Tony Fruscella (Orangeburg, 1927ko otsailaren 4a-New York, 1969ko abuztuaren 14a), jazz musika estiloko tronpeta-jotzaile estatubatuarra. Estilismoari dagokionez cool esparruan kokatua, Chet Baker-en jarraitzaile sutsu bat izan zen eta haren antzera ibili zen droga munduan murgilduta, bizitza horrek behar baino azkarrago gertatuko zen heriotzera eramango zuelarik. Bere estilo cool-a sofistikatu, estilizatu eta intimista bezala bereizten da.
Musikalki armadako orkestran hezi zen, bere ukitu cool-ak, Miles Davis, Joe Thomas eta Bix Beiderbeckek eragindakoa, 50. hamarkadako hasieran Charlie Barnet, Lester Young, Gerry Mulligan eta Stan Getz bezalako artisten laguntzaile bihurtu zuen. Lider modura bere saio bakarra 1955ean izan zen, I´ll Be Seeing You (edo soilik Tony Fruscella tituludun). Urte hartatik aurrera drogek eta alkoholak asko mugatu zuten bere jarduera musikala eta soilik 50. hamarkadako amaieran izan daitezke nabarmen Don Joseph tronpetariarekin egindako grabaketak. 60. hamarkadan oso urrun egon zen edozein jazz jardueratik eta 1969an hil zen zirrosis-aren eraginez. Jazz factory zigiluak 1999. urtean The Complete Works editatu zuen, album laukoitz bat bere grabaketa guztiekin.