Marshall Plana

Marshall Plana (ofizialki Europa Suspertzeko Programa) Bigarren Mundu Gerraren ondoren AEBekEuropako herrialde aliatuen gainean (baita garaitutako Alemanian eta Italian ere) garatutako egitasmoa izan zen, zeinen helburua herrialde horien egoera ekonomikoa suspertzea eta haiengandik komunismoa uxatzea zen. Izena George Marshall AEBko Estatu Idazkariarengandik datorkio. William L. Clayton eta George F. Kennan Estatu Saileko ofizialak nabarmendu ziren plana sortzerakoan.

Aurrekariak

II. Mundu Gerraren ondoren, Europaren zati handi bat suntsitua zegoen eta milioika pertsona hil ziren. Borroka leku guztietan borrokatu zen, I. Mundu Gerran baino herrialde gehiagori erasanik. Airezko bonbardaketen ondorioz, hiri gehienak oso kalteturik zeuden eta gehienbat industria guneak, lehen aipatutako hegazkin bonbaketari horien jomuga nagusia izan zirenak. Berlin eta Varsovia suntsiturik zeuden, Londres eta Rotterdam, berriz, oso kalteturik gelditu ziren. Kontinente Zaharraren egitura ekonomikoa ezerezean gelditu zen eta milioika pertsona txirotasunean geratu ziren. Holandako 1944ko gosetea konpondurik ere, nekazaritzaren hondamendi orokorrak, gosetea ekarri zuen Europara, 1946-1947ko negu gogorrak egoera zaildurik. Trenbideak, zubiak eta errepideak ere suntsiturik zeuden, hegazkin bonbaketarien helburu nagusiak izan zirenak eta zamaontzi ugari ere hondoratuak izan ziren herri txikienek ez zuten triskantza handirik izan, baina garraio bide ezak erabat isolaturik utzi zituen fisikoki eta ekonomikoki.

Ameriketako Estatu Batuak izan zen potentzia bakarra bere azpiegiturak suntsituak edo kaltetuak izan ez zituena. Hau horrela jazo zen AEB gainontzeko herrialde europar gehienak baino askoz ere beranduago sartu zelako gerran eta gudua ez zelako borrokatu bere lurraldean, baizik eta Europan. Estatubatuar urre erreserbek bere horretan jarraitzen zuten, bere nekazaritza oinarri eta industria oinarriak bezalaxe. Gerra urte haiek Estatu Batuen historia guztiko hazkunde ekonomikorik handiena suposatu zuten eta bere arma fabrikek nazioa bera hornitzeaz gain, nazio aliatuak ere hornitzen zituen. Gerraren ondoren, industriak birmoldatu egin zituzten eta kontsumo ondasunak ekoizten hasi ziren, gerra garaia bereizten zuen laztasuna kontsumismo gastuarengatik aldaturik. Ekonomia honen oreka merkataritza internazionalaren baitan zegoen, fabriketan sortzen ziren soberakinak merkatu berrietara esportatu behar ziren eta. Honen ondorioz, Marshall Plana lehengaiak eta eskulan produktuak Estatu batuetatik eskuratzeko erabiliko zen.

Estatu batuek Marshall Plana hasteko zuten beste arrazoi garrantzitsuenetako bat Gerra Hotzaren hasiera zen. Garai haietan, estatubatuar gobernuko langile askok susmo txarra hartzen hasi ziren sobietarren ekintzez. George Kennanek, adibidez, Marshall Planaren sortzaileetako bat, ordurako aurreikusten zuen munduaren banaketa bipolar bat. Berarentzat, Marshall Plana Sobietar Batasuna geldiarazteko dotrina multzo baten nukleo zentrala zen. Hala ere, plan hau sartutakoan ordurarte sortutako aliantzek bere hartan jarraitzen zutela eta Gerra Hotza artean ez zela hasi esan behar da.

Estatubatuarrak kezkatzen zituena, aldiz, alderdi komunista batzuek zituzten harreman eta eragin sozial lokala zen. Frantzian nahiz Italian, gerraren ondorengo pobreziak indarra ematen zien partidu hauei, ordurarte oso beharrezkoak izan zirelako gerran zehar erresistentziaren alde borrokatuz. Aipatutako partidu horiek sostengu handia zuten herritarren aldetik gerraosteko hauteskundeetan, bereziki Frantzian bozkatuenak izan ziren eta. Hau Estatu Batuetako gobernuak mehatxu larritzat zuen. Euskarri-politikaren sorrerak esaten zuen Amerikako Estatu Batuek laguntza handia eman behar ziela herrialde ez komunistei, komunismoaren eta Moskuren esku geratu ez zitezen. Gainera, horrela Europako zenbait naziok beren laguntza aldarrikatu eta sobietar bloketik aterako ziren esperantza zuten. Hala ere, Marshall Plana baino lehen, AEB hasi zen laguntzak bidaltzen europar errekuperaziorako. 1945-47 urteen bitartean kalkulatzen da 9.000 milioi dolar inguru bidaliko zirela Europara era ez zuzenean, Mailegu eta Alokairu Programaren bidez nahiz estatu batuar soldaduek eraiki zituzten eraikuntza militarren bidez. Akordio bilateralak ere sinatu ziren; horien artean garrantzitsuenak Greziarenak eta Turkiarenak, Trumanen Doktrinaren barruan egin zirenak, bi herrialde hauek material militarra eduki zezaten. Orduan hasi berria zen Nazio Batuen Erakundeak ere era guztietako misioak hasi zituen Estatu Batuetako diruarekin finantzatuak. Esfortzu hauek guztiak eraginkorrak izan ziren, baina koordinazioa eta planifikazioa falta zitzaien eta ez zuten jakin Europako beharrak asetzen.

Ezarpena

Lehenengo laguntza garrantzitsuak Grezia eta Turkiarentzat izan ziren 1947ko urtarrilean. Bi herrialde hauek espantsio komunistaren aurkako gune oso garrantzitsutzat hartuak zeuden eta orduko Trumanen Doktrinatik laguntza ekonomikoak jasotzen ari ziren. Hasieran, Erresuma batuak ere diru laguntzak eman zizkien talde antikomunistei, baina bere egoera ekonomikoa zela eta, Estatu Batuei bakarrik jarraitzeko eskatu behar izan zien. AIEE bi herrialde hauei laguntzen hasi zen 1948ko uztailean.

AIEEren misio ofiziala honako hau zen: ekonomia europarrari laguntzea produkzio industrialean, Europako diruei babesa ematea eta nazioarteko merkataritza ahalbidetzea (bereziki Estatu Batuekin; izan ere, berebiziko interesa zuten Europa sendo bat egon zedin, produktu estatubatuarrak inportatzeko adinako gaitasuna zuena). Kontuan hartu behar da europar nazioek beren dibisak agortu zituztela gerran zehar; horregatik ez ziren gai beste herrialde batzuek ekoiztutako ondasunak inportatzeko. AIEEren beste helburu ofizioso bat, Marshall Planarena bezala, Sobietar Batasunak Europan zuen eragina indargabetzea zen, batez ere alderdi komunista sendoak zituzten herrialdeetan, Frantzian eta Italian adibidez.

Marshall Planaren dirua gobernu europarretara emana izan zen, administrazioak gobernu lokalarekin eta AIEErekin batera jarduten bazuen ere. AIEEko komisario bat zegoen Europako hiriburu bakoitzean, normalean enpresaburu estatubatuar famatu bat izaten zen, eta honek prozesuan gobernua aholkatuko zuen. Herrialde ugariren arteko gastua sustatu zen, funtzionario taldeak eta sindikatuak sortu ziren ekonomia aztertu eta erabakitzeko non zen beharrezkoagoa diru hori.

Marshall Planak neurri handi batean Estatu Batuetatik zetozen produktuak inportatzeko balio izan zuen. Europar herrialdeek beren diru erreserbak ia guztiz agortzean gerran zehar, Marshal Planaren laguntza zen forma bakarra herrialde hauek zutena beste herrialde batzuetan egindako produktuak erosteko. Hasiera batean, europarrek bizitzarako oinarrizkoak diren produktuak eskertu zituzten, elikagaiak eta erregaiak adibidez. Gero, poliki-poliki, herrialdearen berreraikuntzarako beharrezkoak ziren produktuak erosten hasi ziren, azken finean hau zen Planaren helburua. Ondoren, kongresuaren presiopean eta Koreako gerraren hasierarekin, laguntza horren zati handi bat armaden errefortzuan berrerabili zuten. 1951n, Estatu Batuek emandako 13.000 milioi dolarretatik 3.400 lehengaietan eta produktu semimanufakturatuetan erabili ziren; 3.200 janari, ohial eta ongarrietan; 1.900 makina, ibilgailu, eta ekipamenduetan eta 1.600 erregaietan.AIEEren iniziatiba merke eta eraginkorra Asistentzia Teknikoaren Programa izan zen. Programak ingeniari industrial taldeak biltzen zituen eta Estatu Batuetara eramaten zituen bertan meategi, fabrika eta fundizioak ikus zitzaten eta horrela aurrerapen horiek Europara eramateko. Aldi berean, ehunka aholkulari tekniko eraman zituzten Estatu Batuetatik Europara.

Banaketa

Marshall Plana herrialde parte hartzaileen errenta per kapitaren arabera banatu zen, batik bat. Diru-laguntzaren zati handi bat talde industrial handiei eman zen, pentsatzen zelako bide hau zela egokiena Europa berregiteko. Gainera, errenta per-kapitaren bidezko banaketa herrialde aliatuei laguntzeko modu bat zen eta horrela herrialde neutralei diru gutxiago eman. Hurrengo taulak erakusten du zein laguntza eta zein urtetan eman zitzaion herrialde bakoitzari. The Marshall Plan Fifty Years Latetik hartua izan da.

Herrialdea

1948–1949

(milioi dolar)

510

232

195

103

1.085

175

88

6

594

82

471

0

1.316

39

0

28

1949–1950

(milioi dolar)

438

166

222

87

691

156

45

22

405

90

302

0

921

48

0

59

1950–1951

(milioi dolar)

500

70

360

195

520

45

0

15

205

200

355

70

1.060

260

250

50

Total

(milioi dolar)

1.448

488

777

385

2.296

366

133

43

1.204

372

1.128

70

3.297

347

250

137

1948tik 1952ra, Europak bere historiako hazkunde-ekonomikorik handiena bizi izan zuen. Produkzio industriala %35 handitu zen, eta nekazaritzarenak gerra aurreko mailak gainditu zituen. Gerraosteko lehenengo urteetako gosetea eta pobrezia desagertu egin ziren eta Mendebaldeko Europak, ondoren, sinetsi ezineko hazkundea izan zuen hurrengo bi hamarkadetan, bizitza kalitatea era izugarrian hobetuz. Askok uste dute Marshall Planak errekuperazio hau bizkortzeko balio izan zuela, baina ez dute uste Planak hasi zuenik.

Ondorioak

Marshal Plana 1951n amaitu zen, esan zen urtean. Plana luzatzeko esfortzu guztiak Koreako gerrarekin eta berrarmatzearekin topatu ziren. Gainera, Plana amaitzearen arrazoi nagusia Korea izan bazen, alderdi errepublikarrek 1950eko Kongresu hauteskundeetan beren errepresentazioa handitu zuten eta Planaren aurka jarri ziren. Edonola beste modu bateko laguntza iristen jarraitu zuen.

Beste alde batetik, batzuek uste dute Marshall Planaren ondorio politikoak ekonomikoak bezain garrantzitsuak izan zitezkeela. Planak europar nazioek herstura eta errazionamendu neurriak malgutzea erraztu zuen, ezadostasuna gutxituz eta egonkortasun politikoa lortuz. Komunismoak Europa Mendebaldean zuen eragina nabarmen gutxitu zen eta eskualdean barrena alderdi komunistek zuten indarra nabarmen galdu zuten Marshall Planaren hurrengo urteetan. Bi costa atlantikoen arteko merkataritza erlazioek OTANen sorrera bultzatu zuten, eta Gerra Hotzean ere biziraun egin zuen. Gainera, Ekialdeko Europak parte hartu ez izanak erakutsi zuen kontinentea ideologia ezberdineko bi zatitan banatua zegoela. Marshall Planak Europaren barnerakuntza prozesuari ere lagundu zion. Europarrek, estatubatuarrek bezala, kontinentearen baterakuntza beharrezkoa zela sinesten zuten, bakea eta oparotasuna ziurtatzeko.

Alemaniaren errekuperazio ekonomikoari dagokionez, Marshall Planak emandako laguntzari esker lortu zen neurri handi batean, baina funtsezko faktoreetako bat Planetik at zegoela kontsideratzen da eta 1948an egin zen dibisa erreforman oinarritzen da. Erreforma honi esker, garaiko Reichsmarkak marko alemana ordezkatu zuen legezko txanpon bezala eta inflazioa gerarazteko balio izan zuen. Txanpon aldaketa hau, alemaniar ekonomia suspertzeko balio izan zuena, espresuki debekatua izan zen JCS 1067 zuzendaritza indarrean egon zen bi urteetan zehar. Ekonomia politika hori, Ludwig Erhard kantziler alemaniarrak egin zuen beste neurri ekonomikoetako bat izan zen, errekuperazio programa ekonomikoaren barruan zeudenetako bat zehazki. Mashall Plana, ondorioz, alemaniar ekonomia susperrarazi zuten beste faktoreetako bat izan zen.

Itzultzea

Kooperazio Ekonomikorako Europar Erakundea fondoen banaketaren kargu egin zen eta AIEE europar inportazioez arduratzen zen. Estatubatuar produktoreei Marshall Planetik etorritako dolarren bidez ordaintzen zitzaien eta merkantzia inportazioak ez ziren doakoak jakina, baizkik eta europarrek ordaindu beharrekoak, eskura edo kreditu bitartez, lekuan lekuko txanponarekin. Diru hau kontrabalio fondo batera zihoan eta inbertsio proiektuetan berrerabili zitekeen.

Planean parte hartu zuten herrialde gehienek hasieratik zekiten ez zietela kontrabalio fondoetan ezarritako dirua Estatu Batuei itzuli beharko; horrela, aurrekontu nazionalean xurgatuak izan ziren eta galdu. Bestalde, Alemaniari emandako laguntza guztiak itzulia izan behar zuen, baina 1953ko Londresko akordioaren ondoren, itzuli beharreko zifra 1.000 milioi dolarretara gutxitu zen.1951ko uztailaren 1a arte emandako laguntzak 270 milioi ziren eta horietatik 16,9 bakarrik itzuli zizkieten estatubatuarrei Export-Import bankuaren bitartez. 1953ra arte Alemaniak ez zuen jakin Estatu Batuei zenbat diru zor zien; beraz, Alemaniak behin eta berriro errepikatzen zuen kontrabalio fondoetako dirua mailegu forman emana zela; horrela, ematen zen diru kopurua, interesei esker, handitu egingo zen murriztu ordez. Estatu Batuek hipoteka banku bati enkargatu zioten sistema kontrolatzeko eta Europar Errekuperazioko Programako maileguak era egokian erabiltzeko lana; honen bidez, empresa txiki eta ertanei laguntza emateko. Azkenean, Alemaniak zorra epeka ordaindu zuen eta ordainketa hau 1971n amaitu zen. Hala eta guztiz ere, zorra kitatzeko dirua aurrekontu nazionaletatik irten zen eta ez kontrabalio fondoetatik.

Marshall Planik Gabeko Guneak

II. Mundu Gerrak kaltetutako Munduko leku askok ez zuten Marshall Planaren laguntzarik jaso. Laguntzarik jaso ez zuen Europa Mendebaldeko herrialde bakarra Espainia izan zen. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, Frankoren erregimenaren pean, Espainia autarkia eta protekzionismoaren politikan itxi zen. Ideologia faxistako herrialdeei laguntza ukatzea erabakita ere Estatu Batuek Espainiari laguntza ekonomikoa ematea erabaki zuten, Francisco Francoren erregimena, komunismoaren aurka joango zela baitzekiten. Berrogeita hamarreko hamarkadan Espainiak finantziazio estatubatuarra jaso zuen. Nahiz eta hau Europa Mendebaldeko beste herrialdeek jaso zutena bezalakoa ez izan, laguntza honek hasiera eman zion Espainiaren errekuperazio ekonomikoari eta amaiera gerraoste gogor eta latzari.

Ekialdeko Europak ez zuen Marshall Planaren dolar bat ere ikusi, beren gobernuek Planaren parte izateari uko egin baitzioten eta Sobietar Batasunetik oso laguntza gutxi jaso zuten. Marshall Plana indargabetzeko ELEKen (Elkarren Laguntza Ekonomikorako Kontseilu) egonkortzea lortuta ere, plan hau ez zen estatubatuarrena bezain eskuzabala eta Europako lehengaiak URSSera eramateko aitzakia bat besterik ez zen izan. ELEKen parte hartzaileek Sobietar Batasunera jotzen zuten erregaia lortzeko; honek, ordainetan, makinak, nekazaritza eta industria ondasunak eskatzen zizkien. Ekialdeko errekuperazio ekonomikoa, hortaz, askoz ere geldoagoa izan zen eta askok uste dute Ekialdeko Europaren ekonomia ez zela inoiz errekuperatu komunismoak iraun zuen bitartean.

Beste alde batetik, Japonia oso kalteturik gelditu zen gerra ondoren. Hala ere, kasu honetan ez estatubatuarrek ez kongresuak ez zien Europari adinako sinpatia; gainera, Japoniak Estatu Batuentzat ez zuen ez interes estrategiko ez ekonomikorik. Horregatik ez zen sortu errekuperazio ekonomikorako planik eta 1950 arte errekuperazioa oso geldoa izan zen. Gauza horrela egonik ere, urte horretan Koreako Gerra hasi zen eta Japonia estatubatuarren operazio militarren erdigune bilakatu zen, bertatik zuzentzen baitzituzten Nazio Batuen operazioak eta Japonia ezinbesteko material hornitzaile bilakatu zen. 1952az geroztik Japoniaren ekonomia bizkor suspertu zen.

Kanadak, Amerikako Estatu Batuek bezala, ez zuen ia II. Mundu Gerraren ondoriorik jasan eta 1945ean munduko ekonomia handienetakoa zen. Hala eta guztiz ere, Estatu Batuak baino gehiago zegoen Europarekin zuen merkataritza harremanen menpe eta gerraren ondoren, ondorioak nabaritzen hasi ziren. 1948ko apirilean, Estatu Batuetako Gobernuak Marshall Plana eraldatu zuen eta horrela Europak Kanadako produktuak ere erosi ahal izan zituen.