María Dolores Flores Ruiz, Lola Flores izen artistikoaz ezagunagoa (Jerez de la Frontera, Espainia, 1923ko urtarrilaren 21a - Alcobendas, Madril, 1995eko maiatzaren 16a), kopla abeslari, dantzari eta aktore espainiarra izan zen. Artistikoki "La Faraona" bezala ezagutzen zen.Antonio González "El Pescaílla" (1926-1999) gitarra-jolearekin ezkonduta egon zen eta hiru seme-alaba izan zituzten: Lolita Flores (Dolores González Flores), Antonio Flores (Antonio González Flores) eta Rosario Flores (Rosario González Flores) abeslariak. Carmen Flores abeslariaren ahizpa, Quique Sánchez Flores futbolari ohia eta entrenatzailearen izeba eta Elena Furiase eta Alba Flores aktoreen amona izan zen.
Lola Flores San Miguel auzo flamenkoan jaio zen, Jerez de la Fronteran. Hamabi urte baino gutxiago zituenetik dantzari ezaguna zen bere hiriko giro artistikoan. Garai haietan Concha Piquerren eta Estrellita Castroren abestiak interpretatzeko gai zen. Askok ijitoa zela esaten bazuten ere, berak ukatu egiten zuen, andaluziarra soilik zela esanez. Zirudienez, Lolaren amonak ijito jatorriak izan zitzakeen. Honekin guztiarekin, Lola Flores ijito andaluziarren musika eta kulturarekin erabat identifikatzen zen. 1939an, 16 urte zituenean, Jerezeko Teatro Villamartan estreinatu zen Luces de España ikuskizunarekin. Bautizá con manzanilla abestu zuen.Manolo Caracolekin izan zuen arrakasta gehien bikote artistiko bezala, 1951 bitartean elkarrekin lan eginez. 1958an Antonio González "El Pescaílla" gitarra-jolearekin ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten elkarrekin: Lolita, Antonio eta Rosario. Hirurak musikaren munduan lan egin zuten, bere ahizpa Carmen Floresen moduan. New Yorkeko Madison Square Gardenen ekitaldi bat eman zuen, eta emanaldiaren osteko kritika famatu bat gogoratzen da: «No sabe cantar, no sabe bailar, no se la pierdan». 1962an Lazo de Dama de Isabel la Católica saria jaso zuen eta 1967an Círculo de Bellas Arteseko urrezko dominarekin saritu zuten.
1939 eta 1995 artean, film eta telesail ugaritan agertu zen ijito papera egiten. Horien artean, 40ko hamarkadako klasiko bat nabarmentzen da: Embrujo (1947), Manolo Caracolekin, garai hartako bere bikote sentimentalarekin, egin zuen drama musikala. 50eko hamarkadako film folklorikoetatik Morena clara (1954), El duende de Jerez (1953) eta Maria de la O (1959) nabarmentzen dira. Gogoratzen diren beste film batzuk La hermana San Sulpicio (1962) eta La faraona (1955) eta Sueños de oro (1958) drama mexikarrak dira.
Casa Flora (1972) eta Una señora estupenda (1972) dira bere bi zinta salbagarrienak predestape komedia espainiarraren garaitik; beranduago Juana la loca... de vez en cuando (1983) komedia protagonizatu zuen, Isabel katolikoari bizia emanez. Truhanes (1983) edo Sevillako Exporako egindako Sevillanas (1992) dokumentalean ere parte hartu zuen. Oso ezaguna da Carmen Sevilla eta Paquita Rico, bi artista folkloriko eta aktoresekin, izan zuen adiskidetasuna. Hauekin aktuazio musikal asko egin zituen Hispanoamerikan zehar eta baita El balcón de la luna (1952) filma ere.
1995eko maiatzaren 16an hil zen El Lereleko bere egoitzan 72 urte zituela, 1972an diagnostikatu zioten bularreko minbiziaren ondorioz. Bere hil-kapera gaur egungo Teatro Fernán Gomez antzokian, Madrilen, jarri zuten. Hilkutxa ireki batean eta mantila zuri batekin jantzita, Madrilgo La Almudena hilerrira eraman zuten bertan hilobiratua izateko. Lola Floresen heriotzatik hamalau egun igaro zirenean, honen semea, Antonio Flores, hilik aurkitu zuten bere El Lereleko etxean. Ustez, heriotzaren arrazoia narkotikoen gaindosia izan zen. Amarekin batera lurperatu zuten.