URTEAN ZEHARREKO XXXIV. DOMEKEA: «Kristo Errege»
Sarrera-oharra
Urtean zeharreko domeka hau Jainkoaren erreinua gure artean gauzatzen dauan Jesukristoren omenezkoa dogu, eta hausnarketa sakonetara eroango gaitu, arretaz ospatzen badogu.
Ondo etorri, ba, senideok, eta izan daigun argi Kristoren erregetzea ez dala mundu honetakoa; ez dala ez erratu eta ez nahastatu behar guk ezagutzen doguzan erregeen bizikera eta jokabideaz, eta bai ahalegindu behar izango geukela Elizeari itsatsi jakon areen zikinkeriak garbitzen: harropuzkeria, aberaskeriaz janztea eta apaintzea, izengoitik eta abar luze bat. Liturgia honek Kristoren Erregetzan murgildu gaizala, ba, eta beste erregetzak salatzera eroan.
Sarrera-abestia
Kristo gure errege agurtu dagigun / zeru-lurren jabe autortu dagigun.
Damu-otoitza
† Gu handigurako ameskerietan usteltzen garan bitartean, Jesus deika daukagu bere erreinuko langile izateko. Autortu daiguzan gure ohikeriak, handigureak, ziurtasunak bilatzea eta harrokeriak, apaltasunez:
—Jesus Jauna, Jainko izanik gizon egin zinana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, baztertu, behartsu eta pekatariekaz bat egin zinana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, Jainkoaren errukiaren eta maitasunaren barri emon zeuskuna, erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari (Dn 7, 13-14)
Galzorian dagoan herriak amesten dauan Salbatzailearen irudia Eliz tradizinoak, liturgia, Jesukristori ezarten deutso: honexengan beteten da antxinatik iragarritako guztia.
Erantzun-salmoa
Sal 92,1ab.1cd-2.5
R/. Errege da Jauna, jantzi da handikiro.
Bigarren irakurgaiari (Ap 1, 5-8)
Agerpen edo Apokalipsi liburuko txatal honek Jesukristok gugaitik egin dauana autortuz itxaropenez beteten gaitu eta barritasunari begira jarten. Entzun daigun harrera onean.
Ebanjelioari (Jn 18, 33b-37)
Aginpiderik handiena ere bildur izan daiteke, eta beste aginteak menpe hartu gura dauz, guzurraz eta maltzurkeriaz sarri. Ez da holangoa Jesukristoren agintaritzea eta erregetzea. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Handigureak besteak menpean hartzera garoazala, Jesusen erregetzeak, ostera, besteei zerbitzu egitera eta hareen morroi jartera, gogotan hartuz jo daigun, erreguka, Jainkoagana:
—Elizearen alde: Aita santu Frantziskok iragarri dauan Eliza pobre eta pobreen ondoan eta honeen babesle dana lortzeko, bere handikeria eta aberaskeria guztietatik garbitu daiten, eskatu deiogun Jaunari.
—Mundu honetako agintarien eta nagusien alde: ahalegindu daitezan euren agintaritzea eta nagusitzea behartsuak aldezteko erabilten, eskatu deiogun Jaunari.
—Behartsuen, baztertuen eta ezereztuen alde: gorroto barik salatu daien agintaritzearen ustelkeria, gizarte alkartuago bat lortu ahal izan daigun, eskatu deiogun Jaunari.
—Nagusien ustelkeriaren aurrean ezer ezin daitekela-ta, etsipenean jausita dagozanen alde: hartu daien adore, eta beste guztiokaz batera zuzentasunezko aldakuntzea bultzatu daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure parrokiako eliztar guztion alde: gure eliztartasuna ekintzailea izan daiten, arduraz begitu deiegun aldiei, eta gure Elizea, barruan itota dauan Eliza barik etengabeko urteeran dagoana bultzatu daigun, eskatu deiogun Jaunari.
† Zure Semearen erregetzeaz pozten gaituzun Jainkoa: eroan gaizala berak askatasun osora, bildur barik egon gaitezan beti behartsuaren ondoan. Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
—Amen.
Jaunartzean
R/. Jauna dot Artzain, ez dot izango nik goserik;
hark emongo deust zer-jan onik.
1 Neu naz zerurik lurrera jatsi dan ogia
Aitak danori eskeinia.
2 Nire gorputza egiz dozue janaria
ta nire odola edaria.
3 Ogi hau jaten dauana beti da biziko,
hilterik ez dau ikusiko.