Mikhail Bakunin

Mikhail Aleksandrovitx Bakunin (1814ko maiatzaren 30a 1876ko uztailaren 1a) errusiar anarkista iraultzaile ezaguna izan zen, Marx-en garaikidea. Anarkista filosofoen lehenengo belaunaldiko ospetsuena da eta anarkismoaren aitatzat jotzen da.

1830eko hamarkadan Hegelen jarraitzailea izan zen eta geroago, 1848ko Alemaniako iraultzan (Dresdengo altxamendua bezala ezagutua) parte hartu zuen. 1849an atxilotu eta Errusiara bidali zuten. Han bizitza osorako espetxe zigorra ezarri eta Siberiara bidali zuten. 1861ean bertatik ihes egin eta Londresera iritsi zen.

Londresen zegoela, Bakuninek Bakea eta Askatasunaren aldeko Ligan parte hartu zuen. Mugimendu hartatik bereizi ziren bera eta bere jarraitzaileak (gutxiengoa osatzen zuten), eta Demokrazia Sozialista Nazioarteko Aliantza sortu zuten. 1869an Aliantza hark Langileen Internazionalarekin bat egin zuen.

Internazionalaren baitan, Bakuninek Karl Marxi aurre egiten zion joeraren buru jardun zuen; hots, joera anarkista edo libertarioaren erreferente bihurtu zen. Hala, Frantzia eta Suitzan barna lan politiko handia aurrera eramango du. 1872an Internazionaletik kanporatuko dute.

Bi urte geroago, 1874an, Bolognan (Italia) altxamendu batean parte hartu zuen, nahiz eta mugimenduak ez zuen luzaroan iraun. 1876an Bernara (Suitza) joan eta bertan hil zen urte hartako uztailaren 1ean.

Biografia

Pryamukhinon jaio zen, Moskuren ipar-ekialdean, eta 14 urte zituelarik San Petersburgora joan zen non Artilleriako Unibertsitatetik entrenamendu militarra jaso zuen. 1832an ikasketak amaitu zituen eta bi urte geroago Guardia inperial errusiarrean menpeko ofiziala izendatu zuten eta Minsk eta Goradnia-ra bidali. Bere aitak soldadutzan edo zerbitzu zibilean jarrai zezan nahi zuen arren, 1835ean Bakuninek biak utzi zituen eta Moskura alde egin zuen filosofia ikasteko esperantzarekin. Moskun ohiko unibertsitate-ikasle talde batera batu zen eta hauekin filosofia idealistari buruzko ikasketak egin zituen batez ere (Kant, Schelling, Fichte, Hegel...).

1842an Alemaniara bidaiatu zuen eta Berlinen mugimendu sozialista gaztearen buru nagusiekin kontaktuan jarri zen. Garai hartan, Parisen, Proudhon, George Sand eta zenbait erbesteratu poloniar ezagutu zituen. Geroago Suitzara bidaiatu zuen eta bertan mugimendu sozialista guztietan aktiboki parte hartu zuen denbora luzez. Suitzan bizi izan zen bitartean errusiar gobernuak Errusiara itzultzeko agindua eman zion. Bere desobedientziaren ondorioz, jabetzak konfiskatu zizkioten eta 1848an Parisera itzuli zenean, Errusiaren aurka argitaratu zituen zenbait testuengatik Frantziatik kanporatua izan zen.

1848ko mugimendu iraultzailean parte hartu zuen eta 1849ko Dresdeko Insurrekzioaren partaide izateagatik, atxilotu, heriotz zigorra ezarri zioten eta geroago bizitza osorako espetxe zigorra. Azkenean, Bakunin autoritate errusiarrei entregatu zieten eta hauek kartzelaratu eta 1855ean, Siberiako kontzentrazio-esparru batera bidali zuten. Baimen bat aprobetxatuz Japoniara ihes egin zuen, gero Kaliforniara pasa zen, Panamako kanala gurutzatu zuen eta New York-era heldu zen non zenbait iparamerikarrek (Henry Longfellow idazleak adibidez) jaso zuten. Bertako langile mugimenduarekin harremanean zeuden pertsonekin elkartu zen denbora batez eta 1861ean Ingalaterrara alde egin zuen. Bere bizitzako azken urteak mendebaldeko Europan erbesteratuta bizi zituen, Suitzan batez ere.

1868an Demokrazia Sozialistaren Nazioarteko Aliantza eratu zuen, honen programak Bakunin-en doktrina politikoaren oinarria osatzen zuten erreformak aldarrikatzen zituelarik: Nazio-Estatuen suntsipena, klase sozialen ezabapena, sexuen arteko berdintasuna, langileriaren antolakuntza alderdi politikoetatik kanpo, federazioen erakuntza... Dena den, nazioarteko erakundea zenez, Nazioarteko langileen Aliantzaren sarrera gaitzetsi zen (erakunde nazionalak soilik onartzen baitziren). Arrazoi honengatik, Aliantza desegin zen eta kideak euren kabuz Internazionalean sartu ziren. 1870ean Frantziako Askatasunerako Komitea eratu zuen, Lyon-eko Komunaren insurrekzioa gidatuko zuena. I. Internazionalean Bakunin-en eta Marx-en ideien arteko liskarren ondorioz, 1872an, La Haya-ko kongresuko antolakuntzatik anarkistak kanporatu zituzten. Bakunin pobreki Suitzan pasa zituen bere bizitzako azken urteak, talde anarkista txikiekin postaz mantentzen zuen harremana bere kemen bakarra zelarik.

Marxekin lehia

Bakuninek adiskidetasun eraikitzaileagoa hasi zuen Proudhonekin Marxekin baino, eta Marxi autoritarioz salatu zion Bakuninek. Erlazio honekiko, hau idatzi zuen Mikhailek:

"Marx, como pensador, va por buen camino. Ha establecido como principio que todas las revoluciones filosóficas, políticas, religiosas y jurídicas no son las causas, sino los efectos de las revoluciones económicas. Es un pensamiento grande y fecundo que no ha sido inventado por él, ni mucho menos, porque ya fue entrevisto y expresado, en parte, por muchos otros. Pero de todas maneras, a él el honor de haberlo establecido solidamente y de haberlo puesto como base de todo su sistema económico. Por otra parte, Proudhon, cuando no hacía doctrina y metafísica, poseía el verdadero instinto del revolucionario. [...] Es muy probable que Marx se eleve "teóricamente" a un sistema más racional de la libertad, pero le falta el instinto de Proudhon."

Bakuninek eta Marxek, etengabeko borrokak mantendu zituzten Lehen Internazionalaren barnean, 1864an sortu zena, bertako partaide zirelarik. 1868an, Marxek Bakunin salatu zuen, errusiar agente bat zela esanez, eta publikoki barkamena eskatzera behartu zuten. 1869an Karl Liebknecht marxistarengatik ere salatua izan zen Mikhail kargu berdinekin. Geroago, Marxek berriro salatu zuen Bakunin agente panislavista bat zela arrazoituz. Hori dela eta, 25000 franco ordaindu beharra izan zituen urtean. Horrez gain, Lehen Internazionalean Mikhailek zituen jarrera anarkistak zirela eta, Karlek berriro salatu zuen, baina oraingoan, konspiratzaile bezala.

Marxistekin izandako borrokaldien ondoren, Necháyevekin adiskidetasun bat hasi zuen, eta berak Bakunini Errusiar iraultzan zentratzea eta bere idea terrorista eta nihilistaz konbentzitu zuen. Urte bat geroago, 1870ean, Necháyevekin adiskidetasuna hautsi zuen.

Nazioarteko Demokrazia Sozialistaren Aliantza

1860ko hamarkadaren hasieran, Bakuninek Italian sozietate sekretu bat sortu zuen, Senidetasun Nazionala izenekoa. 1864an, organizazioak bazituen herrialde ezberdinetako kideak. Organizaioko testuek, honako hau diote:

"Esta organización tiene como objetivo la victoria del principio de la revolución sobre la tierra, con la disolución radical de todas las organizaciones existentes en la actualidad, religiosas, políticas, económicas o sociales, y la formación de una sociedad primero europea y después universal, basada en la libertad, en la razón, en la justificia y en el trabajo."

1867an, herrialde desberdinetako burges demokrata talde batek Bakearen eta Askatasunaren Liga sortu zuen, eta Genevan bilkura baterako deialdia egin zuten. Bakuninek, kongresuan parte hartu zuen eta komite nazionaleko kide izendatu zuten. Liga horretako fundatzaileetako bat, Charles Lemonnier izan zen, saintsimoniar bat.

1868. urtean, Ligako bigarren bilera ospatu zen Bernan, Bakunin eta Senidetasun Nazionaleko beste kideak, Ligan, ideia sozialistak bozkatzen saiatu ziren, baina sozialista iraultzaileak gutxiengoak zirenez, banatzea eta Nazioarteko Demokrazia Sozialistaren Aliantza sortzea erabaki zuten.

Nazioarteko Demokrazia Sozialistaren Aliantza 1868an sortu zen, eta ideia hauek aldarrikatzen zituzten:

-Estatu nazionalen abolizioa eta, haien ordez, nekazal edo industria-elkarte libreez osaturiko federazioak ezartzea.

-Klase sozial eta herentziaren desagerpena.

-Sexuen arteko berdintasuna.

-Langile organizazioak partido politikoetatik alde batera gelditzea.

Hala eta guztiz ere, Nazioarteko Langile Aliantzan sartzeari uko egin zioten, mundu mailako aliantza zelako, organizazio nazioanalak bakarrik onartzen baizituzten. Arrazoi horregatik, Aliantza desegin egin zen eta bertako kideak indibidualki ingresatu zuten Internazionalean.

Anarkismoaren hedapena

1869an, Bakuninek, Guiseppe Fanelli anarkista italiarrari arduratu zion anarkismoaren dibulgazioa Espainian. Fanellik, Bartzelona eta Madril bisitatu zituen eta Anselmo Lorenzo ezagutu zuen, geroago, CNT sindikatuaren sortzailea izango zena 1910. urtean.

1870. urtean, Frantziaren Salbazioarako Batzarra sortu zuen, Lyoneko Komuneko matxinada zuzendu zuen asoziazioa alegia.

1871n, Karlek konferentzia sekretu baterako deialdia egin zuen Londresen, bereziki, bere partidarioz osatuta zegoena. Bertan, Lehengo Internazionalari autonomia kentzen zioten erabaki ugari hartu ziren. Jurako (Frantzia, Suitza eta Alemania inguruko eremu menditsua) Federazioek, eta beste hainbat herrialdetako sekzioek uko egin zioten akordio horiei. Textuinguru honetan, Bakuninek disidenteekin bat egin zuen. Londreseko Batzordetik, Lehenengo Internazionaleko kide batzuk erasotuak izan ziren, marxistek hartutako erabakiekin ados ez zeudenak alegia, eta Bakuninen langileak izateaz salatu zituzten. Garai hartan, Bakunin Locarnon zegoen, Suitzan, Jurako eremuan.

1872. urtean, Hagan ospatu zen kongresua, bertan, 21 delegatuk eta Marxen jarraitzaile ziren 40 gizonek hartu zuten parte. Azkeneko bozketan, ordezkarien herenak joanda zeudenean, Bakuninen kaleratzea bozkatu zuten. Bakunin, sozietate sekretuak sortzeagatik, Das Kapital liburuarengatik 300 rublo kobratzeagatik eta Necháyevi idatzitako karta bat azaleratzeagatik epaitua izan zen. Karta horretan, Mikhailek Lehenengo Internazionalerako konspirazio bat azaltzen du.

Hagako kongresua amaitutakoan, beste bat hasi zen Saint-Imieren hurrengo egunean, hau da, Jura suitzarrean; Italia, Espainia, Jura, Frantzia eta Amerikako errepresentateekin. Errepresentante horiek Hagako erabaki guztien aurka egiteko ados jarri ziren. Akordio honi, Frantziako sekzioak, Belgikako, Amerikako eta Ingalaterrako federazioak; Marxen lagunak, Eccarius eta Yung, Marxengandik banatu zirenak, batu ziren. New Yorkeko kontsejuak, Jurako Federazioa bota zuen, baina ez Holandako sekzioa, neutral mantenitu baitzen.

Heriotza

1873an, Marx eta bere jarraitzaileek Demokrazia Sozialistaren Batasun Internazionala eta Lehenengo Internazionala izeneko panfletoa argitaratu zuten eta, bertan, gogor eraso egiten zioten Batasun Internazionalari. Horren aurrean, Bakuninek, zahartuta eta gaixo, Federaziotik ateratzea erabaki zuen.

Bakuninek, bere azken urtean Suitzan igaro zituen, pobrezian eta talde txiki anarkistak mantzentzeko korrespondentziarekin. Osasun arazoak zirela eta, Bernako ospitalean sartu zen, eta bertan hil zen 1876ko uztailaren 1ean. Bremgarten-Friedhofen, Berna, Suitzan aurkitzen da bere hilobia, bertatik gertu dagoen autopistaren kearengatik belztuta. Hilobian hau dago idatzita: "Gogoratu bere herrialdearen askatasunagatik dena eman zuena"

Pentsamentua

Bakuninek garatu zuen anarkismoari anarkismo kolektibista edota anarkokolektibismoa deitu zaio. Proudhon eta gero Kropotkin-ekin batera, anarkista teorikorik garrantzitsuenetariko bat izan da eta baita ere anarkismoaren lehendabiziko bultzatzailea mugimendu politiko eta herrikoi gisa izan zela esan daiteke.

Bakuninen ustez, anarkismoak gizarte aske bat suposatzen du, ez dauka ez gobernu ezta aginte ofizialaren beharrik ere. Modu honetan, gizartea produktore eta kontsumitzaileen arteko federazioen bidez antolatuko litzateke eta elkarren artean konfederazioen bidez koordinatuko lirateke. Beraz, ez litzateke ez gobernu, ez sistema legegile, ezta indarkeria monopolizatzen duten botere betearazleen beharrik egongo. Dena den, Bakuninen iritziz, bakoitzari egindako lanaren arabera ordaindu beharko litzaioke klase alfer eta bizkarroi baten sorkuntza eragozteko.

Kropotkinen ustez, Bakuninen jarrerak burokrazia begirale eta erregulatzaile baten sorkuntzara bultzatzen zuen, autoritate nukleo baten beharra sortuz. Hala ere, kolektibismo bakuninistak bakoitzak bere merituaren arabera jaso behar duela defendatzen du, helburua ez baita berdintasun ekonomikoa baizik eta justizia ekonomikoa lortzea, horregatik, soldataren banaketa kolektiboki antolatu beharko litzateke irizpide demokratiko eta teknikoei jarraituz. Jabetza kapitalistari dagokionez, Bakuninek testu gehienetan ekoizteko tresnen kolektibizazioa defendatzen du. Propietatea, jabetza, lanean oinarritu behar da, horregatik Bakuninek herentzia mesprezatzen du.

Estatuak gizateriaren zapalkuntza suposatzen du, askatasun eza, ez da ustiapenerako tresna bat Marx-ek ustez zuen bezala, estatua bera ustiapena da. Estatua abolitu behar da. Zer leporatzen zion Bakuninek Marx-i? Marx-en ustez, estatua tresna bat denez, posiblea da hau konkistatzea eta beste helburu batzuetarako erabiltzea. Bakunin-en ustez, berriz, estatu guztietan elite bat sortzen da eta elite honek edozer egiteko prest egongo da bere boterea ez galtzeko. Horrexegatik askatasuna eta estatua bateraezinak dira.

Erlijioari egin zizkion kritikak Marx-enak bezalakoak izan ziren. Erlijioa = Gizarte kontrol tresna. Erlijioa errealitatetik alde egiteko asmatzen dugu. Marx-ek erlijioari buruz gutxi idatzi zuen bitartean, Bakuninek behin eta berriz erlijioari buruz hitz egiten zuen, askoz erradikalagoa da bere jarrera: “Erlijiotasuna eta gizatasuna batera ezinak dira, Jainkoa existituko balitz, gu desagertu beharko ginateke.”

Testu batzuetan Bakunin-ek biolentziaren erabilera onartzen du eta beste batzuetan gaitzesten du. Zenbait testuetan esanguratsua da baita ere bere jarrera antisemita. Azkenik nazionalismo eslaviarra azpimarragarria da Bakuninen ideietan, berak nazio guztiak erakunde berdinean elkartu nahi baitzituen eta horregatik joera antialemaniarra zeukan.

Lanak

    • Esklabuei deia. Burgesiari salaketa bat da.

    • Jainkoa eta Estatua

    • Estatismoa eta Anarkia

    • Kritika eta Akzioa

    • Estatua eta Komuna

    • Federalismoa, sozialismoa eta antiteologismoa

Liburukietan banatutako lanak ere badaude:

    • Iraultza soziala Frantzian. Bi liburuki

    • Politika filosofiako idatziak. Bi liburuki. G.P. Maksímoven errekopilazioa.

Lehenengo liburukia. Gizarteari kritika.

Bigarren liburukia. Anarkismoa eta bere taktikak.

    • Lan osoak. Bost liburuki.