Urtean zeharreko XXIII. asteko domekea
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 23. domekako liturgia ospatzera. Ez dogu ahaztu behar zein zirikatzailea dogun Jainkoaren berbea eta zertara bultzatu gura gaituan: Jainkoaren erregetzaldiaren bultzatzaile izan gaitezala. Eta gaurkoan gure gor-mutu izatetik atara gura izango gaitu. Entzuten dogu Jainkoaren berbea eta berak adierazten deuskuna gauzatzen ahalegintzen gara? Eta haren ontasunez jabetuta, iragarten deutsegu gure ingurukoei? Ala geureetan isilik eta inor mindu barik egiten dogu aurrera gor eta mutu? Zabaldu deiogun gure barrua bere lanetarako dei egiten deuskun Jainkoari.
Damu-otoitza
Jainkoaren salbamena era askotara agertzen da; beti ere gure loturetatik askatu gura izaten gaitu. Baina geure gogorkeriaz egiten dau topo. Salatu daigun haren errukiaren babesean:
—Jesus Jauna, gorrei entzumena emoten deutsezuna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, mutuei berba sendoa emoten deutsezuna, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, gure arteko bereizkuntza guztiak ezabatu gura dozuzana, erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari Is 35, 4-7a
Lur-jota egon ezkero ezin da aldakuntzarik edo barrikuntzarik itxaron, eta gitxiago bultzatu. baina uste Jainkoagan dauanak harexengandik itxaroten dau barrikuntzea eta ekinean irauten dau.
Erantzun salmoa: R/. Goratu egizu Jauna, ene barrua.
Sal 145, 6c-7ab. 7c-8. 9-10
Bigarren irakurgaiari St 2, 1-5
Santiagoren sinismenak ez gaitu teorian izten edo hotz; bizitzearen eguneroko berotasunera garoaz, gure bideak zuzentasunaren arabera jartera. Badaukagu aldatu beharreko jokabiderik.
Ebanjelioari (Mk 7, 31-37)
Harrigarria da Jesusek erbestean aurkitzen dauan sinismena eta bereen artean aurkitzen dauan hozkeria. Ea entzumena eta hitza zabaltzeko eskatzera garoazan ebanjelio txatal honek. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Gure artean bere errege izatea garatu ahal izateko geu behar gaitu Jainkoak, eta oztopo ugari aurkitzen dau bereon artean. Erreguka jo daigun beragana:
—Elizearen alde: bere ziurkerietan, legekerietan eta ohikerietan gor eta mutu egon daitekela-ta, bizkortu daian, Jainkoaren errukia gaurko gizakien artean iragarri ahal izateko, eskatu deiogun Jaunari.
—Ahalmendunen eta agintarien ez entzutea eta arduragabekeriagaitik euren burua bazterreratuta, duingabetuta eta beharrizan gorrian aurkitzen dabenen alde: laster baten jaso daien zuzenbidezko daben erantzuna, eskatu deiogun Jaunari.
—Ume eta gazteen alde: kontsumokerian eta arduragabekeria eta norkerian barik, ondokoenganako arduratasunean eta ondasunen banatzean izan daitezan heziak, eskatu deiogun Jaunari.
—Alkarrengandik aldenduta bizi diran senar-emazteen alde: gor-mutu egotetik urteteko aukerea izan daien, barriro alkarri entzuten eta berba egiten hasteko, eskatu deiogun Jaunari.
—Fedea ospatzera gatozenok Jainkoaren hitza entzuteko eta heren barri emoile izateko gauza izan gaitezan, alkar adoretuz eta alkarri zerbituz, eskatu deiogun Jaunari.
† Emoiguzu, Jauna, zure erregetzaldiaren egarri izatea, eta gure ahaleginez haren barri emoile egin gaizuz. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.