URTEAN ZEHARREKO XXIX. DOMEKEA /B
Sarrera-oharra
Jesusen jarraitzaile izan gura dogunok gure handikeria grinen barri izango dogu urtean zeharreko XXIX. domeka honetako liturgiaren eskutik. Ondo etorri.
Zintzoaren sufrimenduak askoren salbagarri dirala esateak ez dakar sufrimendua beste barik onartu beharra; hori txarto ulertzea litzateke; besteen alde urteteak, behin baino sarriagotan, jasapena dakarrela baino; eta jasapen hori eroaten jakiteak berarenpean dagoanaren salbamena dakarrela baino. Zein jasapen dala Jainkoaren gogoko esan geike? Ezein ere ez! Baina bai atsegin dauala besteen jasapena norberetzen dauana. Ikasi daigun gaurkoan. DOMUND eguna ospatzean, Jainkoaren errukiaren barri emoile izan gura dogu.
Sarrera-abestia
Aita baten semeok
sinismen bakar bat dogunok,
anai artean batu garanok,
kantuz gatoz,
kantuz zugana, Jauna.
Seme gara, bai, baina
seme izaten ba ete dakigu?
Anai gara, bai, baina
anai izaten ba ete dakigu?
Seme izatera, anai izatera, Jauna,
heldu nahi dogu.
Damu-otoitza
Sufrimenduaren aurka burrukatu eban Jesusek, eta lotura guztietatik askatu gura gaitu. Bere errukian hartu daigun babes:
—Jesus Jauna, gure erruak zeure sorbaldara jaso zenduzana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, sufritzen dauanaren ondoan zagozana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, ezein sufrimendu onartzen ez dozuna, erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari
Ez daigun ondorio azalekoegirik atara irakurgai honetatik. Sufritzen dauanagaz bat egiten dogunean arintzen dogu haren zamea. Horixe egiten dau Jainkoaren otseinak.
Erantzun salmoa
R/. Betor gugana, Jauna, zure maitasuna, Zeugan dogu-eta geure uste ona.
Bigarren irakurgaiari
Hebertarrei egindako gutunak hain gogoko dauan Jesukristoren abadetzan, honen buru eskeintza hartu behar dogu gogotan. Hauxe da abade izatea: bere burua besteen alde eskeintzea.
Ebanjelioari
Hona kontraesana: Jesusek bere buruaren eskeintzaz diharduala, ikaslerik hurrekoenek erreinuko lehen postuak eskuratu guran. Egin deiogun harrera on Jesusen irakatsiari Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Gure mugen eta makaltasunen, gure izakerearen, ondorio ulertzen doguz gure erratuak, txarkeriak, jasapenak… Guztiak kontuan hartuz joten dogu erreguka Jainkoagana, laguntza eske:
—Sufritzen dabe euren etxea, lurraldea, etxekoak edo ondasunak itzita ihes urten behar izan dabenek. Ateak zabaldu dakiezan eta behar daben laguntza emon dakien, eskatu deiogun Jaunari.
—Sufritzen dabe lanik barik, diru-sarrera barik, ardurei aurre egin ezinik dagozanek: etsipenean jausi ez daitezan, eta gizarte solidarioago baten aldarri bihurtu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Elizearen alde: bere dotrinaz eta erabagiez emakumearen, familien eta ezkontzea apurtu dabenen zigor bihurtu ez daiten, honeen jasapenaren aringarri baino, eskatu deiogun Jaunari.
—Misiolarien alde, bazterretan Jainkoaren Barri Onaren iragarteari ekiten deutsoenen alde: jainko-egarri diranen bihotzak ikutu daiezan euren artean Barri Onaren pozean bizi izanez, eskatu deiogun Jaunari.
—Jesusen ikasle eta jarraitzaile izateko gertu egonik ebanjelioa eskuetan hartzen ez dogunok hutsune hau bete ahal izan daigun, eta senideen jasapena arintzen ahalegindu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
† Osotasunezko bizitzarako sortu gaituzun Jainko kreatzailea: egin gaizuz sufritzen dagozanen hurreko, bizitza horren autorle izan gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako
Zabal bihotzok errukirako,
sendo bihotzok borrokarako.
—Gizon-emakume barri, kondairaren eragile
gizatasun barriaren oinarri eta egile.
Gizon-emakume barri arriskuen onartzaile,
fede-bizitzan ausarta, zailtasunetan garaile.
—Gizon-emakume barri, esperantzaren gudari,
zuzenaren gose-egarri, egi bidean bidari.
Gizon-emakume barri, ez kate ta ez lokarri,
askatasunaren jabe eta askatasun-azkarri.
—Gizon-emakume barri, mugaz-gaindiko maitale,
alkar artean oretuz arraza eta lurralde.
Gizon-emakume barri, pobreen artean pobre,
hauekin alkarbanatuz etxeko ogi ta aterpe.