KRISTOREN GORPUTZ-ODOL SANTUAK /B
Sarrera-oharra
Egunon, senideok: ondo etorri.
Jesukristoren Gorputz-Odolen jaia ospatzen dogu, eta gauza bik gaitu kezkatzen eta arduratzen: krisia dala-ta, neoliberal politika ekonomikoa dala-ta, zelango beharrizanean dagozan gure senide asko eta asko, etorkin eta bertoko; eta gure Eukaristia edo Mezea.
Emongo dogu Caritasen bidez gure laguntzea senide behartsuentzat. Baina, ospatzen doguzan Eukaristiak ez doguz bizkortu behar, edo gaurkotu edo biziagotu behar?
Gaurkoa benetako esker-emote otoitza izan daitela.
Sarrera-abestia
Ogi hau jaten dauana…
Agurra
† Pazko-mahai ingurura deituz, / bere berbeaz argitzen,
eta bere haragiaz janaritzen gaituan Jauna / izan bedi zuekin.
Damu-otoitza
Bere burua gure janari emoten deuskun Jaunagana apaltasunez hurreratu gaitezan, gure norkeria eta erosokerietatik atara gaizan:
—Jesus Jauna, Jainkoaren maitasuna isurten deuskuzuna, Erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, oso-osorik emoten zaiakuzana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, zure jarraitzaileoi maitasun-agindua ezarten deuskuzuna, Erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari (Ur 24, 3-8)
Norberetzen diranean dira emonkor ezaugarriak, bestela azaleko ganorabakokerian gelditzen dira. Arinkeriaz erantzun barik, aztertu daigun ea eskatzen jakunari zelango ingurutik erantzuten deutsogun.
Erantzun salmoa (Sal 115, 12-13. 15-16. 17-18)
R/. Salbamen-edontzia dot hartuko, eta Jaunaren izena deituko
Bigarren irakurgaiari (Hb 9, 11-15)
Gure eskeintzen beharrizana ete dau, ba, Jainkoak? Ikus daigun zein dan Jesukristoren eskeintza, eta zelan gauzatu geiken gure bizitzan Jainkoari norbere burua eskeintzea…
Ebanjelioari (Mk 14, 12-16…)
Egin deiogun ebanjelio txatal honek esango deuskun Jesusen testamentuari harrera on eta alaitsua, Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Mahaia bere seme-alaba guztientzat jarten dauan Jainkoari esker onez zuzendu deioguzan guztien aldeko eskariak:
—Elizearen alde: errukiaren besoak beti euki daizan zabalik, behartsu guztiak eta gizarteak zigortuak senideen mahaian elikatzeko, eskatu deiogun Jaunari.
—Caritaseko langileen alde: senide behartsuen laguntzan emoten daben bizia elizkide lez emon daien, aintzat hartua izan daiten eta, lan horretan, jarraitzaileak izan daiezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Hilaren azkenera heldu-ezinik eta, laguntza eske, euren duintasuna erasota ikusten dabenen alde: alkartasunerako eta laguntzarako indarrak biztu daiezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Beharrizanean dagozanei begiratu barik eralgikerian eta gehiegikerian bizi diranek begiak zabaldu daiezan, eta patrikarea euren atseginkeriarako barik behartsuei laguntzeko astindu daien, eskatu deiogun Jaunari.
— Eukaristiara gatozenok alkartuago agertu gaitezan, gehiago eskuhartu daigun eta, gure mezak erakargarriagoak egiteko, batak bestea adoretzen ahalegindu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
† Jainko Jauna: arduratik sortutako eskarioi ahaleginez erantzun ahal izan deiegun, emoiguzuz adorea eta laguntza. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske,
bizi behar honetan ahuldu bait gintezke.
Zure gorputz santua hartu nahi genduke:
zu barik bizitzerik ezingo genduke.
Munduak behar badau eguzki-argia,
mendiko abereak, iturri garbia;
besteok nahi badogu barruko bizia
beharrezkoa jaku zeruko ogia.
Jauna, zure grazia lagun dakigula,
ogi hau jan dagigun behar dan bezela;
Ez ahaztu txarrerako jarriak gaozela:
arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.