URTEAN ZEHARREKO 08. DOMEKEA /A
Sarrera oharra
Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 8. domeka honetako liturgi elizkizunera. Zabaldu zure barrua, zure eguneroko jarrerak aztertzeko prest, Jainkoaren Berbea eskale jatorku-ta. Maite gaitulako gura gaitu bere antzeko: bere ondasunen administratzaile zintzo eta arretatsu, eta ondasunetatik aske, besteentzako aberastasun izan gaitezan. Emon deiogun harrera poztasunez abestuz:
Sarrera-abestia
Aita baten semeok, sinismen bakar bat dogunok, anai artean batu garanok
kantuz gatoz, kantuz zugana, Jauna.
—Seme gara, bai, baina seme izaten ba ete dakigu?
Anai gara, bai, baina anai izaten ba ete dakigu.
Seme izatera, anai izatera, Jauna, heldu nahi dogu.
Damu-otoitza
Gagozan ekonomi-giro honetan, errez-errez engainatzen gaitue: kontsumora deitzen deuskue, zoriona gauza asko eukitean bilatzera… Eta arrisku horretan jausiz, senidea ahaztu egiten dogu, ondasunen atzaparretan lotuta. Damutu gaitezan:
—Jesus Jauna, pobre bizi izanez gu aberasten gaituzuna, erruki, Jauna!
—Jesus Jauna, ondasunen partekatzaile eskuzabal egiten gaituzuna, Kristo, erruki!
—Jesus Jauna, Jaun biren morroi ezin izan geintekezela irakasten deuskuzuna: erruki, Jauna!
Lehenengo Irakurgaia
Israeldarrek Jainkoaganako daben esker txarrak geurea azaleratzen dau, behar bada. Esan ete geike, gauzak txarto baino txarrago joanda ere, Jainkoak ahaztuta gagozala. Beste zeozergaitik ez ete dogu egoera hau?
Erantzun salmoa
Salmoak lagunduko deusku Jainkoagan uste on izateko otoitz egiten…
(EDO...)
Bigarren irakurgaia
Zer dala-ta aurpegiratu geikeoz bere erruak gu zuzendu gura gaitunari? Paulok argi dauka danok garala Jesukristoren ikasle; baina alkar zaindu eta zuzendu beharra dogula ere bai…
Ebanjelioa
Badaki Mateo ebanjelariak Jesusen egitasmoa aurrera eroatea ez dana bat ere erreza… Horregaitik emoten deuskuz adibide batzuk. Egin deiogun harrera on, zutunik Aleluia abestuz.
ESKARIAK
† Jainkoa ez dala ezelan ere gutaz ahanzten eta ugazaba biren morroi ezin geintekezela izan jakinik aurkeztu deioguzan Jainkoari gure beharrizanak eta eskariak:
—Elizearen alde: inon eta ezelan ere ez daiten diru-zale agertu, eta, alderantziz, beti egon daiten pobrea aldezten, hari laguntzen eta bere altzoan harentzat leku egiten, egin daigun otoitz.
—Ondo izateaz arduraturik, besteen kalteaz jabetzen ez diranen alde: danon bizikera neurritsuago batek guztion hobekuntza dakarrela onartu daien, egin daigun otoitz.
—Gosez bizi izanez, Jainkoa euretaz ahaztuta dagoala emoten dabenen alde: herrialde garatuon laguntza izan daien eta euki leikeen kanpo zorra ezabatu dakien, egin daigun otoitz.
—Herrialde garatuetakook hobeto jantzi gaitezan eta gauza gehiago euki ahal izan daigun morrontza baldintzetan lan egiten dabenen alde: euren duintasuna eskuratu ahal izan daien eta lana baldintza gizakoiagoan egin daien, egin daigun otoitz.
—Jainkoak deuskun maitasuna ospatzeko aukerea izanik, haren eskakizunak jasoten doguzenok ez gaitezan jabe biren morroi izan, neurritsuago bizi izan gaitezan, eta, alkarbanatzen jakinez, behartsua aintzat hartu ahal izan daigun, egin daigun otoitz.
† Ama batek bere umea ahaztu badaike ere inoiz ahaztuko ez gaituzun Jainko Aita/Ama: egin gaizuz zure maitasunaren autorle, janaz eta jantziaz arduratu ez gaitezan, ezer gutxi daukenetaz baino. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Azkenean
Jesukristo izan daigula Jaun bakar; ez gaiezela engainatu ondasunek egingo gaituela zoriontsu dinoskuenek. Hartu daigun alkarren ardurea eta izan gaitezan alkarrentzat gidari apal eta zoli, Jainkoaren ondasunen partekatzaile eskuzabal.
HITZALDIA
Senideok: gauza jakina da Jainkoak maite-maite gaitula. Baina egoera batzuetan zalantzatan jarri geike egia biribil hau. Ez ete eban gauza bera egin Israel herriak, eta profetearen berba zigortzailea merezi? Guk berba zigortzailea barik adore emoilea jaso dogu Fantzisko aita santuagandik: ez gaitu tristurearen ilunpetan nahi, ebanjelioaren poztasunean baino. Zeozergaitik dinosku Garizumako tristuratik Pazkoaldiko pozera sekula santan igaroten ez diranen antza emoten dogula kristauok. Zergaitik ete da?
Nire ustez —ez dot esango danok, baina bai gehienok, senideok— geure burua bitan zatituta bizi izan garalako, eta oraindino ere halantxe bizi garalako izan daiteke. Hurrengo honexegaitik dinot: gauza bat gara eguneroko bizitzan, elizatik kanpo gagozenean… Han gizarteko arauei eta konpetentziako ekonomiaren arauei eta auzoen zerresanei eta beste ez dakit zenbat gauzari erantzun behar deutsegula utse dogu; eta euren antzeko izaten ahalegintzen gara. Beste alde batetik, elizara etorterakoan, Jainkoaren berbeak gure barru-barruko gurarietara jatsiazoten gaitu (gure inguruak azal-azalean gura gaitu, ez ahaztu!). Eta gatx egiten jaku Jainkoari geure bizikereaz erantzutea, gure barru-barrua azalean jartea; eta, ontzat emoten dogun harren, ezinezkotzat joten dogu Jainkoaren gurariari erantzutea, hari zintzo izatea. Eta inguruak irusten gaitu, irabazi egiten deusku.
Noiz arte, senideok? Edo bihozbarritzen gara, edo Jainkoari bertan behera itzi gaitula aurpegiratuko deutsogu… Baina, holan ete da? Bertanbehera lagata gaukaz? Ala haren dohaietaz barik, zer jango edo edango, zer jantziko edo oporretan nora joango eta guzti hori zelan ordainduko, eta abar doguz gure ardurak?
Nik, halan ere, ezetz uste dot: horretarako nagusiegiak garalako. Baina, ez ete gara giro horretantxe bizi? Eta, bitartean, ez ete jaku barruan handiegi bihurtu bakotxak bere burua zaintzeaz nahikoa dogula uste dauan harra?
Ikusten doguz eliz alkarteak murriztuta; bakotxak bere sinismen-garra motelduta; abadeak gero eta gitxiago eta zaharragoak, eta mezea ospatu hemen eta arineketa baten "hanka egiten" beste leku batera, han ere mezea ospatzeko, eta handik ere bizkor baten "hanka egiteko"… Eta bitartean, gu, eliz alkarte lez, ez garala ez argi ez gatz ez ezelango ezaugarri ez ezer gure ingurukoentzat, erlijio ekoizpenen (produktoen) kontsumitzaile triste baino.
Jesusek arduraz aldatzeko dinosku. Eta Frantzisko aita santuak, Pazkoetako pozean bizi izanez, poztasuna bazterrik eta urrun eta ilunenetara eroatea eskatzen deusku.
Horixe bilatu izan dogu Elizbarrutiko Ebanjelizatzaile Egitasmoez. Baina, fruturen batzuk emon dituen arren, badirudi ezer gitxirako izan dirala, eliztargoaren mailara begiratzen badogu. Eta orain beste era batera jokatu gura dogu: alkarregaz pentsatuz eta hausnartuz, eta alkarregaz okerrak zuzenduz, ez alkarri aurpegiratuz. Hori zelan egin geiken aztertzen dihardugu.
Oraindino badogu, ba, ames egiteko gogorik. Ez daitela ameskeria izan. Merezi dau ebanjelioko ames hau bizi izateak eta ardurok alkarbanatzeak. Eliza barri bat sortuko da; eliz alkarte barrituak izango gara. Esan deiogun baietz Jesusi.