URTEAN ZEHARREKO XIX. DOMEKEA /B
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 19. domekako liturgia honetara. Zelan aurkitzen gara? Oporraldian gagoz eta batzuk oporretan joateko aukerea eta ahalmena euki dabe, dogu. Baina zenbat dagozan ezinean, edo bizirik irauteko ahaleginak egiten; edo beste batzuk, ezin dabenen ondoan eta laguntzan… Eta zenbat dagoz, edo gagoz, nekatuta, lur-jota eta ez dauala merezi iruntsita?
Gaurko liturgiak Jainkoaren gurarira hurreratuko gaitu. Harek jaten emongo deusku indarrak barriztatzeko eta lanari aspergabe ekiteko. Jarri gaitezan bere esanetara.
Sarrera-abestia
1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.
Damu-otoitza
Bizkortu gura gaituan Jainko errukitsuaren aurrean gure komodidadea, lur-jota egotea edo ez dauala merezi uste izatea autortu daigun:
—Jesus Jauna, berba salbagarria zarana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, zeruko benetako ogia zaituguna, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, zure mahai ingurura deitzen gaituzuna, erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari (1Er 19, 4-8)
Ezin dau gehiago. Aspertuta dago. Heriotzea eskatzen dau profeteak. Baina Jainkoak lanerako behar dau, eta aurrera egiteko eskatuko deutso.
Erantzun salmoa (Sal 33)
Bigarren irakurgaiari (Ef 4, 30—5, 2)
Bizikidetza (edo alkarregazko bizitza) gatxa dala esaten dogu, eta badirudi bardin uste dauala Paulok ere. Ez da izango ez dogula ezer aurreratu, berak agintzen deuskuna ez dogula kontuan hartzen baino. Zeuk esan.
Ebanjelioari (Jn 6, 41-51)
Jesusen hizkera hau ez da onargarria bere aldikoentzat; ez dauka nondik oratu ere. Eta guretzat? Ohituegiak ez ete gagoz? Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Jainkoak ez gaitu gura lur-jota, lanean, laguntzan eta itxaropena emoten baino, berak elikatzen gaitu-eta. Jo daigun eskale bere errukira:
—Elizearen alde: adore emoten jakin daian, eta beti egon daiten mundu honentzako ezer ez diranen ondoan, eskatu deiogun Jaunari.
—Gaixoen eta aspertuta dagozanen ondoan dagozanen alde: izan daien eurek ere behar daben adorea, laguntza eta autorkuntza, eskatu deiogun Jaunari.
—Krisialdian behartsuen lepotik irabazi zikinak eskuratzen diharduenek errukiz begiratu deieen lanik barik, etxe barik eta ezer barik gelditzen diranei, eskatu deiogun Jaunari.
—Lur-jota, gogo barik edo nora ezean dagozan guraso, abade, laguntzaile eta zerbitzarien alde: otoitzera eta Eukaristiara hurreratu daitezan laguntza eta ames-indarrak barriztatzeko, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure eliz alkartearen alde: bildurrak eta ahuleziak uxatu daiguzan uste on osoa Jesusengan jarrita bere testigu gartsu lez agertzeko, eskatu deiogun Jaunari.
† Gure indarrak barriztatzen dozuzan Jainko Jauna, zeugan uste ona jarrita barriztatu daiguzala gure eliz alkarteak eta zerbitzurako indarrak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako
Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske,
bizi behar honetan ahuldu bait gintezke.
Zure gorputz santua hartu nahi genduke:
zu barik bizitzerik ezingo genduke.