Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?
(Mk 9,33-37; Lk 9,46-48)
18,1 Hurreratu ziran ikasleak Jesusengana eta galdetu eutsoen:
—Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?
2 Jesusek, ume bati dei egin eta hareen aurrera ekarririk, 3 esan eutsen:
—Benetan dinotsuet: Barriro umeen antzeko bihurtzen ez bazaree, ez zaree sartuko Jainkoaren erreinuan. 4 Beraz, ume hau baizen txiki bihurtzen dana, horixe da Jainkoaren erreinuan handiena. 5 Eta holako umea nire izenean onartzen dauanak neu onartzen nau.
«Zoritxarrekoak sinismena galbidean jarten dabenak!»
(Mk 9,42-48; Lk 17,1-2)
6 «Nigan sinisten daben txikiotakoren bat galbidean jarten dauanak*, hobe leuke errotarri bat lepotik eskegi eta itsas hondora jaurtiko balebe. 7 Zoritxarrekoa munduan sinismena galbidean jarten dauana! Bai, nahi ta nahi ez jazo beharrekoa da hori; baina zoritxarrekoak inoren sinismena galbidean jarten dabenak!
8 «Zure eskuak nahiz oinak galbidean jarten bazaitu, moztu eta bota; hobe dozu eskumotz edo hankamotz betiko bizitzan sartu, esku biekaz nahiz oin biekaz betiko sutara jaurtia izan baino. 9 Eta zure begiak galbidean jarten bazaitu, atara eta bota; hobe dozu begibakar betiko bizitzan sartu, begi biekaz infernuko sutara jaurtia izan baino.
10 «Kontuz! Ez daizuela txikiotako inor gutxietsi. Egia esan, honeen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten dagoz etengabe. (11*).
Ardi galduaren parabolea
(Lk 15,3-7)
12 «Zer deritzozue? Gizon batek ehun ardi baditu eta bat galtzen bajako, ez ete da, beste laurogeita hemeretziak mendian itzirik, galduaren bila joango? 13 Eta aurkitzen badau —benetan esaten deutsuet—, poz handiagoa hartzen dau haregaz, galdu ez diran beste laurogeita hemeretziekaz baino. 14 Era bardinean, zeruko zuen Aitak ez dau gura txikiotako ezein galtzerik.
Senide artean: pekatua, parkamena, otoitza
(Lk 17,3)
15 «Zure senide batek pekatu egiten badau*, zoaz beragana eta zentzatu bakarrean. Jaramon egiten badeutsu, irabazi dozu senidea. 16 Jaramonik egiten ez badeutsu, barriz, hartu zeugaz lagun bat edo bi, auzi guztia bi edo hiru lekukoren autorpenaz erabagi daiten. 17 Harei ere jaramonik egiten ez badeutse, esaiozu alkarteari, eta alkarteari ere jaramonik egin gura ez badeutso, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.
18 «Benetan dinotsuet: Zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua geldituko da.
19 «Beste hau ere esaten deutsuet: Zuetako bik mundu honetan Jainkoari zeozer eskatzeko alkar hartzen badabe, emon egingo deutse zeruko nire Aitak. 20 Izan ere, nire izenean bi edo hiru lagun nonon batzen badira, hantxe nago ni euren artean».
Parkatu ez eban zerbitzariaren parabolea
21 Orduan, hurreratu jakon Pedro Jesusi eta galdetu eutson:
—Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badeust, zenbat bider parkatu behar deutsot? Zazpi bider?
22 Jesusek erantzun eutson:
—Zazpi bider ez, zazpi mila zazpi bider*.
23 «Hain zuzen, zerbitzariekaz kontuak garbitu nahi izan ebazan erregeagaz lez jazoten da Jainkoaren erregetzeagaz. 24 Kontuak garbitzen hasterakoan, milioi asko* zor eutsozan zerbitzari bat ekarri eutsoen. 25 Honek ez eukan zerez ordaindu, eta nagusiak, zerbitzaria bera, emaztea, seme-alabak eta ondasun guztiak saltzeko agindu eban, zorrak ordainduazoteko. 26 Zerbitzariak, orduan, nagusiaren oinetan ahozpezturik, eskatu eutson: ‘Emoidazu astia, eta dana ordainduko deutsut’. 27 Nagusiak, errukiturik, dana parkatu eta libre itzi eban zerbitzaria.
28 «Baina zerbitzari harek, urten ebaneko, diru apur bat* zor eutson zerbitzu-lagun bategaz egin eban topo eta, lepotik oraturik eta ito beharrean, esaten eutson: ‘Emoidak zor dokana’. 29 Laguna oinetara jausi jakon, erreguka: ‘Emoidak astia, eta dana ordainduko deuat’. 30 Baina harek ezetz. Eta joan eta kartzelan sartu eban, zorra ordaindu arte.
31 «Gertatua ikusirik, beste zerbitzariak biziro atsekabetu ziran, eta guztiaren barri nagusiari emotera joan ziran. 32 Orduan, nagusiak zerbitzari hari barriro dei egin eta esan eutson: ‘Zerbitzari gaizto hori! Horrenbesteko zorra parkatu deuat nik, erregutu deustialako. 33 Ez hendun hik ere heure lagunaz errukitu behar, ni hitaz errukitu nintzoan lez?’ 34 Eta, hasarre bizitan, zigorpean itzi eban nagusiak, zor guztia ordaindu arte.
35 «Bardin-bardin egingo deutsue zeruko nire Aitak, senideok alkarri bihotzez parkatzen ez badeutsozue».