URTEAN ZEHARREKO VIII. DOMEKEA /C
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, Urtean Zeharreko 8. domeka honetako Liturgia ospatzera. Zer izango dogu gogoan? Jesusek senide-taldea gura gaitula, alkarren zerbitzuan, alkar zuzentzen eta alkar maitatzen, ingurukoen eredu. hantxe, geure inguruan emon behar dogu Jesusen barri geure bizikereaz.
Gaurkoan gure jarduerak eta izakerak-eta argitu gura izango deuskuz. Sartu gaitezan buru-belarri, uste osoa Jaunagan jarrita.
Sarrera-abestia
Aita baten semeok,
sinismen bakar bat dogunok,
anai artean batu garanok,
kantuz gatoz,
kantuz zugana, Jauna.
Seme gara, bai, baina
seme izaten ba ete dakigu?
Anai gara, bai, baina
anai izaten ba ete dakigu?
Seme izatera, anai izatera, Jauna,
heldu nahi dogu.
GOAZEN ALKARTURIK
biztuta fedea
argitan zabalik maitasun bidea.
1 Entzun dezagun apaltasunez
entzun dezagun Jaunaren hitza
Bere hitzetan gure egia
gure indarra gure bizia.
Damu-otoitza
Inguruak eraginda, alkarrentzat barik norberetzat bizi gara sarritan, eta guzurrean edo aldenduta… Bihozbarritzea eskatu daigun:
—Jesus Jauna, zeure inguruan, senide-alkarte gura gaituzuna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, Lehenengo geure akatsak ezagutuazoten deuskuzuna, Kristo, erruki.
—Jesus, Jauna, geure makaltasunetatik ere alkarrengana bultzatzen gaituzuna, erruki, Jauna.
Lehenengo Irakurgaiari (Si 24, 4-7)
Zein garrantzi handikoa dogun berbea, zelan hitz egiten dogun! Baina, zaintzen dogu gure berbakerea? Izaten da gure berbea adore emoteko, eraikitzeko, giro ona sortzeko…?
Erantzun salmoa
Gure inguruan hainbeste madarikatzen da Jainkoa; eta salmogileak Jainkoa gorestea eta aintzaltzea ederra dala autortzen dau. Egingo dogu beragaz bat?
2. Irakurgaiari (1Ko 15,54-58)
Gu ez gara gaur eta hemen onak edo txarrak, gizaki eginak, amaituak. Onerantza eta osotasunerantza bidean goazanak baino. Eta bide onetik eroan gura gaitu apostoluak. Entzun deiogun.
3. Ebanjelioa (Lk 6, 39-45)
Ez daigun uste izan Jesusek isilpera edo ilunpetara bialtzen gaituanik; alkarren zerbitzuan jarduteko, norbere mugak-eta ezagutzera eta autortzera baino. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
HERRI OTOITZA (Eskariak)
† Errezena dogu akatsenpean geure burua baztertzea, eta besteak gaitzestea edo kritikatzea; baina Jesusek alkarrentzako gura gaitu, geure makaltasun eta muga eta akats eta guzti… Jo daigun eskarietara:
—Elizearen alde: bere makaltasunetik, eta apaltasunez, emon deiogun gaurko munduari Ebanjelioaren barri, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita/Ama zaitugu-ta).
—Guraso, hezitzaile eta zaintzaileen alde: zintzotasunetik hurreratu daitezan umeengana, gura izango geuken gizartea eraikitzeko asmoz, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita/Ama zaitugu-ta).
—Euren burua baztertuta ikusten dabenen alde: Gizarte honetan danok daukagula leku onartu daien, eta euren frutuak emoten ahalegindu daitezan, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita/Ama zaitugu-ta).
—Eukaristiarako alkartzen garanok, geure muga eta makaltasunen gainetik alkarren zerbitzari gura gaitula Jesusek onartu eta garatu daigun, eskatzen deutsugu, Jauna (Aita/Ama zaitugu-ta).
† Onartu daigula, Jauna, zeure dohaien eroale egin gaituzula, bakotxa era batera; eta jarri daigula geure burua, apaltasunez, senidearen zerbitzuan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
Jaunartzean
1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.
OTOITZA
Sarritan salatzen dogu, Jauna,
besteen itsutasuna geure itsukeriatik,
eta irakasle agertu gura dogu geure burua
gure ezjakina ezkutatuz edo isilduz.
Zein beharrezko dogun, Jesus, apaltasuna,
geure mugak eta akatsak autortzeko
eta hobearen bidean jarri ahal izateko.
Ba dakigu, Jesus, gu garean ustelkor hau
ustel ezina bihurtzera deitua dana.
Lagundu deiogula alkarri bide hori egiten,
alkar zuzenduz, argituz eta adoretuz,
eta alkarren akatsak eta mugak-eta
eroapenez jasanez eta eroanez.
Nahi dogu-ta, Jesus,
alkar maitatzen dabenen arteko izan.