uz24b

URTEAN ZEHARREKO XXIV. DOMEKEA /B

Sarrera-agurra

Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 24. domekako liturgia honen ospakuntzara. Esker onez onartu daigun, eta eskuzabalez erantzuteko grazia eskatu daigun.

Jainkoaren erregetzearen barri emon ondoren, eta haren eraikuntzan jardun ondoren, Jesusek Jerusalemerako igokerea hasiko dau; eta lagun bila dabil: ez dauz gura badaezpadakoak edo duda-mudakoak, zintzoak eta ustea beragan dabenak baino. Ea gure artetik ere sortu daitekezan holangoak, batzuk baino ez bada ere. Goazen!

Abestia

ZU GABE, JESUS, NORA joango gara gu?

Zuk betiko bizitzako hitzak, Jauna, dituzu.

1 Zu gure maisu zaitugu, zu gure gidari

zure hitza guretzat indar eta argi.

2 Maitasunezkoa dogu, Jauna, zure hitza

Zu zaitugu egia, bidea, bizia!

Damu-otoitza

Ez ete gara aldietara egokituegiak bizi? Ez ete gara bildur gure ziurtasunak eta egoera lasaia galtzearena? damutasunez sartu gaitezan Jainkoaren errukian:

—Jesus Jauna, zure helburua Jainkoaren nahia egitea zan, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, Jainkoaren erregetzaldia gauzatu zendun, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, gure artean jarraitzaileak bilatzen dozuz, erruki, Jauna.

I. irakurgaiari

Jainkoari adi egoteak eragozpenak ekarri daikez, ingurukoen haserrea biztu daike. Baina uste ona Jainkoagan jarriz, eroangarria egin daiteke haserre hori, eta pozean eta zorionean bizi izan daiteke. Entzun!

Erantzun salmoa

Sal 114, 1-2. 3-4. 5-6. 8-9

R/. Jaunaren aurrean ibiliko naz bizien lurraldean.

II. irakurgaiari

Sinismenean bizi izateko erak egon daitekez. Santiagok berea aurkezten deusku. Zelan bihozbarritzen dan Jesusen inguruan dabilana!

Ebanjelioari

Jesusek bere jokabideaz gauzatu dauan apurketea ez dabe ez onartu ez ulertu gura bere jarraitzaile batzuk, eta haren haserreaz egingo dabe topo. Egin deiogun harrera on ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Jesusen jarraitzaile izan gura dogunok, berak bultzaturik joten dogu erregu-otoitzera gure makaltasunak eta inguruko arazoak gogoan doguzala:

—Elizearen alde: bere aginpideaz eta elizkideen kopuruaz baino gehiago arduratu daiten bere seme-alaben arazoez, makaltasunetaz eta hezkuntzaz, Jesus Jaunaren jarraitzaile bihurtu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Euren herrialdeetatik iheska, bihozbakoen esku jausten, edo Mediterraneoko uretan itoten, edo beste gogorkeria eta zuzengabekeria asko jasan behar dabenen alde: behar daben laguntza eta errukia aurkitu daiezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Beste herrialde batzuk menperatu, esplotatu eta ustiatu doguzan lurraldeok eske jatorkuzan iheslariei ateak zabaldu deieguzan eta eskua luzatu, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure eliz alkarteak ebanjelioaren argipean bizkortu daitezan eta haren inguruan alkartzeko gauza izan daitezan Jesusen taldeak eratuz, eskatu deiogun Jaunari.

—Jainkoaren hitzaren eta otoitzaren inguruan Jesusen jarraitzaile garala autortzen dogunok gure ziurtasunak eta ohiturak bazterreratu eta bihozbarritze ibilbidean sartu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.

† Deika zaukaguzan Jainko Jauna: hartu daizula gugandik erantzun ausarta eta esker onekoa, zeure Espirituak gugan eragindakoa. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzean

* Zabal, otoi, Jauna, nire begiak,

ikus daiezan zure bihotzaren miragarriak.

Bide-bazterrean nago-ta itsu,

Zu, nire Jauna, Zu ikus zaidazan osatu naizu.

Zabal, otoi, Jauna, nire eskuak:

beude zabalik, ta biztu begiez bihotz ahulduak.

Gatx guztien gaindi, noan zurekin;

hartu eskutik, kurutzera ere joan ahal nadin.

Zabal, otoi, Jauna, nire bihotza,

entzun dagidan, behartsuen deian, Kristoren boza.

Askorentzat hilda zagoz zu, Jauna:

egon nirekin; inoiz galdu ez nadin biztu fedea.