Jesusek sinistedunen alde otoitz egin
17,1 Holan berba egin ondoren, Jesusek begiak zerurantz jaso eta esan eban: «Aita, heldu da ordua. Azaldu eizu zure Semearen aintza, Semeak zure aintza azaldu daian. 2 Gizon-emakume guztien gain aginpidea emon deutsazun ezkero, berak betiko bizia emon deiela zuk berari emondakoei. 3 Honetantxe azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bialdutako Jesus Mesias ezagutzean*.
4 «Nik zeure aintza azaldu dot munduan, zeuk emon zeustan egitekoa betez. 5 Orain, Aita, emoidazu aintza zeure ondoan, emon mundua mundu izan baino lehen zeure ondoan neban aintza. 6 Emon deutset zure barri mundutik bereizi eta emon zeustazan gizon-emakumeei. Zeureak ziran, zuk neuri emon zeustazan, eta onartu dabe honeek zure mezua. 7 Badakie orain zuk emon deustazun guztia zeugandik datorrela. 8 Niri emon deustazuzan irakatsiak emon deutsedaz nik, eta honeek onartu egin dabez. Eta benetan dakie zeugandik etorri nazala, bai eta sinistu ere zeuk bialdu nozula.
9 «Euron alde erregutzen dot; ez dot munduaren alde erregutzen, zeuk emon deustazuzanon alde baino, zeureak diralako; 10 daukadan guztia zeurea da eta zurea neurea; eta eurongan azaldu da nire aintza.
11 «Ez naz aurrerantzean munduan egongo; honeek, barriz, bai, munduan jarraituko dabe. Ni zeugana noa. Aita santu horrek, zaindu zeure ahalmenaz zuk emon deustazuzanok, bat izan daitezen gu geu bat garan lez. 12 Eurokaz izan nazan bitartean, neuk zaindu dodaz emon deustazuzanok. Euron ardurea izan dot eta honeetako bat ere ez da galdu, galdu behar izan ebana* baino; horrela, Liburu Santuek dinoena bete da. 13 Orain, barriz, zeugana noa. Hau guztia, oraindik munduan nagoala esaten dot, nire poza eurengan izan daien, eta betebetea izan ere.
14 «Zeure mezua adierazi deutset nik; baina munduak gorroto deutse, mundukoak ez diralako, neu ere mundukoa ez nazan lez. 15 Ez deutsut eskatzen mundutik atarateko, Gaiztoagandik* babesteko baino. 16 Ez dira mundukoak, neu ere mundukoa ez nazan lez. 17 Hartu eizuz zeuretzat* egiaren bidez: zure mezua egia da. 18 Mundura bialdu dodaz, zeuk bialdu ninduzun lez. 19 Eta eurokaitik emoten deutsut osorik neure burua, honeik ere egiaren bidez zeuretzat hartu daizuzan.
20 «Ez dot erregutzen honeen alde bakarrik; erregutzen dot baita euron iragarpenaren bidez nigan sinistuko dabenen alde ere. 21 Egizu guztiak bat izan daitezela. Aita, zu nigaz eta ni zugaz biok bat garan lez, honeik ere bat izan daitezala gugaz. Horrela sinistuko dau munduak zeuk bialdu nozula. 22 Zeuk emon zeustan aintza bera emon deutset nik, bat izan daitezan, gu biok bat garan lez: 23 ni honeekaz bat eta zu nigaz bat. Horrela, guztiz bat izango dira, eta munduak ezagutu ahal izango dau zeuk bialdu nozula eta ni neu maitatu nozun lez maitatu dozuzala eurok ere. 24 Aita, zuk emon deustazuzanak ni nagoan lekuan neugaz egotea nahi dot, nire aintza, mundua sortu aurretik maite izan nozulako emon deustazun aintza, ikusi daien.
25 «Aita zuzen hori, munduak ez zaitu ezagutu; nik, barriz, ezagutu zaitut, eta jakin dabe honeek zeuk bialdu nozula. 26 Zu nor zaran jakinazo deutset, eta aurrerantzean ere jakinazoko, zuk deustazun maitasuna eurongan izan dadin, eta ni neu ere eurongan izan nadin».