uz17b

Urtean zeharreko XVII. asteko domekea

Sarrera-oharra

Senideok: ondo etorri urtean zeharreko 17. domeka honetako liturgia ospatzera.

Gogoan izango dogu hauxe: Jesus ezagutzeko era bat baino gehiago dagozela.

Jesusen bila dabilzan danak dabilz arrazoi berak bultzaturik? Ezetz dirudi. Batzuk osasun eske hurreratzen jakoz; beste batzuk, gose diralako, ogi-eske; beste batzuk bere ahotik urteten dauan berba salbagarri bila; beste batzuk ezaugarriak edo mirariak egiten dauzelako; beste batzuk buruzagi bila, eta errege bihurtu gura dabe…

Geure artean ere arrazoi ezbardinak egon daitekez… Baina zer gura dau Jesusek? Hurreratu gakiozala berak esan eta emon gura deuskunetik ezagutzera.

Lagunduko deusku horretan gaurko Liturgiak. Aprobetxatu daigun.

Sarrera-abestia

Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske,

bizi behar honetan ahuldu bait gintezke.

Zure gorputz santua hartu nahi genduke:

zu barik bizitzerik ezingo genduke.

Munduak behar badau eguzki-argia,

mendiko abereak, iturri garbia;

besteok nahi badogu barruko bizia

beharrezkoa jaku zeruko ogia.

Jauna, zure grazia lagun dakigula,

ogi hau jan dagigun behar dan bezela;

Ez ahaztu txarrerako jarriak gaozela:

arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.

Damu-otoitza

Jesusek bere burua egintzetan erakusten deuskun arren, guk, behar bada, beragan ez dogu bilatzen berak emon gura deuskunik, beste gauzaren bat baino. Damuturik autortu daigun:

—Jesus Jauna, Jainkoaren erreinua iragarten dauan berbea zarana, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, Jainkoaren erreinua gauzatzen dauan egintza zarana, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, Jainkoaren erreinuko langile egiten gaituzuna, erruki, Jauna.

Lehenengo irakurgaiari (2 Erg 4, 42-44)

Jainkoaren gurtza gizakiaren ona bilatzea da. Horretaraxe ulertzen dau profeteak, eta holantxe gauzatzen dau, askok holan ulertu ez arren.

Erantzun salmoa

R/. Zabaltzen dozu zure esku hori, Jauna, eta asea emoten deuskuzu.

Bigarren irakurgaiari (Ef 4, 1-6)

Bakotxak bere burua agertuazo edo salbatu gura dogunok ez dogu ulertu oraindino Jainkoaren Espirituak alkartu egin gura gaitula eta alkarren zerbitzuan jarri. Ondo jatorkuz Paulo apostoluaren berbok.

Ebanjelioari (Jn 6, 1-15)

Joan ebanjelariak hainbeste aztarna itziko deuskuz Jesus ezagutzeko eta gure ameskerietatik urten ahal izateko. Egin deiogun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Aukerea emoten deusku Jesus Jaunak bere eskutik Aita/Ama Jainkoari gure beharrizanak aurkezteko. Izan daiguzan gogoan gureak eta ingurukoenak ere:

—Elizearen alde: Jainko Semearen Pazko mahaira behartsuak deitu daizan, han esku hartuz munduko zuzentasuna eta alkarrenganatzea indartu daizan, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure Gizartean bazterkuntzea, zuzengabekeria, bortxaketea eta morrontza sufritzen dabenen alde: euren egoeratik askatasunezko, duintasunezko eta pozezko egoerara azaleratu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Krisi egoera honetan etekinik handienaren bila dabilzanak eta diru- eta ondasun-egarria baztertu daien, eta senideenganako ardurara eroan daizan Jesus Jaunaren Espirituak, eskatu deiogun Jaunari.

—Zorra ordaindu ezinik dagozan herrialdeen alde: parkatu dakien zorra eta euren duintasuna berreskuratzen lagundu dakien, eskatu deiogun Jaunari.

—Eukaristiaren mahaira hurreratzeko aukerea dogunok bertan ikasi daigun daukaguna eskertzen, alkarbanantzen eta Jainkoa aintzaltzen, eskatu deiogun Jaunari.

† Gure eguneroko bizitzan erakutsi daigula, Jainko Jauna, zeure seme-alaba garala. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzerako

1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.

Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:

R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.

2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.

Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.

R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!

3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean

ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.

R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.