Urtean zeharreko XXXIII. asteko domekea /B
Sarrera oharra
Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko azken aurreko domeka honetako liturgia ospatzera. Gaur, Behartsuen aldeko Munduko Eguna ospatzen dogu. Aita Santuak dei egiten deusku ebanjelizazino barrirako une berezi lez bizi daigun. Behartsuek ebanjelizatu egiten gaitue, egunez egun Barri Onaren edertasunaz jabetzen lagunduz. Ez daigun alperrik galdu graziazko aukera hau. Eurakaz zorretan gagozala sentitu daigula. Ebanjelioaren argipean eta otoitz giroan ospatu daigun guzti hori.
Sarrera-kantua
—Zein gozo ta eder dan anaiok alkartu.
DAMU-OTOITZA
† Ondo bizi izan gureaz eragiten dogun txarkeria ezabatzeko Jesus Jaunagan jarri gura dogu uste ona. Hartu gaizala bere errukian:
—Jesus Jauna, pobre bizi izanez pobreekaz bat egin zenduna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, handia izanik txiki egin eta libre bizi izan zinana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, zure bizikereaz itxaropena biztu dozu gugan, erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari sarrerea Dn 12, 1-3
Azpian eta zapalduta dagoanak badau egoera horretatik urtengo dauan itxaropena, eta badaki adore berbak entzuten… Behar doguz geuk ere holango berbak. Entzun daiguzan arretaz.
Erantzun salmoa
R/. Zaindu nagizu, Jauna, babes bila nator-eta Zugana.
Bigarren Irakurgaiari sarrerea Hb 10, 11-14…
Opari eta eskintzarietan baino Jesus Jaunagan ez ete dogu gure uste ona izan behar? Izan daigun uste on: Jesukristogan gauzatua dogu salbamena. Bizi izan gaitezan esker onez.
Ebanjelioari sarrerea Mk 13, 24-32
Irudi ikaragarriak azalduko jakuz, baina handikiek ez dabela beti irauten esateko. Egin deiegun harrera on itxaropenezko berboi Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Emon deioguzan Jainkoari eta gure Elizbarrutiari eskerrak sinistun egin gaituelako, eta aurkeztu deioguzan Elizearen eta gu guztion beharrizanak Jainko errukitsuari:
—Erbestealdia, erasoa, morrontza, gerrak edo gabeziak sufritzen dabezanen alde: gure alkarteetako ateak zabalik aurkitu daiezan eta gu guztion alkartasuna jaso daien, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita-ama zaitugu-ta).
—Gure bizikereak pobretzen dauzanen alde: gure gehiegiaren zati bat ere hartu daien, eta hareen egoereak neurritasunez bizi izatera eroan gaizan, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita-ama zaitugu-ta).
—Arazo artean bizi diran familien alde: ebanjelioa eskuan, alkarri parkatzeko eta alkarrenganako maitasuna indartzeko gauza izan daitezan, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita-ama zaitugu-ta).
—Gure etxeetako zaharren, gaixoen eta umeen alde: ondo zainduta egon daitezan, maitatuak izan daitezan eta etxeko berotasunik falta ez dakien, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita-ama zaitugu-ta).
—Gu guztion alde: sinismena eskertu daigun, bizikera neurritsu eta banantzaileaz haren barri emonez, behartsuengana zabalik eta Izadiagazko errespetuz bizi izanez, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita-ama zaitugu-ta).
† Indar zapaltzailearen menpe gura ez gaituzun Jainko askatzailea: emoiguzu eralgikeriatik ihes egitea eta Izadiaganako errespetuz eta behartsuengana zabalik bizi izatea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako
1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.
OTOITZA
Kexati hutsak gara, Jesus,
eta halan, kexati, jasoten dogu gure ahotsa,
gure inguruko zuzengabekeria inori leporatuz
eta bakotxak daukagun errua ukatuz.
Oihuka daukagu Izadia minetan,
ate-joka daukaguz errefuxiatuak eta iheslariak,
laguntza eske daukaguz hainbeste behartsu
eta duintasun bila txarto erabili ez gitxi.
Emoiguzu, Jauna, ebanjelioaganako zaletasuna
bertan aurkitu zaiguzan lagun
eta zeugan aurkitu daigun une guztietan
Jainkoari zintzotasunez erantzuteko indarra.