ERANSKINA* (21,125)
Jesus zazpi ikasleri agertu
21,1 Geroxeago, barriro agertu jaken Jesus bere ikasleei Tiberiades aintzira-ertzean. Honela gertatu zan agerpena: 2 Alkarregaz egozan Simon Pedro, Tomas —Bikia eritzona—, Natanael —Galileako Kanakoa—, Zebedeoren semeak eta beste ikasle bi. 3 Hortan, Simon Pedrok esan eutsen:
—Arrantzura noa.
Besteek erantzun eutsoen:
—Zeugaz goaz geu ere.
Urten eta itsas-ontziratu egin ziran. Baina gau haretan ez eben ezer harrapatu.
4 Eguna argitu ebanean, aintzira-ertzean agertu zan Jesus; baina ikasleak ez ziran konturatu Jesus zala. 5 Jesusek esan eutsen:
—Mutilok, badozue jatekorik?
Hareek erantzun:
—Ez.
6 Jesusek esan eutsen:
—Bota sarea txalupearen eskoira eta aurkituko dozue.
Halan egin eben. Eta hainbeste arrain harrapatu ebenez, ez ziran sarea atarateko gauza. 7 Orduan, Jesusek maite eban ikasle harek esan eutson Pedrori: «Jauna da». Simon Pedrok, Jauna zala entzun bezain laster, soinekoa jantzi (erantzita eukan-eta) eta salto egin eban uretara. 8 Gainerako ikasleak txalupaz joan ziran, sarea arrainekaz tiraka ekarrela, lehorretik hurrean egozan-eta, ehunen bat metrora.
9 Lehorreratzean, su-txingarrak ikusi ebezan, gainean arrain bat zala, eta ogia. 10 Jesusek esan eutsen: «Ekarri harrapatu barri dozuezan arrainetariko batzuk».
11 Igon eban itsas-ontzira Simon Pedrok eta lehorrera atara eban sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, ez zan sarea apurtu.
12 Jesusek esan eutsen: «Etorri gosaltzera».
Ikasleetako inor ez zan ausartzen nor zan galdetzera, ondo ekien-eta Jauna zana. 13 Orduan, Jesusek, hurreraturik, ogia hartu eta emon egin eutsen, bai eta arraina ere.
14 Hirugarren aldia zan hau, Jesus, hilen artetik biztu ondoren, bere ikasleei agertzen jakena.
Jesus eta Pedro
15 Gosaldu ebenean, Jesusek esan eutson Simon Pedrori:
—Simon, Joanen semea, maiteago nozu honeek baino?
Harek esan eutson:
—Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.
Orduan, Jesusek:
—Larratu eizuz nire bildotsak.
16 Bigarrenez galdetu eutson Jesusek:
—Simon, Joanen semea, maite nozu?
Pedrok, barriro:
—Bai, Jauna, badakizu maite zaitudana.
Jesusek orduan:
—Zaindu nire ardiak.
17 Hirugarrenez galdetu eutson Jesusek:
—Simon, Joanen semea, maite nozu?
Pedro goibeldu egin zan maite eban hirugarrenez galdetu eutsolako, eta erantzun eutson:
—Jauna, zuk dana dakizu, badakizu maite zaitudana.
Orduan, esan eutson Jesusek:
—Larratu eizuz nire ardiak. 18 Bene-benetan dinotsut: Gazteago zinanean, zeuk lotzen zendun gerrikoa eta nora joan erabagiten; zahartzean, barriz, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko deutsu gerrikoa eta nahi izango ez dozun lekura eroango zaitu.
19 Horrela, Jainkoari aintza zelako heriotzeaz* emongo eutson adierazo eban Jesusek. Ondoren, esan eutson:
—Jarraitu eidazu.
Ikasle maitea
20 Pedrok bihurtu eta Jesusek maite eban ikaslea ondoren etorrela ikusi eban, afarikoan, burua Jesusen bular gainean jarririk, «Jauna, nor da salduko zaituana?» galdetu eutsona. 21 Ha ikusi ebanean, ba, Pedrok galdetu eutson Jesusi:
—Jauna, eta hau zer?
22 Jesusek erantzun eutson:
—Ni bihurtu arte hori gelditzea nahi badot, zuri zer? Zuk jarraitu neuri.
23 Hitzok zirala-eta, ikasle ha hilgo ez zalako zurrumurrua zabaldu zan senideen artean. Jesusek, barriz, ez eutson esan ez zala hilgo, beste hau baino: «Ni bihurtu arte hori gelditzea nahi badot, zuri zer?»
Konklusinoa
24 Ikasle haxe da gauza guzti honeetaz testigantzea egin dauana eta idatzi dauzana, eta guk ondo dakigu egiazkoa dana haren testigantzea.
25 Beste gauza asko ere egin ebazan Jesusek. Guztiak banan-banan batuko balira, nik uste mundu osoan ere ez liratekela sartuko idatzi leitekezan liburuak.