URTEAN ZEHARREKO III. DOMEKEA /B
Sarrera-oharra
Egunon, senideok. Ondo etorri elizkizun honetara.
Izan daigun gogoan ze jarrera daukagun Jaunarengana aurkezterakoan. Begira: zenbat bider entzun dogun Jaunak dei egiten deuskula, egun baten lehenengo ikasleei deitu eutsen lez. Baina, halan izango da pentsatu eta horretantxe gelditu gara. Ausartu gaitezan urrats bat gehiago emoten. Pentsatu daigun zertara egin leidan dei Jaunak, edo zelan eta non entzun neiken bere deia, eta zelango poza emongo leidan berari erantzunaz bizi nazala jakiteak. Ez ete da egia poztasun-iturri litzakigula Jaunari erantzunez bizi garala uste izatea? Ea elizkizun honek laguntzen deuskun horretan. Sartu dakigula barruraino horretarako egiten jakun eskabidea: bihozbarritu zaiteze.
Abestia: Goazen alkarturik biztuta fedea, argitan zabalik maitasun-bidea.
Damu-otoitza
Jainkoaren parkamena, haren salbamena, ez da bere herriko muga estuetan geratzen; gizaki guztientzat da, herrialde guztietara heldu gura dau… Hurreratu gaitezan bere errukira:
—Jesus Jauna, Jainkoaren izena aintzat hartzen dozuna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, Jainkoaren doako parkamena isurten dozuna, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, zeure ikasle izatera deitzen gaituzuna, erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari
Handia da Jonasek bere barruan darabilan zurrunbiloa: Jainkoa beretzat gura dau, eta bere arerioen aurka. Zelan eskatu leio Jainkoak bere arerioengana joan daitela bihozbarritzerako deia iragarten, bestela galdu egingo dirala-ta? Jonasek ez dau horixe besterik gura: galdu daitezela! Baina Jainkoaren errukiak gizaki guztiengana heldu gura dau…
Erantzun salmoa
R/. Azaldu niri, Jauna, zeure bideak.
Bigarren irakurgaiari
Jesus Jaunari zintzotasunez jarraitzeak munduko itxura eta atseginkeriez apurtzea eskatzen dau, eta erreinuko baloreetan bizi izatea. Horretara bultzatzen dau Paulok.
Ebanjelioari
Jesus Jaunaren mezuari leku egiteko zeozer kendu behar dogu barruan, eta zeozeren egarri izan behar dogu. Entzun deiogun berari ebanjelioan. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Jainkoagan jarri daigun gure uste ona bere seme-alaben ona baino gura ez daualako, eta aurkeztu deioguzan daukaguzan beharrizanak:
—Elizearen alde: gizakien artean bihozbarritzerako dei itxaropentsua izan daiten, behartsuenen eta txikienen ondoan egoten jakinaz, eskatu deiogun Jaunari.
—Agintarien eta ahaltsuen alde: etekin handiagoak zelan atara barik, baztertuak euren bazterkuntzatik zelan atara bilatu daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Jaso daben kaltea zelan ordainduazo, eta egindako txarkeria zelan ezkutatu bilatzen dabizenek bihozbarritzeko aukerea izan daien, eta aukera horri erantzuten jakin deioen, eskatu deiogun Jaunari.
—Arazo artean bizi diran familien alde: errukiz jokatzeko gauza izan daitezan eta seme-alaben ona bilatu daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Sinismena alkarregaz ospatzen dogunon alde: alkar adoretzeko gauza izan gaitezan eta Jesus Jaunari jarraitzeko erak eta uneak bilatzen jakin daigun, eskatu deiogun Jaunari.
† Bihozbarritzera era askotara deitzen gaituzun Jainko Jauna: atara gaizuz lehenera begira egotetik eta jarri gaizuz zure Semearen bila. Zugaz eta Espiritu santuagaz batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
—Amen.
Jaunartzean
Zabal bihotzok errukirako,
sendo bihotzok borrokarako.
—Gizon-emakume barri, kondairaren eragile
gizatasun barriaren oinarri eta egile.
Gizon-emkume barri arriskuen onartzaile,
fede-bizitzan ausarta, zailtasunetan garaile.
—Gizon-emakume barri, esperantzaren gudari,
zuzenaren gose-egarri, egi bidean bidari.
Gizon-emakume barri, ez kate ta ez lokarri,
askatasunaren jabe eta askatasun-azkarri.
—Gizon-emakume barri, mugaz-gaindiko maitale,
alkar artean oretuz arraza eta lurralde.
Gizon-emakume barri, pobreen artean pobre,
hauekin alkarbanatuz etxeko ogi ta aterpe.