Elizabeth Short

Elizabeth Short (1924ko uztailaren 29a - 1947ko urtarrilaren 15a) emakume estatubatuarra hilketa ikaragarri eta zabaldu baten biktima izan zen. "Dalia Beltza" ezizenaz ezaguna, Short gogorki mutilatua eta gorputza zatikatua zuela aurkitu zuten 1947ko urtarrilaren 15ean Leimert Parken (Los Angeles, Kalifornia). Erailketa, oraindik argitu gabekoa, espekulazio orokorraren iturri izan da, baita hainbat liburu eta filmen moldaketen sorburu.

Biografia

Elizabeth Short Hyde Parken jaio zen, Massachusettsen. Medforden hezi zuen amak, Phoebe Maek, bere aitak, Cleo Shortek, 1930eko urrian bera eta bere lau ahizpak alde batera utzi ostean.

Asma zuela eta, bere haurtzaroko udak Medforden igaro behar izan zituen Elizabeth gazteak, eta neguak, aldiz, Floridako lurraldean. Helduagoa zela, 19 urte zituenean hain zuzen ere, Vallejora joan zen, Kaliforniara, aitarekin bizitzera. 1943. urtean biak Los Angeleseko hirian finkatu ziren, baina euren arteko liskar baten ondorioz, neska gazteak bertatik alde egitera beharturik ikusi zuen bere burua, horrela Lompocetik gertu kokaturik dagoen Cooke kanpamentuan (gaur egungo Aire Armadaren Vandenberg basea) gerora biziko zituen elkartrukeetako batean lanpostu bat lortu zuelarik. Santa Barbarara joan zen eta bertan 1943ko irailaren 23an atxilotua izan zen adin txikiko zenean alkohola edateagatik, eta Medfordera bueltan eraman zuten autoritateek. Hurrengo urteetan, Floridako hainbat hiri desberdinetan bizi izan zen, batzuetan Massachusettsera bidaiatuz. Bertan dirua lortzen zuen, gehienetan zerbitzari lanetan jardunez.

Floridan bizi izan zen bitartean, Matthew M. Gordon Jr. burua ezagutu zuen; hau, hain justu, bigarren airetiko komandantziako eta TBIko (Txina - Birmania - India) lur hartzeko trebakuntza-taldeko kide zen. Uzkailitako pilotu bat salbatu nahian jasandako aireko istripu batetik berrindartzen zen bitartean, Gordonek Indiatik ezkontzeko proposamena eginez gutun bat idatzi ziola esan zien Shortek lagun batzuei. Berak proposamena onartu zuen, baina Gordon Jr. 1945eko abuztuaren 10ean hil zen istripu batean, AEBra itzuli aurretik. Beranduago, biak ezkondu egin zirela eta hil zen haur bat izan zutela esan zen. Nahiz eta Gordonen lagunek Shortekin harremana zuela baieztatu zuten, gerora, bere familiak neskarekin harremanik ez zuela izan esan zuen hilketaren ostean.1946ko uztailean, Kaliforniako hegoaldera itzuli zen gerra garaian Floridan ezagutu zuen aspaldiko mutil lagun batekin, Gordon Fickling tenientearekin, elkartzeko. Hau Long Beachen bizitzen ari zen. Bere heriotza baino sei hilabete lehenago, Kaliforniako hegoaldean bizitzen egon zen, Los Angeles inguruan batez ere. Denbora horretan hainbat hoteletan, apartamendu eraikinetan, ostatuetan eta etxe pribatuetan bizi izan zen, inon ez pare bat aste baino luzeago.

Heriotza

Elizabeth Shorten gorpua Los Angeleseko Leimert Parkeko barrutian aurkitu zuten 1947ko urtarrilaren 15ean. Neska gaztearen gorpuzkiak lur alfer batean utzi zituzten, Norton Avenueko hego-mendebaldean, Coliseum kalea eta West 39th kalearen artean. Shorten gorpua Betty Bersinger izeneko auzokoak aurkitu zuen hiru urteko alabarekin paseatzen zebilen bitartean. Gorputza, gogorki mutilatua, gerrian moztuta zegoen eta odola drainatuta. Aurpegia ebakita zuen ezpainen ertzetatik belarrietarantz, Glasgowko irria delakoa eginik. Gorputza garbitua izan zen eta eskuak buruaren gainean eta ukondoak angelu zuzena osatuz ipiniak izan ziren. Barea, bihotza eta hesteak erauzi zizkioten.

Autopsiak Shortek 1.65 metro neurtu, 52 kilogramo pisatu, begi urdinak, ile marroia eta hortzak txantxartuta zituela adierazi zuen. Orkatiletan eta eskumuturretan soka batek eragindako markak zituen. Gorotza jatera behartu zuten nabaritasuna zegoen. Burezurrean inongo hausturarik nabari ez bazitzaion ere, Shortek hainbat eta hainbat ubeldura zituen garezur osoa babesteko helburuarekin hau inguratzen duen azalaren aurrealde eta eskuinaldean, azken honetan buruan jasotako kolpe ugarien ondorioz odoljario subaraknoideo txiki bat agertu zitzaiolarik, hots, garezurraren eta hau estaltzen duen mintzaren artean dagoen linfa izeneko substantzia likidoan odol isuria agertu zitzaion. Gauzak horrela, bere heriotza aurpegiko zaurietako odol galera eta konmozio zerebralak eragindako shockaren arteko konbinaketaren emaitza izan zen.

1947ko urtarrilaren 23an, hiltzaileak Los Angeles Examiner egunkariko argitaratzaileari deitu zion hilketaren albistea gertutik jarraitzen ez zirela ari eta kezkati. Shortenak ziren elementuak bidaltzea eskaini zion argitaratzaileari. Hurrengo egunean, Shorten jaiotza-ziurtagiria, txartelak, argazkiak, paper zatietan idatzitako izenak eta Mark Hansen izena azalean zuen helbide libreta barruan zituen pakete bat iritsi zen Los Angeleseko egunkarira. Hansen, Short bizirik ikusi zuen azken pertsona ezaguna (urtarrilaren 9a), susmagarri nagusi bihurtu zen. Hiltzaileak gutun gehiago idatzi zituen egunkarira, "Black Dahliaren Mendekatzailea" ezizena bere buruari ezarriz. Urtarrilaren 25ean, Shorten zorroa eta zapata bat aurkitu zituzten Norton Avenue inguruko zaborrontzi batean. Kasuaren nabaritasunaren ondorioz, 50 gizon eta emakume baino gehiagok aitortu zuten erailketa, eta polizia informazioz gainezka zegoen egunkari batek kasua iragartzen zuenean edo gaiari buruzko liburu edo film bat ateratzen zuten bakoitzean. St. John sarjentuak, jubilatu arte kasu honetan lan egin zuen detektibeak, zera esan zuen: "Txundigarria da nola pertsona askok euren familiartekoak salatzen dituzten hiltzaile gisa."

Gerry Ramlowek, Los Angeles Daily Newseko erreportari batek, honakoa esan zuen: "Hilketa ez bada inoiz argitu, kazetarien erruz izan da... Alde guztietan zeuden, frogak zapaltzen, informazioa gordetzen". Poliziak egun batzuk behar izan zituen ikerketaren kontrol totala eskuratzeko; kazetariak departamenduetako bulegoetan libreki aritzen ziren, euren idazmahaietan esertzen ziren eta deiak erantzuten zituzten. Herriaren informazio asko eta asko ez zitzaion poliziari iritsi, kazetariek gertaeren "aurre berriak" eskuratu nahi baitzituzten.

William Randolph Hearsten egunkariek, Los Angeles Hearld-Express eta Los Angeles Hearld-Examinerek, kasua sentsazionalizatu egin zuten; Shortek azkenekoz jantzita zeraman neurrira egindako janzki beltza "gona estu eta blusa malkartsu" bihurtu zen eta Elizabeth Short "Black Dahlia" bilakatu zen, "Hollywood Boulevard inguruan ibiltzen zen abenturazalea". Ibiliaren ibilian, komunikabideak gero eta burugabeago bihurtu ziren Shorten bizimoduari buruz hitz egitean eta "materialaren biktima" bihurtu zuten, Short ezagutzen zutenek neska gazteak ez zuela erretzen, ez edaten eta ezta biraoak esaten baieztatzen zuten bitartean.

Elizabeth Short Mountain View hilerrian lurperatu zuten, Oaklanden (Kalifornia). Bere ahizpak hazi eta ezkondu ondoren, Shorten ama Oaklandera joan zen bizitzera alabaren hilobiaren gertu egoteko. Azkenean Phoebe Short ekialdeko kostara itzuli zen 1970eko hamarkadan eta 90eko hamarkadan bizi izan zen.

Zurrumurruak

Hilketa geroko prentsa-txostenen arabera, Shortek "Black Dahlia" edo "Dalia Beltza" ezizena jaso zuen Long Beachen1946ko udan une hartako The Blue Dahlia filmaren erreferentzia gisa. Hala eta guztiz ere, Los Angeleseko ikertzaileek esan zuten goitizena hilketa inguratzen zuten egunkarietako kazetariek asmatu zutela. Edozein kasutan ere, inork ez zuen ezagutu Short "Dalia Beltza" bezala bizirik.

Hainbat pertsonak, poliziarekin eta kazetariekin harremanetan, Short desagertu zen lehen astean bertan ikusi zutela baieztatu zuten, hau da, urtarrilaren 9a eta gorpua aurkitu bitartean. Horietako inork ez zuen ezagutzen Short pertsonalki. Poliziak eta Los Angeleseko ikertzaileek balizko hautemate hauetako bakoitza baztertu zuten.