uz28b

Urtean zeharreko XXVIII. asteko domekea /B

Sarrera-oharra

Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 28. domeka honetako liturgia ospatzera. Ete daukagu Jesusi egiteko galderarik? Gure bizitzako ezerk ba ete gaukaz benetan kezkaturik, gure inguruan galdetzearen bildurrez, Jesusi galdetuko geuskionik? Behar bada, Jesusek zer erantzungo deuskun badakigula-ta ez daukagu berari egiteko galdera modurik: beste gauza batzuk kezkatzen gaitue, eta horreen erantzuna ez dogu Jesusengan bilatzen…

Gaurko liturgiak jakintza bizitza eta askatasun bizitza emon gura izango deuskuz. Ez ete dogu amesten bizitza benetan askea? Goazen Jesusengana.

Sarrera abestia

GOAZEN GUZTIOK BATERA Jaunarekin egotera.

Goazen guztiok batera Jaunarekin egotera.

1 Pozik alkartu gaitezen Aita dogu-ta laguntzen.

2 Seme-alaba bezela zaindu gagizuz Zuk, Jauna.

3 Entzun daizala Jaun onak gure poz eta negarrak.

Damu-otoitza

† Jainkoak bere jakituriatik emon gura deusku ondasunen lokarrietatik aske bizi izateko. Baina guk ez ete dogu hareen morrontzan bizi izatea nahiago? Damutu gaitezan.

—Jesus Jauna, ondasunetatik aske bizi izan zinana, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, ordain lez ezer itxaroten ez zenduana, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, pobreak, gaisoak eta pekatariak zenduzana lagun, erruki, Jauna.

Lehenengo irakurgaiari (Jkd 7, 7-11)

Sinistunaren bizitzan garrantzi handikoa da otoitza; hau da, Jainkoaren esanetara zabaltzea. Holangoa Jainkoak bere jakituriaz hondatzen dau. Eta zein ederra dan!

Erantzun salmoa

Sal 89, 12-13. 14-15. 16-17

R/. Zeure maitasunaz ase gagizuz, Jauna, poztu gaitezan Zugan.

Bigarren irakurgaiari (Heb 4, 12-13)

Ez daukagu Jainkoaren berbeaz gure bizitzak aztertzeko ohiturarik; bildur deutsogu, behar bada. Baina nork ezagutu geinkez berak baino hobeto?

Ebanjelioari (Mk 10, 17-30)

Bizitza-gosez edo sari-gosez hurreratu geintekez Jesusengana, eta erantzun ezbardinak jasoko doguz. Egin deiogun harrera on ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Ondasunen baino jakituriaren eta askatasunaren egarriago izateko gogoagaz jo daigun ondasunen eta jakituria guztien iturri dan Jainkoagana, erreguka:

—Elizearen alde: bere uste ona ebanjelioa iragartean jarri daian, eta berau izan daiten ondasunik eta aberastasunik behinena, eskatu deiogun Jaunari.

—Ebanjelioa zabaltzen diharduen misiolari, katekista, irakurle eta eliz zerbitzari guztien alde: eskuzabalez eta apaltasunez bete daien eginkizun hori, euren zerbitzatuen erakargarri, eskatu deiogun Jaunari.

—Guraso eta hezitzaileen alde: hezi behar dabezan ume eta gazteei ondasun egarria barik jakituria eta sinismen egarria sortuazo deieen, eskatu deiogun Jaunari.

—Garatu barik dagozan eta esplotatuak izaten diran herrialdeek jakituriara heltzeko bideak aurkitu daiezan, eta giza duintasunez bizi izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Jainkoaren hitza entzuteko aukerea dogunok hantxe hazi daigun gure jakintza ondasunen gosetik aske ikusi daigun gure burua, eskatu deiogun Jaunari.

† Ondasun iturriak zure seme-alabentzako beti zabalik daukazuzan Jainko Jauna, euretan edatera hurreratu gaitezela beste iturri guztiak baztertuta. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzerako

1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.

Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:

R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.

2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.

Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.

R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!

3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean

ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.

R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.