PAZKOALDIKO 2. DOMEKEA /A
Sarrera oharra
Ondo etorri, senideok, pazkoaldiko 2. domeka honetako elizkizunera. Gure sinismena taldean bizi izateko sinismena dala azpimarratuko dogu, eta eskertuko. Ikasi daigula, ba, Tomas apostoluagandik Jesus Jauna autortzen, eta beste ikasle eta jarraitzaileengandik alkarregaz ikasten, ospatzen eta alkarri zerbitzu egiten.
R/. Bizi da Jauna, bizi da! / Bizi da Jauna, bizi da!
Bizi da, bizi da, bizi da Jauna, / bizi da gure artean! (bir)
—Pazko goizean hutsik dago hilobia.
Biztu da Kristo, biztu, gure eguzkia: / nagusi da argia!
—Ilunpetatik berak / gu atara gaitu;
munduaren distira berak dau barritu: / berak gaitu biztu. R/.
Uraz zipristintzea
Pazko gauean bedeinkatutako uraz barriztatu genduzan bateo-agintzariak. Eta pazkoaldi guztian zehar gogoratu geikez agintzariok eta bizkortu geike eurei erantzuteko gogoa.
Aintzarako
Berbiztuak emoten deuskun poztasunaz eta itxaropenaz beterik emon deioguzan aintza eta goralpena Jainko bizi-emoileari, bere Semeagan egina geugan egingo dauala ziurtatzen deusku-ta.
1. Irakurgaiari Eg 2, 42-47
Hona Berbiztuaren jarraitzaileen ames antzeko talde bat. Talde honek erakusten deuskunerantza jo behar dogu geuk ere, aurrean beti eukiz bihotz bakarreko izateko bidean gagozela.
Erantzun salmoa Sal 117
2. Irakurgaiari 1 P 1, 3-9
Pedro apostoluaren goralpenak eskuratzen dauz sinistun talde honek. Eraginkorra da euren sinismena, itxaropentsua. Geurea bizkortzeko deia izan dakigula.
Ebanjelioari Jn 20, 19-31
Adi, Joan ebanjelariak emongo deuskuzan aztarnei: gure sinismena adoretu eta indartu gura dau, gure erdian Berbiztua jarteko eskatuz. Egin deiogun harrera Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Biztuereak gugan sortuazoten dauan pozez eta itxaropenez jo daigun erreguka Jainko bizi-emoileagana:
—Elizearen alde: artzain guztiengan eta eliztar guztiengan agertu daian itxaropen argitasuna, eta poz betean bizi izan daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Pozik edo itxaropen barik bizi diran gaixo, eta pobretuen alde: eliz alkarteetan laguntza aurkituz poza eta itxaropena berreskuratu daiezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Lanik barik, etorkizun baltza ikusten dabenen alde eta euren etxetik atareak izan diranen alde: gizarte solidario baterako garraxi izan daitezan eta behar dabena sor deutsegula ikusiazo deiguen, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure eliz alkarteak Elizbarrutiaren egoereaz jabetu daitezan, sinismenean bizkortu daitezan, eta era barri baten antolatzeko beharrizana eta gogoa azaldu daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Elizkizun honetan esku hartzen dogunok Berbiztua jarri daigun gure bizikerearen erdian eta alkarregaz egotea eta alkarren beharrizanei erantzutea bilatu daigun, eskatu deiogun Jaunari.
† Jainko bizi-emoilea: onartu gure erregua eta egin gaizuz biztuerearen testigu. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean: Gurekin egon, gurekin, Jauna…
Oharrak
1. SB: Datorren domekan, 11 t’erdietako mezan, parrokiako ume batzuk euren Lehenengo Jaunartzea ospatuko dabe.
2. Datorren eguenean, maiatzak 1, Lorategietako jaiak dira. Meza, goizeko 11 t’erdietan izango da.
Amaieran
Jesus Jaun berbiztuaren inguruan Elizea eraiki gura dogunok arduratu gaitezan gure lekuko elizearen arazoez, eskakizunez eta egitasmoaz, egiten jakuzan deiei erantzuten ahaleginduz. Erregutu daigun gure Elizearen alde: bere altzoan gara Jesusen ikasle eta jarraitzaile.
Abestia: Zeru-lurren erregina: Aleluia, aleluia.
Biztu jaku Jesus Jauna: Aleluia.