Sarrera-oharra
Garizumako laugarren domekea ospatzeak, senideok, gure sinismenaren garbitasuna dakarsku mahai gainera. Inguruari egokituta bizi izan gura dogu, ala Jainkoak bere Seme Jesusengan erakusten deuskun bideetan? Ingurura egokituta bizi izatea ilunpetan ibiltea litzateke; Jesusen bideetan ibiltea, alderantziz, argitan jardutea litzateke.
Garizumako deia entzunez, senideok, elizkizun honetan, Jesusen bideetan ibilteko aukerea egin daigun. Errukitsua dogu Jainkoa, eta berak lagunduko deusku. Ondo etorri.
Sarrera-abestia
R/. Zure aurpegi bila gabiltza gu, Jauna,
zu zaitugu argi eta salbamen,
zu, Jauna, biziaren babes.
Uste on izan Jaunagan eta izan gizon,
jaso bihotza eta Jaunagan sendo egon.
Zelan dan aita bere umeentzat bihozbera,
halantxe da Jauna fededunentzat onbera.
Damu-otoitza
Gogoratu daigun Jainkoaren errukia, eta gure inguruan bere errukiaren autorle eta egile gura gaitula. Abestu daigun gogotsu:
† Erruki, Jauna. / —Pekatu egin dogu-ta.
† Agertu guri, Jauna, zure bihotz ona. / —Eta salbau gagizuz.
Lehenengo Irakurgaiari (2 Kro 36, 14-16. 19-23)
Ulertu daigun ondo: Jainkoak, guraso on lez, ez dau beretzat ezer gura; dana gura dau seme-alabentzat; gure zoriona baino ez dau gura. Horrexegaitik gura gaitu alkarren zerbitzari, ez alkarren zapaltzaile. Baina zelan erantzuten deutsogu? Entzun arretaz.
ERANTZUN SALMOA (Sal 136, 1-2. 3. 4-5. 6)
R/. Itsatsi bekit mihina aho-sabaian, zutaz oroitzen ez banaz.
Bigarren irakurgaiari (Ef 2, 4-10)
Jainkoak ez deutse begiratzen gure hutsei, mugei edo ezinei, gure pekatuari…, berari erantzuteko daukagun gogoari baino. Horrexegaitik babesten gaitu bere errukian eta emoten deusku Semea jarraibide.
Ebanjelioa (Jn 3, 14-21)
Sasi-jaikokerietan, begiratzeak, ikutzeak dakarrela uste da zoririk onena. Guri, Jesus ez jaku sasi-jainko lez jarten, jarraibide baino: beragan jarri geike uste oin osoa, berari sinistu geikeo. Horrexek dakarsku zoriona. Goretsi daigun, zutunik abestuz:
AINTZA, JESUS, ZURI BETI:
ZU ZARA GURE ARGI.
Gora zu, Jauna; gora zu, Jauna; gora zu, Jauna!!!
ESKARIAK
† Alkarren ardureaz gura gaituan Jainko errukitsuari zuzendu deioguzan gure eskariak:
—Elizearen alde: beherengoenak kontuan hartuz, handikeriak eta nagusikeriak salatzen jakin daian eta guztien bihozbarritzea bultzatu daian, eskatu deiogun Jaunari.
—Familietan leku izan daian Jainkoaren berbeak, bera izan daiten inguru guztietara begira jarriko gaituan izpilua, bata bestearen arduraz bizi izateko indarra, parkatzen eta maitatzen ikasteko bidea, eskatu deiogun Jaunari.
—Gogorkeriak, gorrotoak, gehiegikeriak eta ikusezinak sufritzen dabezan gizabanako eta herrialdeen alde: bihotz onekoen laguntzea eskuratuz, gehiegikeria guztien aurkako salapen izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Eliza gaurkotuagoa, misiolariagoa, pobreagoa eta errukitsuagoa euki daigun lan-taldeetan eta otoitzean diharduenen alde: izan daitezan Jainkoaren berbearen egarri eta besteentzat eredu eta jarraibide, eskatu deiogun Jaunari.
—Hitzaren eta Eukaristiaren mahai inguruan alkartzen garanok Jainkoaren berbea arretaz entzuteko grazia izan daigun eta eguneroko bizitzara eroateko adorea, eskatu deiogun Jaunari.
† Maite gaituzulako errukia deuskuzun Jainkoa: egizu gure bihotza zeurearen antzekoa. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
1)
Basamortuan zehar dabila Jainko-herria erromes;
argi, bake ta maitetasuna dakarzen zeruen galdez.
Agindu-lurra Jainkoak deutso emongo kateen ordez;
penak itxita poztu daitezan bizi barri baten pozez. R/.
R/.
Zure pozetan goaz, Jerusalen barri;
fedeak zuregan dau bere ziment-harri.
Maitasunak zu zaitu bere berogarri.
Biztu itxaropena zure herriari.
Jaungoikoaren hegoenpean: ze bakean! (2)
Indar guztiak dituenaren kerizpean (2).
Jauna, nik dinot: "Nire kerizpe dot zuregan;
bihotz guztiaz nago Jaunaren eskuetan."
JAUNARTZE OSTERAKO (Nahi izan ezkero)
OTOITZA
Apaltasunez jarten naz zure aurrean, Jauna,
neure buruaz baino ez arduratzetik atara naizun
eta ingurukoen begira jarri
alkarren beharrizanak kontuan hartu daiguzan.
Bata bestearentzako egin gaituzunez, Jauna,
ezin geintekez ondokoaren ardura barik bizi izan;
alkarrentzako egin gaituzunez, ezin geike
bestea alboratu, azpiratu edo gutxietsi.
Atara gaizuz arduragabekeriara egokituta egotetik,
atara gaizuz inoren lepotik bizi izan guratik,
eta egin gaizuz errukitsuak eta maitaleak
senidea aintzat hartuz zoriontsu izan gaitezan.
Bihozbarritu gaizuz, Jauna.
—Amen.
DISZERNIMENTU ALDIRAKO OTOITZA
Jesus, gure Maisu eta Jauna,
Elizearen egoereaz arduraturik
zeugana joten dogu laguntza eske.
Borondate onekoak gara
eta maite-maite dogu Elizea,
eta horregaitik, behar bada,
eskatzen jaku gehiago eta gehiago.
Atara gaizuz gure bildurretatik,
atara gure komodidadetik, atara
gure ohitura eta ardurarik ezatik,
guretzat zeuk gura dozun
gaurko eta hemengo Eliza izateko,
urten eta bazterretara heltzeko,
euretan ere zure Barri Ona izan daien:
Zeugan gure uste on osoa, Jesus.
Elizaren Ama, Maria: zuzendu gaizuz.