URTEAN ZEHARREKO 16. DOMEKEA /C
Sarrera oharra
Senideok: egin dau Jesusek Jerusalenera igotean lagunduko deutson taldea. Sartu ete gara euren artean? Hartu ete dau lehentasuna gure bizikeran Jainkoaren erregetzaldia iragarteak?
Gaurko liturgian urrats bat gehiago emongo dogu; Jainkoaren erregetzaldiaz zerikusi handia dauken jarrera bi aurkeztuko jakuz: harrera on egitea eta ikasle, entzule, jarrerea. Ospatu daigun hau esker onez. Abestu daigun.
Sarrera abestia
Aita baten semeok
sinismen bakar bat dogunok
anai artean batu garanok
kantuz gatoz, kantuz zugana, Jauna.
—Seme gara, bai, baina seme izaten ba ete dakigu?
Anai gara, bai, baina anai izaten ba ete dakigu?
Seme izatera, anai izatera, Jauna, heldu nahi dogu.
Argiaren seme eta egunaren oinordeko
abia gaitezen danok Jaunarengana goizean,
uxatu ditu goiz albak gure baitako ilunak,
eta pozaldi betea sortu digu bihotzean.
Abadearen agurra
Alkarrentzako senide egin gaituan
eta gure etxe ondotik egunero igaroten dan
edozein etorkinengan agertzen jakun Jauna
izan bedi zuekin. # Eta zure espirituarekin.
Damu otoitza
† Bere Semearen mahaikide egiten gaituan Jainkoari damutasunez hurreratu gakiozan:
—Jesus Jauna: zure HITZEAN gure argibide zaituguna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, zure HITZEAN gure janari aparta zaituguna, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, zure HITZA ondasun eder lez emoten deuskuzuna, erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari oharra (Gn 18, 1-10a)
Zelango atsegin handiz onartuko dauzan Abrahamek bere etxaldean handik bidez joiazan ezezagun hareik. Egingo deutsen harrereak bere saria izango dau. Gu, ostera, erosotasun zaleegiak ez ete gara?
Erantzun salmoa (14)
Sal 14, 2-3. 4-5ab
R/. Jauna, nor dagoke zure txabolan?
Bigarren irakurgaiari oharra (Ko 1, 24-28)
Ba ete dago lorpenik ezelango neke edo atsekabe barik? Danak dauka bere kostua. Baina, begira Paulok zenbat maite dauan Kristo, eta zenbat lan egiten dauan Elizearen onerako kosta ahalak kosta. Ikasiko ete dogu?
Ebanjelioari oharra (Lk 10, 38-42)
Edozein atxakia izaten dogu ona mezatara, edo otoitzera, edo elizkizunetara ez hurreratzeko: lobak zaindu behar doguzela, "inbitauak" daukaguzela… Hartzen ete dogu aintzat Jesusen berbea? Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Jainkoak gure atsegina nahi dau, eta horretarako alkarregaz harrera oneko izatera bultzatzen gaitu. Baina zein gatx egiten jakun! Zuzendu deioguzan gure eskariak:
—Sukaldera edo beste edozein bazterretara baztertuta dagozan emakumeen alde: euren duintasuna lortzen lagundu deiegun, bai gure etxeetan, gure gizartean eta baita eliz alkarteetan ere…
—Gure inguruan dabizen etorkinen alde: besterik ez bada, gure irribarrea eta agurra jaso daien, eta eurekaz leunak eta uste onekoak izan gaitezan…
—Herriaren zerbitzura dagozala dinoen politikarien alde: euren politikagintzan benetan izan daien lehentasuna gure gizartean baztertuta dagozenek…
—Baztertuen, zaharren, ezinduen, erbesteratuen eta espetxeratuen artean lanean diharduenek gure oniritzia eta laguntza izan daien…
—Eliza amaren alde: Paulok maite izan eban lez maitatu daigun, eta bere akatsetatik urteten lagundu deiogun, sufritu behar dogunari jaramonik egin barik…
† Jainko Jauna: guretzat barri onak baino ez daukazuzana: egizu harrera on egiten jardun daigula eta behartsuen zerbitzuan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako
1. Ogi hau jaten dauanak
izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da
Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta
hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu:
bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen
osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson
Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu
ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik
gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun
Jesusen izenean.
Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske:
bizi behar honetan ahuldu baikintezke.
Zure gorputz santua hartu nahi genduke.
Zu gabe bizitzerik ezingo genduke.
Munduak behar badau eguzki-argia,
mendiko abereak iturri garbia,
orobat (gu danok) nahi badogu barruko bizia,
beharrezkoa jaku zeruko ogia.
Jauna, zure grazia lagun dakigula
ogi hau jan dagigun behar dan bezela.
Ez ahaztu txarrerako jarriak gauzela,
arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.
OHARRAK
URTEAN ZEHARREKO 16. DOMEKEA /C
HITZALDIA
«Ondo etorri, senideok!» Hauxe izaten da gure agurra. Zelango berbak, ezta? Ondo etorria opa dogu eta senidetzat hartzen dogu elkar… Baina nori?, baina nor? Esaldi hutsa eta esangura bakoa izatera ez ete da heldu esaldi gozo hau? Formula hutsa baino ez ete da?
Hartuko bagendu Abrahamek (gogoratu lehenengo irakurgaia) hiru ezezagun harei egin eutsen harrerea, eta haren ondoan jarriko bagendu gure esalditxoa, zer esango geuke? Abrahamek arren eskatzen deutse bere ondoan geratzeko, eta bere etxekotik jateko, atseden hartuz; eta emaztea lehenengo, eta morroiak gero, lanean jarriko dauz, bera buru dala.
Guk ondo etorria egin arren, agurtu dogun horrek lanik emongo baleusku, laster itziko geuke bertan behera eta egingo geuke ihes. Larregi maite dogu geure ondo izatea, erosotasuna, ardurarik ez hartzea…
Ba, begira, senideok: ondo etorria hartzen dauanak bere errekadua dakar: "Datorren urtean hemendik barriro igaroko gara, eta ordurako seme bat izango dau Sara zure emazteak." Eta horretarako ere balio egin behar da. Gauza bat da harrera on egitea, eta beste bat zugana datorrenagandik hartzeko ere prest egotea. Abrahamek argi dauka Jaunari berari egiten deutsola harrerea ezezagun hareengan.
Ebanjelioak, Lazaroren arreba biek Jesusi egiten deutsoen harrerea dakarsku gogora. Etxean hartzen dogunak zelango arazoak emon leikezan ere bai. Eta hortxe jarri deuskuz ahizta bien irudiak: Marta etxeko lanetan, arazoetan, etxeratuari ondo esan guran, ezer falta ez dakion, guztiz lanpetuta…, eta haserre baten: «Jauna, ez deutsu ardura…?» Maria entzule: etxeratuak ekarri leiken edozer onartzeko gertu; ez dago haren ahoko hitz bat ere galtzeko.
Honen aurrean zera pentsatu geike, senideok: zeri emoten deutsogu garrantzia? Besteagaitik egin geikeanari, ala besteari berari, pertsona lez? Zein gatx egiten jakun azkeneko hau, ezta?
Holango hartu-emonetan ere geuk agindu gura izaten dogu; bestearena entzun aurretik, geurea emon nahi dogu, eta eskertu deigula, eta, nekatzen hasten garenean, joan daitela, guk ere eginbeharrak daukaguz-eta.
Senideok: guztiz eratuta dagoan gizartean bizi gara: zaharrentzat egoitzak egin doguz; gaixoentzat erietxeak; umeentzat haurtzaindegiak, besteentzat eskolak eta Unibertsitatea…, eta bakotxa bere lekuan ikusi nahi dogu. Eta gure etxea lau bueltako giltzaz zarratzen dan ate blindatuaz zaintzen dogu. Zer esan gura dau horrek? Zelan bizi garan esan gura dau: besteen bildurrean bizi garala. Herritarrak ez doguz ezagutzen; hainbatetan etxe-barrukoak edo teilapekoak, ere ez. Ezelango babesik ez daukagu auzokideengandik, bakotxa berean bizi izan gura dogu-ta, eta inor ez daitela beste inorenean sartu…
Giro horretan zelan ausartuko gara ezezagun bati etxean egiten harrerea? Auzokoengan ez dogu usterik, eta fidatuko gara erbeste edo kanpotikoekaz: bai zera! Badagoz horretarako ondo eratuta daukaguzan gizarte-zerbitzuak! Ez dogu hartu nahi ezeren ardurarik, senideok! Eta zenbat galtzen dogun, zenbat odol txar egiten dogun, eta zenbat (arrazoi bako) atsekabe jasan behar izaten dogun…
Ez ete geuke kontuan hartuko bigarren irakurgaian Paulok esandakoa?: «Poza dot orain, zuen onerako eroaten dodazan nahigabeekaitik; holan beteten dodaz neure haragian Kristoren nekeak, haren gorputza dan Elizearen alde.»
Txalogarria, senideok, Paulok emoten deuskun eredua: maite dau Kristo, maite dau Elizea, eta bere atsekabeak ontzat emoten dauz, ezer gitxi lortu daitekelako egoenean, erosokerian, sofan etzunda, bildurrez ateak itxita eta inorengana hurreratu barik bizi izanda.
Ondo eratuta daukagu Gizartea. Bakotxarentzat bere lekua eta zerbitzu berezia egin dogu… Baina ez ete dogu bakotxak bere ardurea eta bat-batekotasuna (espontaneitatea) galdu? Berez irabazgarri balira lez ez doguz onartu behar jasapena eta atsekabea. Baina ez eta ez deutsegu muzin egin behar, eroso bizi izan gura dogulako, inoren ardurarik ez hartzeraino. Hortxe daukaguz seme-alabak eta lobak eta auzokoak…, gu euren eredu izatearen zain, horrela ez badogu uste ere. Eta hortxe daukaguz ate-joka dagozan hainbat eta hainbat etorkin ere.
Pentsatzekoa litzateke, atea zelan zabaldu eta zelan geure etxekotu, horrek gure bizitzan eskatzen deuskuzan aldakuntzak eginez. Izan gaitezan, ba, harrera on egitekoak, arazotsua bada ere, eta ondo etorri esatea benetakoa eta barru-barrukoa izan daitela. Hau da: berak dakarskunari ere ateak zabalduz.