Harrerea eta ukapena:
Jesus eta haren gizaldia alkarren aurka (11,1—12,50)
11,1 Jesus, bere hamabi ikasleei argibideok emotea amaitu ebanean, joan egin zan handik, herriz herri irakastera eta mezua iragartera.
Joan Bateatzailearen galderea eta Jesusen autorkuntzea
(Lk 7,18-35)
2 Joan Bataiatzaileak Mesiasen egintzen barri izan eban kartzelan, eta bere ikasle batzuk bialdu eutsozan 3 galdetzera: «Zu zara ‘Etortekoa*’, ala besteren baten zain egon behar dogu?»
4 Jesusek erantzun eutsen:
—Zoaze eta esan Joani entzuten eta ikusten dozuena: 5 itsuek ikusi egiten dabe eta herrenak badabiz, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten dabe, hildakoak biztu egiten dira eta behartsuei barriona emoten jake. 6 Eta zoriontsua sinisteko nigan oztoporik aurkitzen ez dauana*!
7 Hareek alde egitean, Jesus Joani buruz berba egiten hasi jakon jendeari: «Zer ikustera urten zenduen basamortura? Haizeak kulunka darabilan kainaberea? 8 Zer ikustera urten zenduen bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi apainekoak errege-jauregietan bizi izaten dira. 9 Zer ikustera urten zenduen, ba? Profetaren bat? Bai, jakina, eta profeta baino ere handiagoa. 10 Haretaz dago idatzita Liburu Santuan: Begira, neure mezularia bialtzen dot zure aurretik; Berak prestatuko deutsu aurretik bidea. 11 Benetan dinotsuet: Ez da amaren semerik sortu Joan Bateatzailea baino handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere ha baino handiagoa da.
12 «Joan Bataiatzailea agertu zanetik gaur arte Jainkoaren erreinua indarrez hartzen da, eta indar egiten dabenek eskuratzen dabe*. 13 Profeta guztien eta Moisesen agintzarien epea Joan Bateatzaileagaz amaitzen da*. 14 Joan hau dozue, nahi badozue onartu, etortekoa zan Elias. 15 Ulertzeko gauza danak ulertu bei*.
16 «Nogaz konparatuko dot oraingo gizaldi hau? Plazan jesarrita dagozan mutikoen antzekoa da, holantxe dinotsoe-ta alkarri: 17 ‘Txistua jo deutsuegu eta zuek dantzarik ez; hiletak jo eta zuek aienerik ez’. 18 Etorri zan Joan, ez jan eta ez edan egiten ez ebala, eta burutik eginda dagoala* dinoe. 19 Etorri da Gizonaren Semea, jan-edan egiten dauala, eta holantxe dinoe: ‘A ze tripazain eta mozkorra, zergalari eta pekatarien laguna!’ Baina egiteek autortzen dabe Jainkoaren jakinduria zuzena dala».
Jesusek Galileako herriak madarikatu
(Lk 10,13-15)
20 Gero, miraririk gehienak egin ebazaneko herriak madarikatzen hasi zan Jesus, bihozbarritu ez ziralako.
21 «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon uri jentiletan zuengan adina mirari jazo izan balitz, aspaldi bihozbarrituak zirateken, dolu-jantziz eta hautsez estaldurik*. 22 Horregaitik, hona zer dinodan: Auzi-egunean, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dabe zuek baino. 23 Eta zu, Kafarnaum,
«zeruraino jagiko zara?
Lurraren hondoraino jausiko zara!
«Izan ere, zugan adina mirari jazo izan balitz Sodoman, oraindik gaur zutunik iraungo eukean. 24 Horregaitik, hona zer dinodan: Auzi-egunean, zuk baino zigor bigunagoa izango dau Sodomak ».
Ebanjelioa jende xumeari agertua. Aita eta Semea
(Lk 10,21-22)
25 Behin baten, Jesusek honela ziharduan: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza honeik jakintsu eta ikasiei ezkutatu deutsezuzalako eta jende xumeari agertu. 26 Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan dozu-ta gogoko.
27 «Nire Aitak neure esku itzi dau dana. Eta inork ez dau Semea ezagutzen, Aitak baino; ez eta Aita ere inork ezagutzen, Semeak baino eta Semeak agertu nahi deutsonak.
«Zatoze nigana...»
28 «Zatoze nigana, nekatu eta zamapetu guztiok, eta neuk emongo deutsuet atseden. 29 Hartu eizue nire buztarria eta ikasi nigandik, ni gozoa eta bihotz-apala naz-eta, eta aurkituko dozue bizitzarako atsedena; 30 eroangarria da-ta nire buztarria eta arina nire zamea».