Bihozbarritu ala hil
13,1 Une haretan, batzuek Jesusengana joan eta galilear batzui gertatua kontatu eutsoen: zelan Pilatok* hil ebazan, eskeintzen ziharduen abereen odolagaz euren odola nahastuz. 2 Jesusek erantzun eutsen: «Galilear horreik gainerakoak baino pekatariago zirela uste dozue, heriotza hori izan ebelako? 3 Ez horixe! Eta zuek ere, bihozbarritzen ez bazaree, bardin hilgo zaree danok.
4 «Eta Siloeko torreak azpian harrapaturik hil ziran hamazortzi hareik, gainerako jerusalemdarrak baino pekatariago zirala uste dozue? 5 Ez horixe! Eta zuek ere, bihozbarritzen ez bazaree, danok hilgo zaree».
Ikondo agorraren parabolea
6 Gero, parabola hau esan eutsen Jesusek: «Gizon batek ikondo bat eban bere mahastian aldatua. Joan zan iko bila eta ez eban aurkitu. 7 Orduan, mahasti-zainari esan eutson: ‘Begira, badira hiru urte ikondo honetara iko bila natorrena, eta ez dot aurkitzen. Moztu eizu. Zertarako egongo da hor lurra alperrik jaten?’ 8 Baina mahasti-zainak erantzun eutson: ‘Jauna, itzi eizu aurtengoz; bitartean, hondoa atxurtu eta ongarria botako deutsot, 9 ea aurrerakoan fruturik emoten dauan; eta bestela, moztu’».
Emakume konkortua zapatuz osatu
10 Behin baten, zapatuz, sinagoga baten irakasten ziharduan Jesusek. 11 Bazan han, hamazortzi urte hareetan espiritu baten menpe gaixo egoan emakume bat: erabat konkortua egoan eta ezin zan ezelan ere zuzendu.
12 Ikustean, Jesusek deitu eta esan eutson: «Emakume, geldi zaitez libre zure gatxetik».
13 Eskuak ezarri eutsozan eta bat-batean zuzendu zan eta Jainkoa goresten hasi.
14 Sinagogako buruzagiak, Jesusek zapatuz osatu ebalako haserre, jendeari esan eutson:
—Astean sei egun dagoz lanerako. Zatoze egun horreetan osatzera, eta ez zapatuan.
15 Jaunak erantzun eutson:
—Itxurazaleok! Zuetako nork ez dau zapatuz ere idia nahiz astoa kortatik askatu eta ura edatera eroaten? 16 Eta Abrahamen ondorengo dan honi, hamazortzi urtez Satanasek lotua euki dauan honi, ez ete jakon zapatuz lokarri hori askatu behar?
17 Hitz honeekaz, lotsa-lotsa eginik gelditu ziran Jesusen etsai guztiak; jendetzea, ostera, pozik egoan Harek egiten ebazan gauza miragarri guztiekaitik.
Mostaza-haziaren eta legaminaren parabolak
(Mt 13,31-33; Mk 4,30-32)
18 Jesusek jarraitu eban: «Zeren irudiko da Jainkoaren erregetzea? Zeren antzeko dala esango neuke? 19 Gizon batek bere ortuan botaten dauan mostaza-haziaren antzekoa da: hazten da eta zugatz egiten, eta txoriek haren adarretan egiten dabez habiak».
20 Barriro esan eban: «Zeren antzeko dala esango neuke Jainkoaren erregetzea? 21 Legaminaren antzekoa da: emakume batek anega bat urunetan nahasten dau, eta oraldi guztia harrotzen da».
«Sartu zaiteze ate estutik»
(Mt 7,13-14.21-23; 25,10-12)
22 Jerusalemera* bidean joian Jesus, zeharkatzen ebazan herri eta auzoetan irakatsiz.
23 Batek esan eutson:
—Jauna, gitxi izango dira salbatuko diranak?
Jesusek erantzun eban:
24—Ahalegindu zaiteze ate estutik sartzen. Egia esan, askok sartu nahi izango dabe, eta ezin izango. 25 Etxeko nagusiak jagi eta atea itxi ezkero, kanpoan geldituok behin eta barriro atea joko deutsozue, «Ireki, Jauna» deadarka, baina Harek erantzungo deutsue: «Ez dakit nongoak zareen». 26 Orduan, holan hasiko zaiakoze: «Zugaz jan eta edan dogu, eta zuk gure plazetan irakatsi izan dozu». 27 Baina Harek erantzungo deutsue: «Ez dakit nongoak zareen. Alde nigandik, gaizkileok!» 28 Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan eta zeuen buruak, barriz, kanpora jaurtiak ikustean. 29 Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaikide izango.
30 «Begira, orain azkenengo dan hainbat lehenengo izango da orduan, eta orain lehenengo dan hainbat, azkenengo».
Jesus bere heriotzearen aurrez aurre
31 Une haretan, fariseu batzuk joan jakozan Jesusi eta esan eutsoen:
—Zoaz, egizu alde hemendik, Herodes* zu hil nahian dabil-eta.
32 Jesusek esan eutsen:
—Joan eta esaiozue gizontto* horri: Begira, gaur eta bihar osatzen eta deabruak botaten jarraitu behar dot, eta hirugarren egunean nire azkena izango da. 33 Baina gaur, bihar eta etzi* bideari jarraitu behar deutsot, ezin da-ta profetarik Jerusalemdik kanpora hil.
Jesus Jerusalemegaitik aieneka
(Mt 23,37-39)
34 «Jerusalem, Jerusalem, profetak hilten eta Jainkoak zuri bialduak harrikatzen dituzuna! Zenbat aldiz ez ditut batu gura izan zure seme-alabak, oiloak bere txitaldea hegapean lez, eta zuek ez dozue nahi izan. 35 Horra ba, hutsik geldituko jatzue etxea. Eta esaten deutsuet ez nozuela ikusiko, hau esango dozuen garaira arte: Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!»