URTEAN ZEHARREKO 6. DOMEKEA /C
(elebitaz)
Sarrera oharra
Senideok: aurreko domekan egin jakun aginduan urrats bat gehiago eginazo gura deusku domeka honetako Liturgiak: "itsaso barrura sartzeko" Jainkoagan jarri behar dogu uste ona; gure zihurkeriak albo batera jaurti behar doguz; gure epelkeriak eta konpondu-gurak ezetsi, eta begiak zabaldu gure zuzengabekeriak zigortzen dauzan hareengana.
Izan dakigula deigarri eta adore-emoile gaurko Liturgia, eta lagundu deigula sinismen argitasunaz begiratzen gure ingurura.
Sarrera abestia
GOAZEN ALKARTURIK biztuta fedea
argitan zabalik maitasun bidea.
1 Entzun dezagun apaltasunez
entzun dezagun Jaunaren hitza
Bere hitzetan gure egia
gure indarra gure bizia.
2 Gurekin dogu maisu ta lagun
gurekin dogu, gurekin, Jauna!
Egin dezagun zuzentasunez
ta maitasunez bere esana!
Damu-otoitza
Gure bihotz gogorrean eta itsukerian ez dogu txarkeriarik ikusten gure bizikerearen ondorio lez. Egin deiogun dei Jainkoaren errukiari:
—Jesus Jauna, uste osoa Jainkoagan zenduana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, zuzengabekeria salatzen zenduana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, mundu honek ulertzen ez dauzan zoriontasunak iragarri deuskuzuzana, erruki, Jauna.
1. irakurgaiari (Si 15, 16-21)
Ez dogu pekaturik aurkitzen gure bizikeran, txarkeria handiegirik ikusten ez dogulako. Baina ustea geure buruagan jartea dala pekatua jakinazoko baleuskue? Entzun!
ERANTZUN SALMOA Sal 1, 1-2. 3. 4 eta 6
2. Irakurgaiari
Berak iragarritakotik kanpo ikusten dauz Paulok bere taldekideak. Eta hareen sinismenaren oinarria gogoratu beharrean aurkitzen da. Eta gurearena ez?
Ebanjelioari
Ez da erreza Jesusen iragarpena onartzea. Zelan-halango konponketak egin gura izaten doguz. Hobe berari entzutea. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
Herri otoitza
† Gure gizatasunean aurrera pausuak emoteko, uste on osoa Jainkoagan jartea baina beste biderik ez dagoala jakiteak bultzaturik, jarri daiguzan gure eskariak Jainkoaren aurrean:
—Elizearen alde: bere ziurkeriak albo batera jaurti daizan, eta Ebanjelioari benetan oratu deion, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita/Ama zaitugu-ta).
—Zerua lortzearren ahalegintzen garanok geure gizatasuna lantzera pasatu gaitezan, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita/Ama zaitugu-ta).
—Pobreei gure laguntzea luzatzea barik gure zuzengabekeriak salatzea bilatu daigun, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita/Ama zaitugu-ta).
—Gure familietan eta eliz alkarteetan ohiturak eta Legea baino gehiago Ebanjelioa landu daiten, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita/Ama zaitugu-ta).
…
† Zeugan jarten dogu gure uste on osoa, Jauna; ez gaizuz geure txikikeria eta konponkerietan itzi. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
Zabal, otoi, Jauna, nere begiak,
ikus ditzaten zure bihotzaren miragarriak.
Bide-bazterrean bait nago itsu,
senda nazazu: Zu, nere Jauna, Zu ikus zaitzadan.
Zabal, otoi, Jauna, nere eskuak:
beude zabalik, ta piztu bitzate bihotz ahulduak.
Gaitz guztien gaindi, noan zurekin;
har ni eskutik, gurutzera ere joan ahal nadin.
Zabal, otoi, Jauna, nere bihotza,
entzun dezadan, behartsuen deian, Kristoren boza.
Askorentzat, Jauna, zu hila zaude;
egon nerekin; inoiz gal ez nadin pitz nigan fede.
OTOITZA
Zelan ulertu, Jesus,
zuk aurkezten deuskuzun zoriontasun-bidea?
Gu oraingoxe bizi gara, eta ez gerorako;
eta badirudi zuk "geroan" jarten dozula zoriona.
Ondo ulertu ete dogu?
Holan bada, ezin dogu gaur eta hemen zoriontsu izan?
Mundu honek ez gaitu zoriontsu ikusi behar?
Baina zu zoriontsua zinan
eta zoriontasuna isurten zenduan ingurura,
eta zoriontsu egiten zenduzan
zugana hurreratzen ziran baztertu guztiak!
Ez dogu ondo ulertu zure zoriontasun bidea!
Behar bada, ez da ulertzekoa, bizi izatekoa baino.
Zeugan uste osoa jarriz bizi izan gaitezala, Jesus.