Sarrera-oharra
Egunon, senideok, eta ZORIONAK, Jaunaren Espirituak dagialako zuengan. Hauxe ospatuko dogu gaurko elizkizunean. Jesus Jaunak ez deusku ihes egin bere eginkizuna geure esku itzita; eginkizun hori bete ahal izan daigun bere Espiritua isuri deusku. Eskertu deiogun, ba, gugan dauan uste ona eta emon deuskun Espiritua, elizkizun honen eskutik gure ingurura, batez ere Elizara, begiratuz, eta bertan gure dohaiak jokoan jarteko asmoz.
Agurra
Gugan uste ona izanik / bere eginkizuna geure esku itzi
eta bere Espirituaz bultzatzen gaituan Jauna / izan bedi zuekin.
Ihinztatzea
Gogoratu daigun gure Bateoa: bertan izan ginan pekatutik askatuak, bizi barrira aldatuak, Kristo Jainko biziagan txertatuak, haren biziak gugan iraun eian. Jainkoaren seme-alaben poztasunez abestu daigun:
Bateoko uretan, Jauna, gaituzu
pekaturako hil ta zeuretzat biztu.
—Bateoagaitik, / eskerrik asko,
seme-alaba egin / gaituzulako.
—Bateoan ginan / hil Jesusegaz
geroztik gaitezan / bizi beragaz.
Aintzarako
† Senideok: berbiztuaren poza emoten deuskun Jainkoari esker onez emon deiogun aintza, gogotsu abestuz...
Lehenengo irakurgaiari (Eg 2, 1-11)
Ugaria da Espiritua eta dana ugaltzen dau, baita gure arteko ezbardintasunak ere; baina alkarren aberasgarri zain gaitezan eta Jainkoaren handitasunari aintza emoteko.
Erantzun salmoa
R/. Bialdu egizu, Jauna, zeure arnasea, eta barrituazo lur-azala.
Bigarren irakurgaiari (1Ko 12,3b-7.12-13)
San Paulo gure ugaltasunean sakonduko dau, eta, gorputz-atalak irudi hartuz, alkarren zerbitzura deituko gaitu, eta batasunera.
Ebanjelioari (Jn 20, 19-23)
Berbiztuak bere ikasleen beharrizanei erantzuten deutse: barru-bakea eta Espiritua bera damotse bere autorle izateko. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Aniztasuna aldarrikatu bai, baina alkar errespetatzen ez dakigun gizarte honetan batasun eta maitasun Espiritua dogu beharrezko. Agertu gaitezan eskale, eta egin deiogun dei Espirituari: «ZATOZ, ESPIRITU SANTUA» abestuz:
—Gure Elizan pobreen aldeko apostu argia egin daiten, zuzengabekeria salatu daiten, eta emakumea bere duintasunera heldu daiten...
—Gure familietan senar-emazteen arteko maitasunean haziak izan daitezan seme-alabak, eta bakotxak bere nortasunetik aberastu daian bizikidetza...
—Gure gizartean jakintsu, ahaltsu eta aberatsek gogotan hartu daiezan gitxituak, baztertuak, ahaztuak eta lekurik aurkitzen ez dabenak...
—Sinistun eta eliztar garanok Espirituaren haizetara jarri daiguzan gure dohaiak alkarren zerbitzuan, gure Elizea danontzako egonleku eta alkar maitasunaren ezaugarri bihurtzeko...
† Zure Semearen Espiritutik biziazoten gaituzun guztion Aita/Ama Jainkoa: emoiguzu alkar errespetatzea, maitatzea eta Espirituaren bolaratan mundu zuzenagoa egitea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
2 Behartsuen Aita zaitugu,
lanpean atsedena,
nahigabean gure barruko
poza sortutzen dauena (bir).
3 Zentzuari argi emonez
eta bihotzari su,
Jaun onaren irudi bizi
danok bihurtu gaitzazu (bir).
4 Aienatu gure etsaiak
ta arimako kalteak.
gugan beti iraun daiala
zuk emondako bakeak (bir).
5 Aita eta Semearekin
hirutan bat zarana:
orain hemen zaindu gagizuz,
gero eroan zugana (bir).