EBANJELIOA MARKOSEN ARABERA
SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Egilea nor dan ziur jakiterik ez dago. Baina daitekena da, antxinako tradizinoak dinoanez, Pedro eta Paulorekin estu lotuta dagoan Markos delakoa izatea: Pedrok ezaguna eban (Eg 12,12) eta geroago Pauloren eta Bernaberen misino-lagun izan zan (Eg 12,25; 13,5); azkenik, Erroman ageri jaku Pedroren ondoan (1 P 5,13). Erroman bertan idatzi eban seguruenik ebanjelioa; horretara garoez, tradizioaz gainera, idazlearen hainbat latinismok edo Erromako usadio berezien hainbat aipamenek, esate baterako emazteak senarragandik dibortziatzeko dauan eskubidearenak (10,11-12).
K.o. 70. urte aldera idatzi eban, ordura arte ahoz nahiz idatziz zatika eta banaka jasota egozan Jesusen irakaspen eta egintzak liburu baten batuz. Bera izan da horretan lehenengoa, kristauen literatur mota barria sortuz, biografia baino gehiago katekesia helburu dauala. Hiztegi murritza eta estilo sinple eta traketsa baditu ere, kontalari trebea dogu Markos: kontakizunak bizi-bizi, ñabarduraz eta zehaztasunez beteak eta oso egoki eraturik emoten deuskuz.
Erromako kristau-elkarteren batentzat idazten dau seguruenik. Bertan gehienak ez dira judu; hortik juduen hainbat esaera eta usadio esplikatu beharra (ik. 5,41; 7,3). Egoera gogorra bizi dabe, bai juduek eta bai jentilek gorroto deutseela: mespretxua eta tratu txarrak ugari, baita pertsekuzioa ere (Neronen sasoian, K.o. 64an). Inoiz baino beharrezkoagoa dabe Jesus Mesias kurutzean josiari begiratzea, zer eta nor dan ondo jabetzea, haren jarraitzaile izaten ikasteko eta haren ondoren kurutzea eroan ahal izateko.
Ebanjelioaren hari nagusiak
Geografi datuak oinarri dituen eskema nagusia nabari jako ebanjelioari: Jesusen Galileako jarduna (jentil-lurraldeetara urtenaldi bigaz: 7,24.31; 8,27), Jerusalemerako bidea (10,1.32.46; 11,1), Jerusalemen bere egitekoaren eta bizitzaren amaiera. Baina geografi marko hau ez da nahikoa liburuaren barru-hariaren kontu emoteko.
Mk 1,1ek adierazten deuskuz, izenburu lez, ebanjelio osoaren itxurea eta helburua: «Hona hemen zelan hasi zan Jesus Mesias, Jainkoaren Semea, dala dinoen berri ona (ebanjelioa)». Ebanjelio hitzak hemen ez dau liburua adierazten —«Lau ebanjelioak» esaten danean lez—, barri ona baino; barri on honen muina eta mamina, barriz, Jesus bera da. «Nor dogu hau?» (4,41); itaun horrexi erantzutea da Markosen helburu bakarra, Jesusen misterioa apurka azaltzea, hain zuzen: Jesus Jainkoaren Semea da eta Mesias, baina ez juduek uste eben langoa, oinazeduna baino. Erantzun hori jasoten daben pasarteak dira ebanjelioaren mugarri nagusi: 1,11; 8,29; 9,7; 14,62; 15,39. Markosen ebanjelioaren berezitasunik nabarmenena hauxe da, hain zuzen: Jesus bera dauala erdigune. Markosenean, Jesusek ez dihardu «mendiko hitzaldia» (Mt 5–7) lango autu luzez; ostera, bere egintzen bidez eta noizean behingo erantzunen bidez agertzen dau bere burua.
1,14tik aurrera, Jesus erregetzea iragarteari eta agertzeari emona dago oso-osoan (1,14-15.38-39). Baina Jainkoaren erregetzearen mezuak, Jesusen irakaspenek eta mirariek, harridura eta Jesusen nortasunari buruzko galdera sortuazoten dabez: «Nor dugu hau?» (1,21-28; 2,12; 4,41). Jesusi buruzko iritziak bananduak dabilz (6,14-16; 8,27-28). Jendea Jesusengana batuz doan heinean, etsaigoa ere handituz doa (3,6; 6,1-6; 8,11). Jesusek talde bat alkartzen dau bere ondoan, Hamabiak, bizimoduz eta misinoz beragaz bat egiten dauzala (3,13-19; 6,7-13). Eurei dagokie batez ere Jesusen misterioaz jabetzea, Markosek behin eta barriz hareen ulertezina azpimarratzen badau ere (4,10-11; 7,17-18; 8,14-21; 9,32). Izan ere, Jesusen nortasunak ezkutuan gelditu behar dau oraingoz (1,25; 3,12; 8,30; 9,9) («sekretu mesianikoa»). Ikasleek eurek ere ez dabe ezagutuko, Jesus berbizturik barriro eurenganatuko dan arte (14,28; 16,7), horrela, hareengan kurutzeak galduazotako sinismena barrituz (14,27). Beraz, Jesusen misterioaren azalpen dan lez, Jesusen jarraipenaren azalpen ere bada Markosen ebanjelioa, biak ezin banandu dirala.
Pedrok Feliperen Zesarean egiten dauan autortzaren ondoren (8,27-30), hirugarren atalean, Jesusen «kurutze-bidea» hasten da zeozelan. Nekaldiaren eta biztuerearen hiru iragarpenek azaltzen deuskue, errepika lez, atalaren barru-haria (8,31; 9,30-31; 10,33-34). Jesus Jerusalemera bidean doa, Jainkoaren zerbitzari lez, guztien alde bizia emotera (10,45). Bere ikasleek ere bide beretik behar izango deutsoe jarraitu (8,34-35; 10,42-45). Ikasleak gero eta nahastuago eta harrituago dagoz: zelan alkartu batean porrota eta garaipena, heriotzea eta munduaren salbamena? «Gizonaren Seme» titulua damotso Jesusek bere buruari, bere egitekoaren alderdi biak —beherapena eta garaipena— batean batzen eta adierazten dauzan titulu misteriotsua.
Laugarren atalean, Jesus Mesias lez sartzen da Jerusalemen. Jerusalemen, Jainkoaren agintzariak emon jakozan urian, herri aukeratuaren bihotzean, gertatzen da Jesusen eta judu-agintarien arteko erabateko jazargoa (11,12-14; 12,6-9; 13,1-37).
Bosgarren atalak dakarsku dramaren amaiera. Judu-agintariak Jesusi bizia kendu nahian dabilz (14,1-2). Baina bere gogoz eta kabuz onartzen dau Jesusek heriotzea, Aitaren nahiari baiezko betea emonez (14,36). Bere bizia aurrez eskeinia dau (14,22-24). Oso-osoan gizakien esku itzia dagoala, hareek kurutzean josten dabe. Baina kurutze horrexen aurrean jarten dau Markosek fede-autortzaren gailurra: «Benetan, gizon hau Jainkoaren Semea zan» (15,39).
Pazko-aldarri alaitsuagaz amaitzen da Markosen testigantzea: «Biztu da», bizi da (16,6). Jainkoak arrazoi emon deutso Jesusi.
Gaur daukagun Markosen ebanjelioa eranskin batez amaitzen da (16,9-20). Esku-izkriburik onenek ez dakarre pasarte hori, eta Markosen jatorrizko idazkiari geroago erantsia da seguruenik, Mateoren eta Lukasen kontakizunei jarraituz. Jesusen agerraldien eta ikasleei emondako misino-aginduaren barri emonez, Elizaren historia Jesusen historiari lotzen jako: Jesusek berak dihardu gizaldietan zehar mundua salbatzen, bere bialduen ahoz eta eskuz (16,20).
Eskema
–Barri onaren hasierea (1,1-13).
–Jesus Mesias lez agertu (1,14–8,26).
–Jesus, Gizonaren Semea: Mesias sufrimendu-bidean (8,27–10,52).
–Jerusalemen: Jesus Mesias ukatua (11,1–13,37).
–Jesus, Jainkoaren Semea. Nekaldia eta biztuera (14,1–16,8).
–Eranskina (16,9-20).