Elbarria zapatuz osatua
(Mt 12,9-14; Mk 3,1-6)
6 Beste zapatu batez, sinagogan sartu zan Jesus irakastera. Bazan han eskoiko besoa elbarri eukan gizon bat. 7 Lege-maisu eta fariseuak zelatan egokozan ea zapatuz osatzen ete eban, zertan salatu izateko. 8 Jesusek, hareen gogoetak igarririk, beso-elbarriari esan eutson:
—Jagi eta urten eizu erdira.
Harek jagi eta urten egin eban. 9 Jesusek esan eutsen, orduan:
—Galdera bat: zapatuz zer dogu legezko, on egitea ala kalte egitea, bizia salbatzea ala kentzea?
10 Eta, inguruko guztiei begira, honela esan eutson gizonari:
—Luzatu beso hori.
Luzatu eban, eta osatu egin jakon.
11 Lege-maisu eta fariseuak euren onetik urtenda gelditu ziran, eta Jesusi zer egingo ziharduen euren artean.
Lautadako hitzaldia:
Jainkoaren erregetzeari buruz (6,12-49)
Jesusek hamabi apostoluak izendatu
(Mt 10,1-4; Mk 3,13-19)
12 Egun hareetako baten, Jesus mendira joan zan otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro eban gaua. 13 Eguna argitu ebanean, ikasleei deitu eta hareetako hamabi aukeratu ebazan, eta apostolu izena emon eutsen: 14 Simon —honi Pedro izena emon eutson—, honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, 15 Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon —Zelote* eritzona—, 16 Judas Santiagorena eta Judas Iskariote* —Jesusen saltzaile gertatu zana—.
Jesusi jende-taldea batu
(Mt 4,23-25; Mk 3,7-12)
17 Jesus, ikasleekaz menditik jatsi ondoren, zelaigune baten gelditu zan. Ikasleetariko asko ziran beragaz; bai eta herriko jende-talde handia ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiro eta Sidongo* itsasaldetik etorria, 18 hari entzutera eta berak gatxetatik osatu eizan. Espiritu gaiztoek oinazetuak osaturik gelditzen ziran. 19 Jende guztiak Jesus ikutu nahi eban, danak osatzen ebazan halako indar bat erion-eta.
Zoriontasunak eta madarikazinoak
(Mt 5,1-12)
20 Jesusek, ikasleei begira, honela esan eban:
«Zorionekoak behartsuok*, zeuek dozue-ta Jainkoa errege.
21 «Zorionekoak orain gose zareenok, aseko zaitue-ta Jainkoak.
«Zorionekoak orain negar egiten dozuenok, barre egingo dozue-ta.
22 «Zorionekoak zuek, Gizonaren Semea dala eta, jendeak gorrotatu, kanpora bota eta madarikatuko zaituenean eta izen txarra emongo deutsuenean. 23 Poztu zaiteze egun horretan eta egin pozez jauzi, handia izango da-ta zuen saria zeruan; gauza bera egin eutseen profetei jende horren gurasoek*.
24 «Baina ai zuek, aberatsok, badozue-ta zeuen poza!
25 «Ai zuek, orain asetuak zagozanok, gose izango zaree-eta!
«Ai zuek, orain barre egiten dozuenok, aiene eta negar egingo dozue-ta!
26 «Ai zuek, mundu guztiak zuetaz ondo hitz egingo dauanean, gauza bera egin eutseen-eta sasi-profetei jende horren gurasoek!
Arerioenganako maitasuna
(Mt 5,38-48; 7,12)
27 «Baina zuei, entzuleoi, hauxe dinotsuet: Maitatu arerioak, egin ondo gorroto deutsueenei, 28 bedeinkatu madarikatzen zaitueenak, egin otoitz izen ona kentzen deutsueenen alde.
29 «Masaila baten joten zaituanari eskeini bestea ere; soingainekoa kentzen deutsunari, ez ukatu soinekoa ere. 30 Eskatzen deutsun edonori, emon, eta zeurea kentzen deutsunari, ez bihurtuazo. 31 Eta besteek zuei egitea nahi dozuena, egin zeuek ere besteei.
32 «Maite zaitueenak baino maite ez badozuez, zer esker on zor jatzue? pekatariek ere maite dabez euren maitaleak. 33 Eta ondo egiten deutsueenei baino egiten ez badeutsezue ondo, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere egiten dabe beste horrenbeste. 34 Eta ordaina hartzekotan baino emoten ez badozue maileguz, zer esker on zor jatzue? Pekatariek ere aurreratzen deutsoe alkarri, beste hainbeste hartzekotan. 35 Ez! Zuek maitatu arerioak, egin on eta emon maileguz ordainari begiratu barik: handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zaree, ona da-ta bera esker txarreko eta gaiztoentzat. 36 Izan zaiteze errukitsuak, zuen Aita errukitsua* dan lez.
Ez gaitzetsi inor
(Mt 7,1-5)
37 «Ez gaitzetsi inor eta Jainkoak ere ez zaitue gaitzetsiko; ez kondenatu inor eta Jainkoak ere ez zaitue kondenatuko; parkatu, eta Jainkoak ere parkatuko deutsue; 38 emon, eta emongo deutsue: neurri betea, sakatua, estutua eta gainezkakoa emongo deutsue altzora. Izan ere, zuek ze neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaitue Jainkoak».
39 Eta parabola bat ere esan eutsen: «Izan ete leiteke itsua itsuaren gidari? Ez ete dira biak zulora jausiko? 40 Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ondo eskolaturiko ikaslea irakaslea haina izango da.
41 «Zelan ikusten dozu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko hageaz ohartzen ez? 42 Zelan esan zeikeo senideari: ‘Adiskide, itzi begian dozun lasto-izpia ataraten’, zuk zeurean dozun hagea ikusten ez dozula? Itxurazale hori! Kendu lehenengo zeure begitik hagea, eta orduan ikusiko dozu garbi, senidearen begitik lasto-izpia atarateko.
Zuhaitza eta frutua
(Mt 7,16-20; 12,33-35)
43 «Ez dago zuhaitz onik frutu txarra emoten dauanik, ez eta zuhaitz txarrik ere frutu ona emoten dauanik. 44 Bere frutuetatik igarten jako zuhaitzari; ez da arantzatik ikorik batzen, ez eta sasitik ere mahatsik hartzen. 45 Ona danak ona ataraten dau bere barruko ontasun-altxorretik; eta gaiztoak txarkeria bere txarkeria altxorretik. Ahoak esan, bihotzari gainezka darionetik esaten dau-eta.
Benetako ikasleak
(Mt 7,24-27)
46 «Zergaitik esaten deustazue ‘Jauna, Jauna’, eta ez dozue egiten esaten deutsuedana? 47 Erakutsiko deutsuet noren antzeko dan nigana hurreratu eta nire esanak entzun eta beteten dituena: 48 etxea egitean, zulatu, sakondu eta oinarriak hatxean hartu ebazan gizon baten antzekoa da. Uholdea gertaturik, jo eban ur-boladeak etxea, baina ezin izan eban dardaratuazo, sendo egina zan-eta. 49 Entzun bai, baina beteten ez dituena, barriz, etxea lur gainean, oinarririk barik, egin eban gizonaren antzekoa da. Jo eban ur-boladeak eta berehala jausi zan, eta dana hondatuta gelditu».