Jesusek ur-minduna zapatuz osatu
14,1 Behin baten, zapatuz, fariseu-buruetako baten etxera joan zan Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan egokozan. 2 Gizon ur-mindun bat egoan han, Jesusen aurrean. 3 Jesusek lege-maisu eta fariseuei galdetu eutsen: «Zilegi da zapatuz inor osatzea, bai ala ez?»
4 Hareek isilik gelditu ziran. Orduan, Jesusek gaixoa eskutik hartu, osatu eta bialdu egin eban. 5 Gero, harei esan eutsen: «Zuetako nork, semea nahiz idia putzura jausten bajako, ez dau berehala ataraten, zapatu izanagaitik?»
6 Erantzun ezinik gelditu ziran.
Azken tokiak aukeratu eta behartsuak gonbidatu
7 Konturatu zan Jesus gonbidatuek mahaiko lehenengo jarlekuak hartzen ebezala, eta aholku honeik emon eutsezan: 8 «Ezteguetara gonbidatzen zaituanean, ez jarri mahaiburuan, zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izan daiteke-eta; 9 hala balitz, biok gonbidatu zaituenak etorri eta esango leuskizu: ‘Itzi tokia honi’; orduan, azkenengo lekuan jesarri behar izango zeuke lotsagorritan. 10 Alderantziz, gonbidatzen zaituanean, jarri azkenengo tokian, gonbidatu zaituanak, datorrenean, esan deizun: ‘Adiskide, igon gorago’. Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. 11 Bere burua goratzen dauana beheratu egingo dau-ta Jainkoak, eta bere burua beheratzen dauana, goratu».
12 Eta gonbidatu ebanari esan eutson: «Bazkari edo afariren bat emotean, ez gonbidatu zeure adiskideak, ez eta senide, ahaide edo auzoko aberatsak ere; eurek ere gonbidatu egingo zindukez-eta, eta, horrela, ordaina hartuko zeuke. 13 Alderantziz, otordu bat emotean, gonbidatu behartsu, elbarri, herren eta itsuak. 14 Zorionekoa zu orduan, ez dauke-ta zuri ordaintzerik! Zintzoak biztuko diranean jasoko dozu ordaina».
Afari handiaren parabola
(Mt 22,1-10)
15 Hitzok entzutean, mahaikide batek esan eutson Jesusi: «Zorionekoa Jainkoaren erreinuko otorduan parte hartuko dauana!»
16 Jesusek erantzun eutson: «Gizon bat afari handi bat emotekoa zan eta jende asko gonbidatu eban. 17 Afarikoan, morroia bialdu eban gonbidatuei esatera: ‘Etorri, dana prest dago-eta’. 18 Baina bata bestearen ondoren danak atxakiak jarten hasi ziran. Lehenengoak esan eutson: ‘Soloa erosi dot, eta ikustera joan behar dot; parkatu, arren’. 19 Beste batek, barriz: ‘Bost idi-pare erosi ditut, eta probatzera joan behar dot; parkatu, arren’. 20 Eta hurrengoak: ‘Ezkondu barria naz eta ezin naiteke joan’. 21 Honen guztiaren barri nagusiari emotera bihurtu zan morroia. Etxeko nagusia biziro haserratu zan eta morroiari esan eutson: ‘Hoa bizkor herriko plaza eta kaleetan zehar, eta ekarri hona behartsu, elbarri, itsu eta herrenak’.
22 «Geroago, morroiak esan eutson: ‘Egin dot, jauna, zuk agindua, eta oraindino badago tokia’. 23 Orduan, nagusiak esan eutson: ‘Hoa bidez bide eta bazterrik bazter eta sartuazo jendea barrura, etxea bete dakidan. 24 Egia esan, gonbidatu hareetako batek ere ez dau nire afaria dastatuko’».
Nork bere buruari uko, Jesusi jarraitzeko
(Mt 10,37-38)
25 Jende-talde handiak joiazan Jesusegaz; honek, eurengana bihurturik, esan eutsen: 26 «Inork nigaz etorri gura badau eta ez banau ni bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak eta bere burua ere baino maiteago*, ezin daiteke izan nire ikasle. 27 Bere kurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena, ezin daiteke izan nire ikasle.
28 «Izan ere, zuetako nork, torrea egin gura badau, ez dauz lehenago jesarri eta gastuen kontuak ataraten, amaitzeko beste ba ete daukan ikusteko? 29 Bestela, zimenduak hartu ondoren ezin izango baleu amaitu, ikusiko leuken guztiek barre egingo leuskioe, 30 esanez: ‘Honako hau eraikitzen hasi zoan eta ezin izan jok amaitu’.
31 «Edo zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badau, ez dau lehenago jesarri eta begiratzen, ea hamar mila gizon nahikoa dauzan hogei milagaz kontra jatorkonari aurre egiteko? 32 Eta ezetz ikusten badau, bestea oraindino urrun dala, mandatariak bialduko deutsoz bakea eskatuz.
33 «Era berean, zuetako inor ezin daiteke izan nire ikasle, daukazan guztiei uko egiten ez badeutse.
Gatz gezatuaren parabola
(Mt 5,13; Mk 9,50)
34 «Bai, gauza ona da gatza; baina gatza gazatzen bada, zelan gazitu barriro? 35 Ez litzateke gauza ez lurrerako, ez ongarritarako; kanpora botako litzateke. Ulertzeko gauza danak ulertu bei».