1208_SORTZEZ-GARBIA

Abenduaren 8a: SEMINARIOAREN EGUNA

ANDRA MARIA BIRJINAREN SORTZE GARBIA

«Seminarioa, guztion eginbehar»

Sarrera-agurra

Abenduaren atarian, senideok, Mariaren irudia aurkezten deusku Liturgiak. Maria, Jainkoari emoten deutson erantzunagaitik eta bere bizitzan zehar agertzen dauanagaitik, sinistunontzat eredu dogu eta jarraibide.

Gure Elizbarrutiak egun hauxe aukeratu dau Seminarioaren egun lez, abadetzarako bidean dagozenek non begiratu eta nogan ikasi euki daien. «Seminarioa, guztion eginbehar» dino aurtengo goi-ikurrak. Baina holan ete da? Ez ete gagoz bokazinoetaz baino arduratuago beste gauza batzuetaz, hareik ere inportanteak diralakoan garrantzizkoen lez hartuz?

Mariak guretzat eredu izan gura dau. Onartuko bagendu berak eskeintzen deuskuna… Jainkoagan uste ona jarri ebalako erditu deutso munduari Salbatzailea. Itxaroten jakin eban, eta erantzuten. Ondo etorri.

Sarrera-abestia

Damu-otoitza

Geure pekatuak ikusten jakin ez, eta euretaz inor erruduntzen dogunok badaukagu Jainkoaren errukira hurreratu beharrik. Apaltasunez jo daigun, Maria lagun dogula, Jainkoaren errukira, babes bila:

—Jesus Jauna, Mariaren erraietan gizon egin zinana, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, zeure Jainkotasunean geure arteko gizaki egin zinana, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, Jainkoaren Berba haragi bihurtua, erruki, Jauna.

AINTZA (gaur aintza esaten/abesten da)

Azaldu daigun Mariak emoten deuskun poza Jainkoa goretsiz, Aintza eta Aintzaka.

Has 3, 9-15. 20

Ondo daki Jainkoak makalak egin gaituena, baina beragazko hartu-emonetan gura gaitu. Inor gure erruetaz erruduntzen barik, apaltasunez autortzen bagengiz… Jainkoa prest dago parkamenerako; baina autortu beharra daukagu gure pekatua, harengandik aldendu izana…

Erantzun salmoa

Ef 1, 3-6. 11-12

Gure txikikerien gainetik autortu geike gure handitasuna, eta haren pareko izaten ahalegindu geintekez usterik onenaz. Ea Paulo apostoluaren berbek adoretzen gaituen horretarako.

Lk 1, 26-38

Adi dauanak nabaritu daikez Jainkoaren urratsak, eta sartu daiteke haregazko hartu-emonetan. Maria dogu eredu horretan. Egin deiogun harrerea ALELUIA abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Mariaren aurrean bokazinoen urritasuna autortuz, izan daigun gogoan geure sinismenaren pobretasuna ere, eta jo daigun otoitzera, eskale:

—Elizearen alde: gaurko gizon-emakumeentzat erakargarria izan daiten bere apaltasunagaitik, argitasunagaitik eta danengana hurreratzeko gaitasunagaitik, egin daigun otoitz.

—Etsipenean eta urtenbide barik aurkitzen diranen alde: jaso daien burua eta badagoala itxaropena non oinarritu aurkitu daien, eta behar daben laguntza eskuratu ahal izan daien, egin daigun otoitz.

—Euren txarkeriaz konturatu ez eta besteak errudundu eta gaitzetsi eta, sarritan, hareik hilteraino heltzen diranen alde: zabaldu dakiezan begiak eta bihozbarritu daitezan Maria eredu hartuz, egin daigun otoitz.

—Gure Elizbarrutiko abadegaien alde: Maria eredu izanik, hemengo herrian ondo oinarrituta bilatu daien Jainkoari “BAI” handi eta sakon batez erantzutea, egin daigun otoitz.

—Eukaristiaren mahai-inguruan alkartu garanon alde: abade-herri garala gogoan hartuz, Jainkoari zintzotasunez eta besteentzat eredu izanez erantzutea bilatu daigun, egin daigun otoitz.

† Zeugazko hartu-emonetara deika gaukazuzan Jainko ona: emoiguzu “BAI” erantzuteko behar dogun Mariarena lango apaltasuna. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzean

—Pozaren pozez gainezka daukat nik gogoa / salbatzaile dot Jaungoikoa.

—Mirabe honen ezereza dau hark ikusi / ta munduak ni handietsi.

—Handiak egin ditu guztia dagikenak / Santu dau harek bere_izena.

—Bere besoaz harrigarriak egin ditu / bihotz harroak dauz suntsitu.

Amaierarako…