Jesusek elbarria zapatuz osatu
5,1 Handik aldi batera, juduen jai bat* ospatzen zan, eta Jesus Jerusalemera abiatu zan. 2 Bada Jerusalemen, Ardien Atea deritzonaren ondoan, uraska bat, bost aterpe dituana. Hebreeraz Betzata* deitzen deutsoe. 3 Aterpeetan gaixo asko egoten zan, lurrean etzunda: itsu, herren eta elbarriak. (3 b4*). 5 Bazan han gizon bat, hogeita hamazortzi urtez gaixo egoana. 6 Jesusek, han etzunda ikusi eta era haretan denbora luzea eroiala jakinik, esan eutson:
—Nahi dozu osatu?
7 Gaixoak erantzun eutson:
—Jauna, ez dot inor ura mugitzean uraskara botako nauanik; ni heldu orduko besteren batek hartzen deust aurrea.
8 Jesusek esan eutson:
—Jagi, hartu esku-ohea eta ibili.
9 Une berean osaturik suertatu zan gizona, esku-ohea hartu eta ibilten hasi zan.
Egun ha zapatua zan, atsedeneguna.
10 Judu-agintariek, orduan, esan eutsoen osatuari:
—Zapatua da; ez dozu legezko esku-ohea garraiatzea.
11 Harek erantzun eutsen:
—Osatu nauanak berak esan deust: «Hartu esku-ohea eta ibili».
12 Hareek galdetu eutsoen:
—Nor da esku-ohea hartu eta ibilteko esan deutsun hori?
13 Baina osatuak ez ekian nor zan, Jesus inguruan egoan jendetza artean ezkutatu egin zan-eta.
14 Gerotxoago, Jesusek tenpluan topo egin eban beragaz eta esan eutson:
—Begira, osatuta zagoz; ez egin barriro pekaturik, okerragorik jazo ez dakizun.
15 Joan zan gizona, eta agintariei Jesus zala osatu ebana adierazi eutsen.
Semearen aginpidea. Aita eta Semea
16 Honexegaitik, izan ere, zapatuz halako gauzak egiten ebazalako, agintariak Jesus pertsegitzen hasi ziran.
17 Jesusek, orduan, hauxe azaldu eutsen: «Nire Aitak etengabe dihardu lanean, eta neuk ere bai».
18 Esandako honegaitik, agintariak orduan eta gehiago ebiltzan Jesus hil nahian, zapatuko atsedena ez errespetatzeaz gainera, Jainkoa bere Aita ebala esaten eban-eta, horrela bere burua Jainkoaren pareko eginez.
19 Jesusek esan eutsen gainera: «Bene-benetan dinotsuet: Semeak ezin daike ezer ere bere kabuz egin; ez dau egiten Aita egiten ikusten dauana besterik: Aitak zer egin, haxe bera egiten dau Semeak ere. 20 Izan ere, Aitak Semea maite dau, eta berak egiten dauan guztia erakusten deutso, eta gauza handiagoak erakutsiko deutsoz oraindino, harritu egingo zaitueenak. 21 Aitak hilak biztu eta bizia emoten deutsen lez, Semeak ere bizia emoten deutse, berak nahi dabenei.
22 «Aitak ez dau inor ere epaitzen, epaitzeko ahalmen guztia Semearen esku itzi dau-eta, 23 guztiek, bera goresten daben lez, Semea ere goretsi daien. Semea goresten ez dauanak, ha bialdu dauan Aita ere ez dau goresten. 24 Bene-benetan dinotsuet: Nire mezua onartu eta bialdu nauanagan sinisten dauanak betiko bizia dau. Ez da kondenatua izango; igaroa da dagoaneko heriotzatik bizitzara.
25 «Bene-benetan dinotsuet: Badator ordua —hobeto esan, heldu da—, hilek* Jainkoaren Semearen ahotsa entzungo dabena; eta entzungo dabenak bizi izango dira. 26 Aitak bizia bere barruan daukan lez, Semeari ere bizia bere barruan eukitea emon deutso. 27 Gainera, epaitzeko aginpidea emon deutso, Gizonaren Semea dalako. 28 Ez harritu esaten deutsuedanaz, badator-eta ordua hildako guztiek haren ahotsa entzungo dabena, 29 eta hilobietatik urtengo dabena: on egin ebenak betiko bizirako biztuko dira; txarra egin ebenak, barriz, kondenatuak izateko.
30 «Nik neurez ezin daiket ezer ere egin: Aitak agintzen deustan lez epaitzen dot; eta nire epaia zuzena da, helburu ez dot-eta neure nahia egitea, bialdu nauanarena baino.
Aitaren testigantzea eta Joan Bataiatzailearena
31 «Nik neure buruaren aldeko testigantzea egingo baneu, nire testigantzea ez litzateke baliozkoa izango. 32 Beste batek dau nire alde testigatzen, eta jakin badakit haren testigantzea baliozkoa dana. 33 Zuek gizatalde bat bialdu zeutsoen Joani, eta harek egiaren alde egin eban testigantzea. 34 Ez dot hau esaten giza testigantzearen beharrik dodalako, zuek salba zaitezen baino. 35 Joanek argi egiten eban kriseilu biztuaren antzera, eta zuek alditxo batez bakarrik egon zineen prest haren argiaz gozatzeko.
36 «Nik, ordea, badot neure alde Joanena baino balio handiagoko testigantzea: nik beteteko Aitak nire gain itzitako egintzak, izan ere; nik egiten dodazan egintzek testigatzen dabe nire alde eta Aitak bialdu nauala ziurtatzen. 37 Eta bialdu nauan Aitak berak ere eginda dauka nire aldeko testigantzea. Baina zuek ez dozue inoiz haren ahotsik entzun, ez haren aurpegirik ikusi, 38 eta haren berbeak ere ez dau zuen barruan lekurik, Harek bialduagan ez sinisteak erakusten dauan lez. 39 Liburu Santuak arretaz aztertzen dozuez, betiko bizia euretan aurkituko dozuelakoan; horra, ba, Liburu Santuek ere neure alde egiten dabe testigantza; 40 halan ere, ez dozue nigana hurreratu nahi betiko bizia izateko.
41 «Ez dot gizakiengandiko aintzarik onartzen. 42 Baina ondo ezagutzen zaituet eta badakit ez dozuela Jainkoa maite. 43 Neure Aitaren izenean etorria naz ni, baina zuek ez nozue onartzen; inor bere izenean etorriko balitz, ha bai, onartuko zeukee. 44 Zelan sinistuko dozue zuek, alkarri aintza emoten ahalegintzen bazaree eta Jainko bakarragandik datorren aintzaz arduratzen ez? 45 Ez uste izan Aitaren aurrean nik salatuko zaituedanik; Moisesek berak, zeuen itxaropena dozuenak, salatuko zaitue. 46 Izan ere, Moisesi sinistuko bazeutsoe, neuri ere sinistuko zeuskite, harek neutaz idatzi* eban-eta. 47 Baina, harek idatzia sinisten ez badozue, zelan sinistuko dozue nik esana?»