ab01c

ABENDUALDIKO I. DOMEKEA /C

Sarrera-agurra

Ondo etorri, senideok, liturgiako aldi barri honen hasierara. Gaurkoagaz Abendu aldian sartzen gara, eta barritasuna, itxaropena eta agintzariak izango doguz gai.

Batzuentzat adore-emoile izango da: itxartzeko eta lanerako deia sumatuko dabe. Beste batzuentzat, ostera, urte oro errepikatzen diran berba hutsalak izango dira, eta eurenean jarraituko dabe.

Jar daigun uste ona Jainkoagan eta eskertu deioguzan agintzariok eta emon gura deuskun itxaropena, bialtzen deuskun barritasunari ateak zabalduz.

Emon deiogun hasierea abesti artean.

Sarrera-abestia

Zatoz, Jauna! Gaur zai duzu mundua,

zori gaitzez hain da hondatua!

Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:

Etor bedi zure erreinua!

Zatoz Jauna! Nausi bait da dirua:

jendea maiz dauka zapaldua.

Entzun, Jauna, behartsuen oihua:

Etor bedi zure erreinua!

Abenduko kandelea ezaugarri

Abendualdia ibilaldi baten egiten dogu, eta ibilaldi horretarako urratsak markatu gura doguz domekaz-domeka, gure itxaropena gero eta handiagoa izan daiten, eta itxaroten dogunari harrera on egiteko gauza izan gaitezan. Biztu daigun lehenengo kandelea, abesti artean.

Jagi zaitez, Jerusalem / badator zure argia;

badoa argitzen zuregan / Jaunaren aintza.

Lehenengo irakurgaiari

Jeremias profeteak (Jesus jaio baino 600 urte inguru aurretik) berba gogorrez iragarri izan eutson Jerusaleme uriari bere hondamena, bere bidegabekerien ondorio. Baina oraingoan adore emon gura deutso, eta itxaropenera deitzen dau, Jainkoaren nahia salbamena eta zoriona diralako.

Erantzun salmoa

Sal 24, 4-5. 8-9. 10 eta 14

R/. Jauna, Zugana jasoten dot bihotza.

Bigarren irakurgaiari

Errez-errez esaten dabe batzuk ez dagoala zer eginik, gauzak "baltz" ikusten dabezanean. Beste batzuk, ostera, ez dabez ikusi ere gura euren ustelkerian jarraitzearren. Baina itxaropenez jokatu gura dauanak badauka non oinarritu; eta hartuko dau adore. Izan gaitezan azken honeetarikoak.

Ebanjelioari

Gerokoa itxaroteak ez gaitu eroan behar esku artean daukaguna gitxiestera. Ez da hau Jesusen jarrerea. Egin deiogun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Isilik badago ontasuna loak hartzen dau eta txarkeria nagusitzen jako. Itxartu egin behar dau ontasunak itxaropena azaleratu daiten eta txarkeria uxatua izan. Jo daigun otoitzera:

—Elizearen alde: itxaropenezko mezu lez iragarri daian Barri Ona, bere seme-alaba guztiak lo-zorrotik itxartu daizan eta badatorren Jaunari harrerea egin deioen, eskatu deiogun Jaunari.

—Erosotasunean bizi diran guztien alde: larritasunean eta txarto bizi diranen oihuak eta garrasiak entzun daiezan eta, harei laguntzeko, euren mozkorkeriak alde batera itzi daiezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Onen geldokeriak oldarturik, han-hor-hemen erasoak eginez nagusitu gara dabenek Barri Onaren bihozbarritzerako deia entzun daien eta euren gogorkeria alde batera itzi, eskatu deiogun Jaunari.

—Etxeko, laneko edo inguruko arazoak dirala-ta etsipenean jausitakoen alde: jaso daien burua eta itxaropen izpiak sumatzeko gauza izanik, adore hartu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Abendua otoitzean hasten dogunok aintzat hartu daigun esku artean daukaguna, itxaropenean landu daigun eta barritasunaren testigu izan gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.

† Itxartu gaizuz gure lo-zorrotik, Jauna, ontasunak bere burua erakutsiz, txarkeria uxatu daian, eta zure herriaren itxaropena biztu diaten. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzean

Zatoz, Jauna, zatoz lurrera zure herri hau salbatzera.

1 Bakea ta justizia bialdu mundura, Jauna;

zure jaiotzak gugana bekar poza, zoriona.

2 Okerretatik zuzendu, gaitz bideetatik aldendu,

gure kateak apurtu, bide ilunak argitu.

3 Gorroto-bideetatik aldendu gagizuz, Jauna;

alkar parkatu dagigun emoiguzu maitasuna.