbaz argitu eta haren ogiaz, haragiaz, janaritu gura badozu. Gaurko liturgiak hauxe gura izango leuke gutariko bakotxarentzako: Jesus gure bizitzako aukeraketa bihurtzea. Baina erantzuna geuk, gutariko bakotxak, emon behar dogu. Jar gaitezan Jainkoaren eskuetan.

Sarrera-abestia

Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske,

bizi behar honetan ahuldu bait gintezke.

Zure gorputz santua hartu nahi genduke:

zu barik bizitzerik ezingo genduke.

Damu otoitza

Jesus Jaunaren aurrean salatu daigun gure erosokeria (komodidadea) eta badakigunari lotuegiak egotearren bere deiari entzun gor egitea.

—Jesus Jauna, zure hitzaz gure ilunpeak argitu egin gura dozuz, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, zure haragiaz gure ahulezia ezabatu eta indartsu egin gura gaituzu, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, gure ingurukoentzat eredu eta janari egin gura gaituzu, erruki, Jauna.

Lehenengo irakurgaiari (Es 9, 1-6)

Jakituriaren eta Lelokeriaren eztabaidako hitzaldietako zati bat entzungo dogu; oraingoan, Jakituriaren deia, inbitazinoa. Beraganatuko ete gaitu, ala geure ezjakinean gura dogula jarraitu erantzungo deutsogu?

Erantzun salmoa (sal 33)

Bigarren irakurgaiari (Ef 5, 15-20)

Aurrez-aur daukaguz ardao-mozkorra eta Espirituaren mozkorra. Paulok azken mozkor honetaraxe bultzatu gura gaitu.

Ebanjelioari (Jn 6, 51-58)

Ezjakinak eta itsukeriak eztabaidara eroaten dabe. Jakituria eta argibidea gura dogunok egin deiogun harrera on ebanjelioari, Aleluia abestuz zutunik.

ESKARIAK

† Jainkoaren jakituri-egarriaz jo daigun eskale berak argitu eta indartu gaizan bere Semearen jarraikuntzan:

—Elizearen alde: Ebanjelioan edan daian eta bere seme-alaba guztiengan ebanjelio-uretan edateko gogoa biztu eta indartu daian, eskatu deiogun Jaunari.

—Jainkozale, eliztar eta sinistun dirala uste dabenen alde: Jesusen berbak entzuteko eta aintzat hartzeko gauza izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Guraso eta hezitzaileen alde: euren ardurapekoak zintzotasunean eta besteen zerbitzurako hezi daiezan euren bizitza ereduaz, eskatu deiogun Jaunari.

—Burrukan diharduen herrialdeen alde, arerioaren heriotzea bilatzen dabenen alde: entzuten eta parkatzen ahalegindu daitezan gizarte gizakoiagoa eta zuzenbidezkoagoa eraiki ahal izan daigun, eskatu deiogun Jaunari.

—Sinismena ospatzeko alkartzen garanok aintzat hartu daiguzan Jesus Jaunaren berbak, eta taldean alkarrizketatzea bilatu daigun haren jarraitzaile izateko, eskatu deiogun Jaunari.

† Zure seme-alabok ez gaituzu gura Jauna ezjakinean eta eztabaidetan. Elikatu gaizuz, ba, zeure Semearen hitzaz eta haragiaz haren autorle izan gaitezan. Jesukristo gure Jaun berberaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzerako

1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.

Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:

R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.

2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.

Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.

R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!

3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean

ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.

R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.

EMOIGUZU, JAUNA, ogia jateko

bizitza-indarra zuri jarraitzeko. (bis)

1 Jesus zeu zaitugu bideko janari

gure bizitza osoan arnas eta argi.

2 Emoiguzu, Jauna, bizitza indarra

lagunak maitatzeko bihotzeko garra.

3 Zu jatean emon poztasun gogoa

hobeak izateko gurari sendoa.