SARRERAKO OHARRA
Senideok: Gabon-jaiak burutuz, urtean zeharreko domekei ekiteko, Liturgiak Jaunaren BATEOA proposatzen deusku, bateoa zer-edo-zerren hasierea edo zertan-hartan oina jartea balitz lez. Eta ikusiko dogu zertan, gogoz ospatzen badogu eta gure Bateoaren barri eta ardurea hartzen badogu.
Buru-belarri sartu gaitezan eukaristiaren ospakuntza honetan Jainkoaren esanetara jarteko asmotan eta gogo beroagaz. Ondo etorri.
SARRERAKO ABESTIA
Jainko gizon eginari,
agur, ospe, onespena;
Jesukristo erregeri
esker, otoitz, maitasuna (bir).
DAMU OTOITZA
Egun egokia da gaurkoa Damu Otoitz lez uraren Bedeinkapena eta zipriztintzea egiteko.
Abadeak:
Dei egin deiogun, anai-arrebok, Jaungoiko Aitari, ur hau bedeinkatu dagian. Gure bateoaren gomutaz isuriko da gure gainera. Eskatu deiogun Jaunari barriztau gagizala barrutik, hartu dogun Espirituari zintzoak izan gakiozan.
Otoitz egiteko isilunea
Ontasunaren eta errukiaren Jaungoikoa. Bizi-iturri eta garbitzeko tresna dan uraren bitartez gu pekatutik garbitzea eta betiko bizitzaren dohaina guri emotea gura izan zenduan.
Bedeinkatu † egizu ur hau, Jauna, zure babesaren ezaugarri izan daiten, Zuri eskeinitako egun honetan.
Ur honen bitartez, barriztau egizu gugan zure graziaren iturri bizia, eta askatu gagizuz gaitz guztietatik, bihotz garbiz bizi izan gaitezan beti eta zure salbamena duintasunez hartu dagigun. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
Amen.
Abadeak hisopoa hartuko dau eta bere burua zipriztindu ondoren, Batzar guztia zipriztinduko dau. Bien bitartean abesti egoki bat abestuko da.
Bateoko urtean, Jauna, gaituzu
pekaturako hil ta zeuretzat biztu.
R/. Bateoagaitik, eskerrik asko: seme-alaba egin gaituzulako.
Abadeak:
Jaungoiko ahalguztidunak garbitu gagizala pekatutik eta, Eukaristia honen ospakizunaren bidez, egin gagizala bere Erreinuaren janarian esku hartzeko duin.
Amen.
Lehenengo irakurgaiari (Is 42, 1-4. 6-7)
Hona Isaiasek emoten deuskun Jainkoaren morroi-irudia: Jainkoaren seme-alaba lez, hementxe aurkitu geike gure zeregina eta zeregin hori beteteko erea: Espirituaren bultzadeak garoaz, eta ez inor baztertzera, Jainkoaren erreinuko ezaugarriak zabaltzera baino.
Erantzun salmoa
Bigarren irakurgaiari (Eg 10, 34-38)
Nor da Jainkoak aintzat hartu eta maite dauana, Jainkoari (gizakion hizkeraz) atsegin emoten deustona: erlijio-betekizunetan dabilana ala bizitza zintzoa daroana? Pedroren berbotan aurkituko dogu erantzuna.
Ebanjelioari (Mk 1, 7-11)
Jesusegaz, ebanjelariaren esanetan, aldi barriak hasten dira: harek ez gaitu zemaipean hartuko Espirituaren sugarretan baino, Jainkoagaz adiskideturik. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
JAINKO HERRIAREN OTOITZA
† Jaunaren bateoan Jainkoak aukeratuak garala aurkitu dogu, eta eginkizun eder bat emoten deuskula: Osakuntza eta Deabruak uxatzea. Jo daigun otoitzera, hori gogoan:
—Elizearen alde: Bere iragarpena proposamena izan daiten eta ez goitik-beherako ezarketea, eta, behartsuekaz bat eginda, danentzakoa dan Jainkoaren guraria bete daian, eskatu deiogun Jaunari.
—Nortasun bila edo euren burua ezagutu nahian dabizenen alde: Jesusek aurkitu eban Bateatzailearen antzeko dei-egileak aurkitu daiezan eta heldu daitezan nora-ezean dabizenentzako eredu eta maisu izatera, eskatu deiogun Jaunari.
—Euren burua salbatu nahian dabizen hainbeste eta hainbeste sinistun kristauren alde: izan daien uste on Jainkoagan, somatu daien Espirituaren igurtzia, eta Jainko esperientzia sakon baten barri izan daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Gaixo, espetxeratu eta erbesteratu, bazterreratu edo desbideratuak izanik bizi diranen alde: benetako su-gar bihurtu daitezan amatatu hainean dagozan bateatu askoren bihotzetan, eskatu deiogun Jaunari.
—Eukaristiaren mahaia inguratzen dogunok Jesus Jaunagan hartu daigun eredu, geure eremuetatik urten eta ingurukoen bihotzak osatu eta diru-zalekeriak ezarri deuskuzan deabruak uxatu daiguzan, eskatu deiogun Jaunari.
† Eginkizun eder bat emoteraino gugan uste ona dozun Jainko Jauna: emoiguzu hori sinistea eta gure egunerokoan gauzatzea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.