grz05a

GARIZUMAKO V. DOMEKEA /A

Sarrera oharra

Ondo etorri, senideok, Garizumako 3. katekesi nagusiko elizkizunera. Bizi izaten irakatsi gura deusku Jainkoak, ingurua bizitzaz bete ahal izateko. Ez gaitezan burugogor izan, bizi garala aurpegiratuz. Gure bizitzea ustezkoa da-ta, zaharkitua dago-ta. Jainkoak, bere Seme Jesusengan, sinismena bide, benetako bizitza, amaibakoa, eskeintzen deusku. Jarri gaitezan bere esanetara.

Sarrera kantua

1.- R/ Zure aurpegi bila gabiltza gu, Jauna,

zu zaitugu argi eta salbamen,

zu, Jauna, biziaren babes.

Uste on izan Jaunagan eta izan gizon,

jaso bihotza eta Jaunagan sendo egon.

Zelan dan aita bere umeentzat bihozbera,

halantxe da Jauna fededunentzat onbera.

Damu-otoitza

Ez gaitezan bildur izan Jainkoari gure heriotz-lokarriak askatzea eskatzeko. Hartu daigun babes, ostera, bere errukian:

† Erruki, Jauna. —PEKATU EGIN DOGU-TA.

† Agertu guri, Jauna, zure bihotz ona. —ETA SALBAU GAGIZUZ

Lehenengo irakurgaiari

Babilonian erbesteratuta dagoan herria bizitzarik bako, alaitasunik bako, argitasunik bako herria da: heriotzan dago; hilobietan. Hori ez dau onartzen Jainkoak, eta zin egiten deutso bere herriari, atarako dauala hilobi horretatik esanez. Jainkoak bizi izan gaitezala nahi dau. Ze bizitzaz, baina?

Erantzun salmoa

Bigarren irakurgaia

Bizikera ezbardinak dagozela ikasi geike Pauloren berbetan: Espirituaren araberako bizitza, eta haragiko grinen menpeangoa. Bere ikasleei Espirituaren araberako bizitzara egingo deutse dei. Ete gara euretarikoak? Emon deiogun geure baietza.

Abenjelioari

Ebanjelariak Jesusengan sinistera eroan gura gaitu autorpen honeaz: bizitzearen gaingo gure usteak aztertzea eta Jesusengan sinistea behar dogu. Egin deiogun harrera on, zutunik abestuz: «AINTZA, JESUS, ZURI BETI: ZU ZARA GURE ARGI».

Eskariak

† Eskatu deiogun Jainkoari, bizitzearen sortzaile eta burutzaileari, benetako bizitza amesteko grazia, Jesusengan dogun sinismena autortuz esalditxo honeaz:

Zeu zara, Jauna, biztuera eta bizia.

—Zeure Semeagan sinisten dogunok osotzen dogun Elizan, Jauna, harengandik dogun bizitzaren zabaltzaile izaten jakin daigula… Zeu zara, Jauna…

—Bizitzea guzurrezko iturrietan bilatzen dabenei (diru-zale, hondatzaile, eta gizagaixoei) laguntzen ahalegindu gaitezala… Zeu zara, Jauna…

—Ahaltsuek eta mundu honen norabidea euren esku dabenek behartsuaren aldeko errukia erakutsi daiela… Zeu zara, Jauna…

—Eliz alkarteetako hozkeriak, itxikeriak, bakotxakeriak eta daukaguna ondo erabilten ez jakiteak heriotzan gaukazelako autortzen dogu… Zeu zara, Jauna…

† Jainko sortzailea: askatu gaizuz heriotzearen lokarrietatik, eta emoiguzu bizitza barritu horretan bizi izatea, eta haren testigu izatea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Azken abestia

Pekatariok, Ama, birjina zaitugu:

zeugan gure bihotza guk ipinten dogu (bir).