Emakume adulteriogilea*
8,1 Jesus Oliamendira joan zan. 2 Biharamunean, egunsentian, tenplura bihurtu zan, eta herri guztia etorri jakon. Jesus, jesarririk, irakasten hasi zan.
3 Orduan, lege-maisu eta fariseuek emakume bat, adulterioan harrapatua, ekarri eutsoen. Erdierdian ipiniz, 4 esan eutsoen Jesusi:
—Maisu, emakume hau adulterioan ziharduala harrapatu dabe. 5 Moisesek legean honelakoak harrika hilteko agindu euskun; zuk zer dinozu?
6 Galderea azpikeriaz egin eutsoen, ha salatzeko atxakiaren baten bila ebilzan-eta. Jesus, ordea, makurturik, atzamarrez lurrean idazten hasi zan. 7 Hareik, barriz, galdetu eta galdetu ebilkozan-eta, zutundu zan Jesus eta holan esan eutsen:
—Zuen artean pekaturik barik dagoanak jaurti deiola lehenengo harria.
8 Eta barriro makurturik, lurrean idazten jarraitu eban. 9 Hareik, barriz, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziran, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zan, emakumea aurrean ebala. 10 Jesusek zutundu eta esan eutson:
—Emakume, non dira salatzaileak? Ez zaitu inork ere gaitzetsi?
11 Harek erantzun:
—Inork ere ez, Jauna.
Orduan, Jesusek:
—Nik ere ez zaitut gaitzesten; zoaz, eta ez egin barriro pekaturik.)
Jesus munduko argia
12 Jesusek barriro egin eutson berba jendeari:
—Neu naz munduarentzat argia*; niri jarraitzen deustana ez da ilunpetan ibiliko, bizia emoten dauan argia izango dau-eta.
13 Orduan, fariseuek esan eutsoen:
—Zuk zeure buruaren alde egiten dozu autorra; beraz, zure autorkuntzeak ez dau balio.
14 Jesusek erantzun eutsen:
—Nik autorkuntzea neure buruaren alde egiten badot ere, balio dau nire autorkuntzeak, ondo dakit-eta nik nondik etorria nazan eta nora noan; baina zuek ez dakizue, ez nondik natorran, ez nora noan. 15 Zuek giza erara dozue epaitzen; nik ez dot inor epaitzen*. 16 Eta epaituko baneu ere, nire epaia baliozkoa litzateke, ez dot-eta nik bakarrik epaitzen, bialdu nauan Aitak eta biok baino. 17 Eta zuen legean idatzita dago, lagun biren testigantzea baliozkoa dala. 18 Holan ba, nik neure buruaren alde egiten dot testigantzea, baina bialdu nauan Aitak ere neure alde egiten dau testigantzea. 19 Orduan, hareek galdetu eutsoen:
—Non da zure Aita?
Jesusek erantzun eutsen:
—Ez dakizue ezer, ez nitaz, ez nire Aitaz; ni ezagutuko baninduzue, nire Aita ere ezagutuko zeukee.
20 Adierazpenok tenpluan irakasten ziharduala egin ebazan Jesusek dirutegi ondoan*. Halan ere, ez eutson inork eskurik bota, haren ordua oraindino ez zan-eta heldu.
Sinisten ez dabenen pekatua
21 Barriro esan eutsen Jesusek:
—Ni banoa, eta zuek nire bila ibiliko zaree, baina zeuen pekatuan hilgo zaree. Ni noan tokira zuek ezin zaree joan.
22 Orduan, entzuleek:
—Bere burua hil behar ete dau? Horregaitik esaten ete dau «Ni noan tokira zuek ezin zaree joan»?
23 Jesusek jarraitu eban:
—Zuek behekoak zaree, ni goikoa naz; zuek mundu honetakoxeak zaree, ni ez naz mundu honetakoa. 24 Horregaitik esan deutsuet, zeuen pekatuan hilgo zareela; sinisten ez badozue nazana nazala* ni, zeuen pekatuetan hilgo zaree-eta.
25 Orduan, esan eutsoen:
—Nor zara zu?
Jesusek erantzun:
—Hasieratik dihardut zuei esaten*. 26 Badot zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Baina bialdu nauana fidagarria da; eta nik hari entzun deutsodana, horixe bera esaten deutsot munduari.
27 Baina ez ziran jabetu Aitaz egiten eutsela berba. 28 Esan eutsen, ba, Jesusek:
—Gizonaren Semea jasoko dozuenean, orduan konturatuko zaree nazana nazala ni, eta ez dodala neurez ezer egiten, Aitari ikasia baino ez dodala esaten. 29 Neugaz dot bialdu nauana; ez nau, ez, bakarrik itzi, beti egiten dot-eta Harek atsegin dauana.
30 Gauzok esan ebazanean, askok sinistu eben harengan.
«Egiak aske egingo zaitue»
31 Orduan, esan eutsen Jesusek sinistu eutsoen juduei:
—Nire mezuan tinko irauten badozue, benetan izango zaree nire ikasle; 32 horrela, egia ezagutuko dozue, eta egiak aske egingo zaitue.
33 Erantzun eutsoen:
—Gu Abrahamen hazikoak gara, eta ez gara inoiz inoren esklabo izan. Zelan dinozu aske izango garala?
34 Jesusek erantzun eutsen:
—Bene-benetan dinotsuet: pekatu egiten dauana pekatuaren esklabo da. 35 Eta esklaboa ez da betiko etxean geratzen; semea, ostera, bai. 36 Beraz, Semeak askatzen bazaitue, benetan aske izango zaree. 37 Badakit, bai, Abrahamen hazikoak zareena; baina ni hil nahian zabize, nire mezua zuengan itsasten ez dalako. 38 Neure Aitaren ondoan ikusi dodanaz dihardut nik; zuek, ostera, zeuen aitagandik ikasi dozuena egiten dozue.
Jesus eta Abraham
39 Erantzun eutsoen Jesusi:
—Abraham dogu aita.
Jesusek esan eutsen:
—Abrahamen seme bazinee, Abrahamek egin ebana egingo zeukee. 40 Zuek ni hil nahian zabize, Jainkoagandik ikasi neban egia esan deutsuedalako; Abrahamek ez eban horrelakorik egin. 41 Zuek zeuen aitak egin ebana egiten dozue.
Erantzun eutsoen:
—Gu ez gara sasikume*; aita bakarra dogu, Jainkoa.
42 Jesusek, orduan:
— Jainkoa balitz zuen aita, maite izango nindukezue, ni Jainkoagandik urten eta etorri naz-eta; ez naz neure kabuz etorri, Harek bialduta baino. 43 Zergaitik ez dozue ulertzen nire berbea? Nire mezua onartu nahi ez dozuelako. 44 Zuek deabrua dozue aita, harexenak zaree, eta zeuen aitaren gogoa nahi dozue egin. Ha hiltzaile izan da hasieratik eta, egian oinarritua ez dagoanez, ez dau sekula egiarik esaten. Guzurra dinonean, bere-berea dauanetik dihardu, guzurtia da-ta, eta guzurraren aita. 45 Niri, barriz, egia dinodalako, ez deustazue sinisten. 46 Ea zuetariko nork aurpegiratzen deustan pekaturik! Baina egia badinot, zergaitik ez deustazue sinisten? 47 Jainkoarena danak onartzen dau Jainkoak irakatsia; zuek ez dozue onartzen, Jainkoarenak ez zareelako.
48 Orduan, judu hareek erantzun eutsoen:
—Ez dogu arrazoi samariarra* zarala eta deabruaren menpe zagozala esatean?
49 Jesusek erantzun eutsen:
—Ni ez nago deabruaren menpe; nik neure Aita goraltzen dot, eta zuek ni izengetzen diharduzue; 50 baina ni ez naz neure izen onaz arduratzen; beste bat arduratzen da horretaz, eta Berak dau epaitzeko ahalmena. 51 Bene-benetan dinotsuet: Nire mezua onartzen dauanak ez dau inoiz heriotzarik ikusiko.
52 Entzuleek esan eutsoen:
—Oraintxe bai dakigula deabruaren menpe zagozana. Abraham hil egin zan eta profetak ere bai; eta zuk dinozu: «Nire hitza onartzen dauanak ez dau inoiz heriotzarik jasango». 53 Gure aita Abraham baino handiagoa zara zu? Ha hil egin zan eta profetak ere bai; nor zaralakoan zagoz?
54 Jesusek erantzun eban:
—Nire burua neuk goraltzen badot, nire ohore horrek ez dau ezer ere balio; baina ni Aitak goraltzen nau, zeuen Jainkoa dala dinozuenak. 55 Zuek, barriz, ez dozue ezagutzen; nik, bai, ezagutzen dot eta, ez dodala ezagutzen esango baneu, guzurti nintzateke zeuek lez; baina ezagutzen dot, eta onartzen ere bai haren mezua. 56 Zuen aita Abraham pozik egoan nire eguna ikusiko eban itxaropenez; ikusi eban, eta poztu egin zan.
57 Orduan, esan eutsoen entzuleek:
—Ez dituzu oraindik berrogeita hamar urte, eta Abraham ikusi dozula?
58 Jesusek erantzun eutsen:
—Bene-benetan dinotsuet: Abraham sortu baino lehenagokoa naz ni.
59 Orduan, harriak hartu ebezan hari jaurtitzeko; baina Jesus ezkutatu egin zan eta tenplutik urten egin eban.