Sarrera oharra
Senideok: Abendualdiko IV. domeka honetan, beti lez, Caritas jatorku gogo esnatzaile: behartsuak hortxe dagozala gogoratzen deusku, eurengan agertzen dala Jainkoaren aurpegia; eurengan gauzatu geikela gure errukia; eurak dirala gizarte honetako txikienak…
Eta ospatzen dogun Liturgiak txikienei buruz hitz egiten deusku eta honeen poztasuna azaleratuko. Hortxe aurkitzen dogu maria, Jainkoaren mirabea, bere txikitasuna Isabelegaz alkarbanantzen eta biak poztasunez beteten. Bultzatu gaizala gaurko Eukaristiak gure inguruko txikiekaz bat egiten euren pozerako eta gure zorionerako.
Sarrera-abestia
Zatoz, Jauna! Gaur zai duzu mundua,
zori gaitzez hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:
Etor bedi zure erreinua!
Zatoz, Jauna! Maitasunez gu bete:
jendeek elkar ezin hartu dute.
Zatoz, Jauna! Zuk bat egin mundua:
Etor bedi zure erreinua!
Abenduko kandelea ezaugarri
Abendualdia ibilaldi baten egiten dogu, eta ibilaldi horretarako urratsak markatu gura doguz domekaz-domeka, gure itxaropena gero eta handiagoa izan daiten, eta itxaroten dogunari harrera on egiteko gauza izan gaitezan. Biztu daigun laugarren kandelea, abesti artean.
Jagi zaitez, Jerusalem / badator zure argia;
badoa argitzen zuregan / Jaunaren aintza.
Lehenengo irakurgaiari
Jainkoak txikiagan jarten dauz bere begiak, eta txikiagandik sortuko dau bere herriarentzako itxaropena. Ez ete gaitu honek txikienganako jarrerea aldatzera eroaten? Aintzat hartuak izan daitezela gure artean.
Erantzun salmoa
Sal 79, 2a eta 3acd. 15-16. 18-19
R/. Jainko, berbiztu gagizuz; salbau gaitezan, zeure begia leun agertu egizu.
Bigarren irakurgaiari
Zer eskeini geikeo Jainkoari? Ze pari itxaroten ete dau gugandik?Jainkoak geu hartzen gaitu bere errukian. Hauxe da Jainko Semearen eskeintzak irakasten deuskuna.
Ebanjelioari
Jaikoaz beteten dan Maria ezin daiteke gelditu bere etxean; urten beharra dauka, bere pozaren barri Isabelegaz partekatzeko. Holan biek goratuko dabe Jainkoa. Egin deiogun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Bere begiak txikiarentzako daukazan Jainkoari zuzendu deioguzan gure eskari-erreguak, munduko txikiak gogoan izanik:
—Elizearen alde: mundu honetako behartsu, alboratu eta gaitzetsien artean egoten jakin daian, hareen itxaropenerako eta poztasunerako, eskatu deiogun Jaunari.
—Zuzengabekeriak, erasoak, erbestealdia, bortxakeria, giltzapea edo beste edozein atsekabe sufritzen dabenek ondoan sumatu gaiezela Jesusengan sinisten dogunok, eskatu deiogun Jaunari.
—Caritasen lanean diharduenen alde, eta harek babesten dauzanen alde: gizarte zuzenago bat eraikitzearen deigarri izan dakiguzan, eskatu deiogun Jaunari.
—Politikagintzan ustelkeria guztia ezabatu diaten, behartsua aintzat hartua izan daiten, eta etxebizitza eta lana guztientzako bilatzea lehenengo arduretakoa izan daiten, eskatu deiogun Jaunari.
—Eukaristiaren mahaian esku hartzen dogunok justizia bultzatu daigun, batez ere neurritasunean bizi izanez eta ondasunak alkarbanatuz, eskatu deiogun Jaunari.
† Txikien eta apalen Jainko: egin gaizuz euren ondoko, zuzentasuna gero eta handiagoa izan daiten gure artean. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
Kanta daigun guztiok bihotza betean
gure Salbatzailea etorri artean.
1 Gauaren erdian da entzun deadarra:
«Erne egon gaitezan ba dator Senarra!»
2 «Nausia ba dator-ta lapurra bezala:
Jaunaren zain guztiok aurkitu gaizala.»