Sarrera-oharra
Pazkoaldiko VI. domekan gure Elizeak Gaisoen Pazkoa ospatzera gonbidatzen gaitu, senideok: ondo etorri. Izan daiguzan gogoan Elizearentzat altxor preziatu diran gaisoak, eurek gogoratzen deuskue gure makaltasuna, dogun besteen beharrizana eta, eurengana hurreratuz, Jesusen jarduerea gauzatzen dogula: gaisoentzat osasun-iturri izatea. Geurean gaisorik badaukagu, edo inguruan inor ezagutzen badogu, ekarri daiguzan gogora, eta prestatu gaitezan euren aldeko otoitz itxaropentsua egiteko.
Sarrera abestia
—Biztu da Kristo: Aleluia!
Guregan dago: Aleluia!
Jainkoak dau-ta gaur Kristo biztu:
Aleluia!
Bere indarrez biztuko gaitu:
Aleluia, Aleluia!
ABESTU DAGIGUN DANOK
misterio handiena:
garaiturik heriotza
Jesus Jauna berbiztu da.
Aleluia, aleluia, hilobitik biztu Jauna (bir).
Ureztatzean…
Bateoko urak gogoratu gura doguz elizkizunaren hasieran, haretantxe egin ginan-eta bat Jesusegaz, hilen artetik lehen biztuagaz. Bizibarritu gaizala ur honek:
Zure saihets irekiari, Kristo,
Biziaren ur-iturria dario
honetxek dau munduko
pekatu guztia garbitzen
eta bizitzea barriztatzen.
Hobenak dau gizakia menperatzen
eta Kristok bere Arnasaz salbatzen;
salbamen-iturrira abia gaitezen:
iragarri daigun bizia ozen.
EDO…
Bateoko uretan, Jauna, gaituzu
pekaturako hil ta zeuretzat bzitu.
—Bateoagaitik, / eskerrik asko,
seme-alaba egin / gaituzulako.
—Bateoan ginan / hil Jesusegaz
geroztik gaitezan / bizi beragaz.
Ura, ura, burura ta barrura,
Jaunaren betiko salbamen-ura.
HARTUKO DOGU URA POZIK osasunaren iturritik.
Jauna da nire / Jaungoiko eta / Salbatzaile;
lasai nago ni, / bildur gabe.
Jainkoa da-ta / nire indarra / ta kemena,
bera, salbatu / ninduena.
AINTZA
Jainkoari emoten deutsogun aintzak etenbakoa izan behar dau heriotzako etsipenetik biztuerearen pozera aldatzen gaitulako. Aintza emote hau poz betekoa izan daitela, gogoz abestuz.
Lehenengo irakurgaiari
Zein gatx egiten jakun askatasunean garatzea! danek sartu behar dabela uste dogu orratz-begitik. Entzun daigun irakurgai hau eta prestatu gaitezan Jainkoaren seme-alaben askatasunean bizi izateko.
Erantzun salmoa
R/. Ene Jainko, ospatu zagiezala herriek,
ospatu zagiezala herri guztiek.
Bigarren irakurgaiari
Irakurgai honen haritik, ikasi daigun gure historia garatzen: ez goaz txarrerantza; gure historiak amaiera ederra izango dau. Entzun daigun.
Ebanjelioari
Jesus maitatzeak haren berbea betetera eta, Espirituaren bolaratan bizi izatera garoaz. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Gaisoak Elizearen altxor preziatu dirala esateak harei gure otoitzean leku egitera garoaz. Egin daigun otoitz gure gaisoak gogoan izanik:
—Elizearen alde: makalen eta bazterreratuen ondoan ikusia izan daiten, eta gaisoei poza eta itxaropena eroan deien, eskatu deiogun Jaunari.
—Gaisoaldiak jota dagozalako itxaropena galtzeko zorian edo etsipenera bidean dagozanen alde: Jesus Jaunari leku egin deioen eta etxekoen eta lagunen eupadea jaso daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Gaisotasunagaitik edo gitxitua izateagaitik bazterkuntzea sufritzen dabenek leku izan daien gure gizartean, asmoetan eta duintasuna berreskuratzean, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure etxeetako gaiso, ezindu edo oheratuek euren lagunen bisitaldiak izan daiezan, eta sakramentuen poza eroan dakien, eskatu deiogun Jaunari.
—Gaisoen zaintzaileen alde eta euren pazkoa ospatzen dogunon alde: gaisoekaitik egiten dogunaz Jainkoak deuskun maitasuna eta ardurea gauzatzen doguzala erakutsi daigun, eskatu deiogun Jaunari.
† Gaisorik egozanak bergizarteratu egiten zenduzan Jauna, egin gaizuz zeure jarraitzaile eta gaisoen laguntzaile eta hareen poz-iturri. Errege bizi zara-ta, gizaldi eta gizaldietan.
—Amen.
Jaunartzean
Amaieran
R/. Bizi da Jauna, bizi da!
Bizi da Jauna, bizi da!
Bizi da, bizi da, bizi da Jauna,
bizi da gure artean! (bir)
Pazko goizean hutsik dago hilobia.
Biztu da Kristo, biztu,
gure eguzkia: nagusi da argia! R/.
Ilunpetatik berak gu atara gaitu;
munduaren distira berak dau barritu:
berak gaitu biztu. R/.
ZERU-LURREN ERREGINA:
aleluia!, aleluia!
Biztu jaku Jesus Jauna: Aleluia!
—Zuregandik sortu dana: Aleluia.
Hilobitik biztu da-ta: Aleluia!
—Otoitz zure Semeari: Aleluia!
bizia deigun danori: Aleluia!
OHARRAK…