Ekialdeko jakintsu batzuk Jesus gurtu
2,1 Jesus Judeako Belen herrian jaio zan, Herodes erregearen aldietan. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu* batzuk azaldu ziran Jerusalemen, 2 galdezka:
—Non da juduen errege jaiobarria? Haren izarra ikusi dogu sortaldean eta gurtzera gatoz.
3 Barri honegaz larritu egin zan Herodes erregea, bai eta Jerusalem uri osoa ere. 4 Orduan, herriko abadeburu eta lege-maisu guztiak batu eta Mesias non jaiotekoa zan galdetu eutsen. 5 Hareek erantzun eutsoen:
—Judeako Belenen, holan idatzi eban-eta profeteak:
6 Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez,
Judako urietan txikiena;
zeugandik urtengo dau-ta buruzagiak,
Israel nire herria gobernatuko dauanak*.
7 Orduan, Herodesek, jakintsuei isilean deiturik, izarra noiz agertu jaken jakin eban zehatz. 8 Gero, Belenera bialdu ebazan, esanez: «Zoaze eta jakin zuzen umearen barri eta, aurkitu ondoren, jakinazo niri, neu ere gurtzera joan nadin».
9-10 Erregearen hitzok entzunik, abiatu egin ziran. Bidean, sortaldean ikusitako izarra agertu jaken eta biziro poztu ziran. Izarra aurretik joan jaken, umea egoan toki gainean gelditu arte.
11 Etxean sarturik, umea ikusi eben Maria bere amagaz eta, ahozpezturik, gurtu; ondoren, euren kutxatxoak zabalduz, eskuerakutsiak eskeini eutsoezan: urrea, intsentsua eta mirra*.
12 Gero, Herodesengana ez bihurtzeko oharra amesetan harturik, beste bide batetik bihurtu ziran euren herrialdera.
Egiptora ihesi
13 Jakintsuek alde egin ondoren, Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan Joseri eta esan eutson: «Jagi, hartu umea eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora. Egon han neuk esan arte, umearen bila ibiliko da-ta Herodes, hilazoteko».
14 Hartu ebazan, beraz, Josek umea eta ama gauez, eta Egiptora alde egin eban. 15 Han bizi izan zan, Herodes hil arte. Horrela, Jaunak profetaren bidez esana bete zan: Egiptotik etorteko dei egin neutson nire semeari.
Belengo umeen hilketa
16 Herodes erregea, jakintsuek engainatu egin ebela oharturik, biziro haserratu zan, eta Belenen eta inguruetan urte bitik azpiko ume guztiak hilteko agindu eban, jakintsuek adierazotako denborea kontuan harturik. 17 Holan bete zan Jeremias profeteak esana:
18 Entzun! Aieneak eta negar samina Raman!
Rakelek dihardu bere haurrekaitik negarrez:
ez dau kontsolatu nahi,
ez dira-ta bizi.
Egiptotik bihurtu eta Nazareten bizi
19 Herodes hil ondoren, Joseri Jaunaren aingerua agertu jakon amesetan Egipton, 20 eta esan eutson: «Jagi, hartu umea eta ama, eta zoaz Israelera, hil dira-eta umea hil nahian ebizanak».
21 Hartu ebazan Josek umea eta ama, eta Israelera joan zan. 22 Baina jakin eban, Herodesen ordez honen seme Arkelao* egoala Judean errege, eta bildurra sartu jakon hara joateko. Eta, amesetan adierazpena harturik, Galileara jo eban, 23 eta Nazaret izeneko herrian jarri zan bizi izaten; horrela bete zan Jainkoak profeten bidez esana: «Nazaretarra* esango deutsoe».