Ardi galduaren parabola
(Mt 18,12-14)
15,1 Zergalari eta pekatari* guztiak Jesusengana batzen ziran hari entzutera, 2 eta fariseuek eta lege-maisuek marmarrean ziharduen esanez: «Horrek harrera ona egiten deutse pekatariei, baita eurekin jan ere!»
3 Jesusek parabola hau esan eutsen: 4 «Zuetako nor, ehun ardi izan eta bat galtzen bajako, ez da, beste larogeta hemeretziak larran itzirik, galduaren bila joaten aurkitu arte? 5 Eta aurkitzen dauanean, lepoan hartzen dau poz-pozik 6 eta, etxeratzean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: ‘Egin jai nirekin, aurkitu dot-eta galdutako ardia!’ 7 Egia esan, Jainkoak ere poz handiagoa hartzen dau* bihozbarritu beharrik ez daben larogeta hemeretzi zintzoekaitik baino bihozbarritzen dan pekatari bategaitik.
Txanpon galduaren parabolea
8 «Edota zein emakumek, zilarrezko hamar txanpon* izan eta bat galtzen bajako, ez dau, kriseilua bizturik, etxea garbitu eta galdu jakon txanpona ardura guztiaz bilatzen, aurkitu arte? 9 Eta, aurkitzean, adiskideak eta auzokoak batu eta esaten deutse: ‘Egin jai nirekin, aurkitu dot-eta galduta neukan txanpona!’ 10 Egia esan, bardin pozten da Jainkoa ere bere aingeruekaz bihozbarritzen dan pekatari bategaitik»
Aita errukitsuaren eta seme bien parabolea*
11 Gainera, esan eutsen: «Gizon batek seme bi eukazan. 12 Gazteenak esan eutson aitari: ‘Aita, emoidazu dagokidan senipartea’. Eta aitak ondasunak banatu eutsezan.
13 «Handik egun gitxira, seme gazteenak, eukazan guztiak baturik, urruneko herrialde batera egin eban ihes eta han, galdukerian bizi izanez, ondasun guztiak jan. 14 Dana eralgi ebanean, gosete ikaragarria gertatu zan inguru haretan eta estu aurkitzen hasi zan. 15 Orduan, herrialde haretako gizon batengana joan zan morroi, eta harek bere sailetara bialdu eban txarrizain*. 16 Txarriek jaten eben ezkurrez asetzeko gogoa emoten eutson, ez eutson-eta inork jaten emoten. 17 Orduan, pentsatzen jarririk, bere barruan esan eban: ‘Zenbat langile gure aitarenean nahi beste ogi eta gehiago daukela, eta ni hemen goseak hilten! 18 Jagi, aitagana joan eta esango deutsot: Aita, pekatu egin dot Jainkoaren* eta zure kontra. 19 Ez dot gehiago seme-izenik merezi. Hartu naizu zeure langileetako bat lez’.
20 «Jagi eta aitarenera bidean jarri zan. Oraindik urrun egoala, ikusi eban aitak eta errukitu egin zan; eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi jakon. 21 Semeak esan eutson: ‘Aita, pekatu egin dot Jainkoaren eta zure kontra. Ez dot gehiago zure seme-izenik merezi...’ 22 Aitak, ordea, esan eutsen morroiei: ‘Ekarri bizkor jantzirik onena eta jantziozue, ipiniozue eraztuna eta jantzi oinetakoak*; 23 ekarri zekor gizendua eta hil; egin daigun jai-otordua; 24 seme hau hilda neukan eta biztu egin jat-eta, galduta neukan eta aurkitu egin dot-eta’. Eta hasi eben jaia.
25 «Seme zaharrena soloan zan. Etxerakoan, hurreratu ahala, soinua eta dantzak sumatu ebazan. 26 Eta, morroi bati deiturik, zer gertatzen zan galdetu eutson. 27 Harek erantzun: ‘Zure anaia etorri da eta zekor gizendua hilteko agindu dau zuen aitak, semea onik bereganatu daualako’. 28 Biziro haserretu zan anaia eta ez eban sartu nahi. Urten eban aitak eta erreguka hasi jakon. 29 Baina harek erantzun eutson aitari: ‘Hainbeste urte da zure agindu bat ere sekula huts egin barik zerbitzatzen zaitudana, eta ez deustazu inoiz ahume bat ere emon, lagunekin jai egiteko; 30 eta, horrako zure seme hori, zure ondasunak emagalduekin jan dituen hori, etorri dala eta, zekor gizendua hil dozu’. 31 Aitak erantzun eutson: ‘Seme, zu neugaz zagoz beti, eta nire guztia zeurea dozu! 32 Baina egoki zan poztu eta jai egitea, zure anaia hau hilda geukan eta biztu egin jaku-eta, galduta geukan eta aurkitu egin dogu-eta!’»
Etxezain argiaren parabolea
16,1 Jesusek esan eutsen ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat eukan, eta honek ondasunak alperrik galtzen eutsozala salatu eutsoen.
2 «Deitu eutson eta esan: ‘Zer da zutaz entzun dodan hori? Emoidazu etxezaintzaren kontu, kargutik bota egiten zaitut eta’.
3 «Honela inoan, orduan, etxezainak bere barruan: ‘Zer egin behar dot orain, nagusiak kargua kentzen deustan ezkero? Atxurrerako ez naz gauza, eta eskerako lotsa naz. 4 Badakit zer egin, kargutik botaten nauan honetan etxean nork hartu izan daidan’.
5 «Deitu ebazan bere nagusiaren zordunak banan-banan, eta lehenengoari galdetu eutson: ‘Zenbat zor deutsozu nire nagusiari?’ 6 Harek erantzun: ‘Ehun upel orio’. Etxezainak esan eutson: ‘Hona zure ordain-agiria; agudo, jesarri eta idatzi berrogeita hamar’.
7 «Gero, hurrengoari galdetu eutson: ‘Zuk zenbat zor deutsozu?’ Harek erantzun: ‘Ehun anega gari’. Eta besteak, orduan: ‘Hona zure ordain-agiria; idatzi larogei’.
8 «Eta nagusiak txalotu egin eban etxezain zuzengabe ha, zuhur jokatu ebalako. Izan ere, mundukoak zuhurragoak dira euren arteko arazoetan, argitakoak* eurenetan baino.
Bidebako dirua eta egiazko ondasuna
(Mt 6,24)
9 «Beraz, hauxe ere badinotsuet nik: Irabazi eizuez adiskideak bidebako diruaren bidez; horrela, dirua amaitzean, betiko bizilekuetan hartuko zaitue Jainkoak*.
10 «Gauza txikietan fidagarria handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan bidegabea, handietan ere bidegabea. 11 Bidebako dirua erabilten fidatzekoak izan ez bazaree, nork itzi zuen esku egiazko ondasuna? 12 Zeuena ez dozuen aberastasunagaz fidatzekoak izan ez bazaree, nork emon benetan dagokizuena*?
13 «Ez da morroirik nagusi bi zerbitzatu daikezanik; izan ere, batari gorroto izango deutso eta bestea maite izango dau, edota batari men egingo deutso eta bestea begitan hartuko dau. Ezin zaitekeze Jainkoaren eta diruaren morroi izan».
14 Entzun eben hau guztia fariseu diruzaleek, eta barre egiten eutsoen Jesusi. 15 Honek esan eutsen: «Zuek zeuen buruak zintzo azaltzen dozuez jendearen aurrean, baina ezagutzen dau Jainkoak zuen barrua; izan ere, gizakiak baliotsutzat daukana, Jainkoarentzat gaitzesgarri da.
Legea eta Jainkoaren erregetzea
(Mt 11,12-13; 5,18)
16 «Moisesen legearen eta profeten garaia Joan Bataiatzaileagaz amaitu da; ordutik, Jainkoaren erregetzearen barriona adierazten da, eta danek indar egiten dabe bertan sartzeko*.
17 «Errezago da zeru-lurrak desagertzea, legearen zeinurik txikiena ere huts gertatzea baino.
Adulterioaz
(Mt 5,32; 19,9; Mk 10,11-12)
18 «Emaztea itzi eta beste bategaz ezkontzen danak adulterio egiten dau; eta senarrak itzitako emakume bategaz ezkontzen danak adulterio egiten dau.
Aberatsa eta Lazaro
19 «Bazan gizon aberats bat, purpuraz eta lino finez janzten zana eta egunero jai-otordu ederrak egiten ebazana. 20 Bazan Lazaro izeneko eskale bat ere, haren ate ondoan egoten zana; zauriz josita egoan. 21 Pozik ere jango eukean aberatsaren mahaitik lurrera botaten ebena. Txakurrek ere etorri eta zauriak miazkatzen eutsoezan.
22 «Hil zan eskalea, eta Abrahamen ondora* eroan eben aingeruek; hil zan aberatsa ere, eta lur emon eutsoen. 23 Hilen Egoitzan* oinazetan egoala, begiak jaso eta Abraham ikusi eban urrunean, eta Lazaro haren ondoan. 24 Orduan, deiadar egin eutson: ‘Aita Abraham, erruki nitaz; bialdu eizu Lazaro atzamar-muturra uretan busti eta niri mihina freskatzera, kiskaltzen nago-ta sugar honeetan’. 25 Baina, Abrahamek erantzun eutson: ‘Seme, gogoratu zuk zorion ugari izan zendula bizitzan; Lazarok, barriz, zoritxarrak; orain, harek atsegina aurkitu dau hemen, eta zuk oinazeak. 26 Horrez gainera, leize handi bat dago zuen eta gure artean; nahita ere, ez dauka inork hemendik zuengana igaroterik, ez eta hortik guregana ere’.
27 «Aberatsak, barriro: ‘Orduan, aita Abraham, bialdu eizu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, 28 bost anaia ditut eta; jarri daizala jakinaren gain, eurek ere oinaze-toki honetara etorri ez daitezan’. 29 Abrahamek erantzun eutson: ‘Hor dabez Moises eta profetak*: entzun deieela’. 30 Harek, oraindik: ‘Ez, aita Abraham; hildakoren bat joaten bajake, orduan bai bihozbarrituko dirala’. 31 Baina Abrahamek erantzun eutson: ‘Moisesi eta profetei entzuten ez badeutsee, hildakoren bat biztuta ere, ez dabe kasurik egingo’».
Iraina eta parkamena
(Mt 18,6-7.21-22; Mk 9,42)
17,1 Jesusek esan eutsen ikasleei: «Nahitaezkoa da munduan galbideak* suertatzea, baina zoritxarrekoa inoren sinismena galbidean jarten dauana! 2 Hobe leuke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora botako balebe, txiki honeetakoren bat galbidean jartea* baino. 3 Kontuz ibili!
«Senideren batek iraintzen bazaitu, egiozu aldarri, eta, damutzen bada, parkatu. 4 Eta egunean zazpi bider iraintzen bazaitu eta zazpi bider etorten bajatzu ‘Damu dot’ esanez, parkatu».
Sinismena eta zerbitzua
(Mt 17,20)
5 Apostoluek eskatu eutsoen Jaunari:
—Handitu eizu sinismena gugan.
6 Jaunak erantzun eban:
—Sinismena bazendue, mostaza-hazia lango txikia izanik ere, ikondo honi «Urten hortik eta aldatu itsasoan» esango zeuskioe, eta obeditu egingo leuskizue.
7 «Egizue zuetako batek morroi bat dauala solo-lan edo artzaintzarako. Morroia etxeratzean, ‘Hator berehala mahaira’ esaten ete deutso? 8 Ez ete deutso beste hauxe esaten: ‘Prestatu eidak afaria, jantzi amantala eta zerbitzatu naik, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko dok hik’? 9 Morroiari esker ona zor ete deutso agindua bete daualako? 10 Zuek ere bardin: agindu jatzuen guztia egin eta gero, esan: ‘Morroi gizagaixo* batzuk gara; egin behar genduana besterik ez dogu egin’».
Jesusek hamar legendun osatu
11 Jerusalemera bidean, Samaria* eta Galilean zehar joian Jesus. 12 Herri baten sartzerakoan, hamar legendunek urten eutsoen bidera. Urrun gelditurik, 13 deiadarka esan eutsoen:
—Jesus, Maisu, erruki zakiguz!
14 Jesusek, ikustean, esan eutsen:
—Joan eta azaldu abadeengana.
Bidean joiazala, garbi gelditu ziran. 15 Hareetako bat, osatuta egoala oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz bihurtu 16 eta Jesusen oinetara ahuspez jausi zan, eskerrak emonez; samariarra zan bera. 17 Jesusek esan eban: «Ez ete dira hamarrak gelditu garbi? Non dira beste bederatziak? 18 Ez da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etorteko?»
19 Gero, esan eutson: «Jagi eta zoaz; zeure sinismenak salbatu zaitu».
Jainkoaren erregetzearen etorrerea
(Mt 2,423-28,37-41)
20 Jainkoaren erregetzea noiz helduko zan galdetu eutsoen fariseuek; Jesusek erantzun eutsen:
—Jainkoaren erregetzea ez da nabarmen etorriko. 21 Ezin esan izango da: «Hona hemen» edo «Hara han»; Jainkoaren erregetzea zeuen artean dago-ta.
22 Gero, ikasleei esan eutsen: «Helduko jatzue Gizonaren Semearen etorrerako egun bat besterik ez bada ere ikusi nahi izango dozueneko sasoia, baina ez dozue ikusiko. 23 Orduan, ‘Hona hemen, hara han’ esango deutsuee. Baina zuek ez joan, ez urten atzetik lasterka. 24 Izan ere, tximisteak une baten zerualde batetik besteraino distira egiten dauan lez, halan izango da Gizonaren Semea etorriko dan egunean. 25 Baina aurretik asko sufritu behar dau, eta gizaldi honek gaitzetsi egingo dau.
26 «Noeren sasoian lez jazoko da Gizonaren Semearen sasoian ere. 27 Jan-edanean ziharduen jendeak, eta ezkondu egiten ziran, *Noe itsas-ontzian sartu zan arte; baina etorri zan uriolea eta danak galdu ebazan.
28 «Gauza bera gertatu zan Loten sasoian ere: jan eta edan, saldu eta erosi, landatu eta eraiki egiten eban jendeak; 29 baina Lotek Sodomatik urten eban egunean, su eta sufrezko euria egin eban zerutik eta danak galdu ebazan.
30 «Hala jazoko da Gizonaren Semea agertuko dan egunean ere. 31 Egun haretan, etxe gainean dagoana eta bere gauzak etxean dituena ez bedi hartzera jatsi; era berean, soloan dana ez bedi atzera bihurtu. 32 Oroitu Loten emazteaz.
33 «Bere bizia segurtatu nahi dauanak galdu egingo dau; galtzen dauanak, barriz, onik aterako dau. 34 Egia esan, gau haretan bi egongo dira ohe berean: bata eroan eta bestea itzi egingo dabe. 35 Bi emakumek ekingo deutsoe batera eihoten: bata eroan eta bestea itzi egingo dabe». (36 *).
37 Ikasleek galdetu eutsoen orduan:
—Non izango da hori, Jauna?
Jesusek erantzun eutsen:
—Sarraskia non, hantxe batzen dira putreak.
Emakume alarguna eta epailea
18,1 Etengabe egin behar ebela otoitz eta ez ebela etsi behar adierazteko, parabola hau esan eutsen Jesusek: 2 «Bazan uri baten epaile bat, ez Jainkoari bildurrik, ez gizakiari begirunerik ez eutsona. 3 Bazan uri beratan emakume alargun bat ere. Hau epaileagana joaten zan eskatzera: ‘Egidazu zuzenbide etsaiagazko auzian’. 4 Luzaroan epaileak ez eutson jaramonik egin, baina azkenean bere barruan esan eban: ‘Ez deutsot Jainkoari bildurrik, ez eta gizakiari ere begirunerik; 5 baina, alargun hau gogaikarri jatanez, egin deiodan zuzenbide, etengabeko buruhausterik emon ez deidan’».
6 Eta honela amaitu eban Jaunak: «Begira zer dinon epaile bidegabeak. 7 Eta Jainkoak ez ete deutse zuzenbide egingo gau eta egun deiadarka jagokozan bere aukeratuei? Zain eukiko ete dauz luzaroan? 8 Berehala egingo deutsela zuzenbide dinotsuet. Baina Gizonaren Semea datorrenean, aurkituko ete dau horrelako sinismenik munduan?»
Fariseuaren eta zergalariaren parabola
9 Honako parabola hau esan eutsen Jesusek euren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gitxiesten ebezan batzuei: 10 «Gizon bik tenplura igon eben otoitz egitera; bata fariseua zan eta bestea zergalaria*. 11 Fariseuak, zutunik, honela ziharduan otoitzean bere barruan: ‘Ene Jainkoa, eskerrak zuri besteak langoa ez naizelako: lapur, gaizkile edota adulteriogile; ez eta horrako zergalari horrelangoa ere. 12 Astean bi bider egiten dot barau, eta ondasun guztien hamarrenak ordaintzen ditut’.
13 «Zergalaria, barriz, urrun gelditurik, ez zan begiak lurretik jasotera ere ausartzen, bular-joka ziharduan, ostera, esanez: ‘Ene Jainkoa, errukitu zaitez pekatari honetaz’.
14 «Benetan dinotsuet, azkenengo hau Jainkoarekin bakean bihurtu zala etxera; fariseua, barriz, ez. Bere burua goratzen dauana Jainkoak beheratu egingo dau-ta, eta bere burua beheratzen dauana, goratu».
Jesus eta umeak
(Mt 19,13-15; Mk 10,13-16)
15 Umetxoak aurkeztu eutsoezan Jesusi, ikutu eizan; ikasleek, hori ikustean, hasarre egiten eutseen. 16 Baina Jesusek umetxoak beregana deitu ebazan eta esan: «Itzi umeei nigana etorten, ez galazo, horrelakoek dabe-eta Jainkoa errege. 17 Benetan dinotsuet: Jainkoaren erreinua ume batek lez onartzen ez dauana ez da ezelan ere bertan sartuko».
Jesusek aberatsari dei
(Mt 19,16-22; Mk 10,17-22)
18 Handiki batek galdetu eutson Jesusi:
—Maisu ona, zer egin behar dot betiko bizia ondaretzat jasoteko?
19 Jesusek erantzun eutson:
—Zergaitik esaten deustazu ona? Inor ez da ona Jainkoa besterik. 20 Badakizuz aginduak: Ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez egin guzurrezko testigantzarik, hartu aintzat aita-amak.
21 Harek, orduan:
—Gazte-gaztetatik bete izan dot hori guztia.
22 Hori entzutean, Jesusek esan eutson:
—Gauza bat falta jatzu oraindik: saldu daukazun guztia eta emon behartsuei, zure aberastasuna zeruan izan daizun; gero, zatoz eta jarraitu niri.
23 Hitzok entzutean, guztiz atsekabetu zan handikia, oso aberatsa zan-eta.
Aberastasuna salbamenerako oztopo
(Mt 19,23-26; Mk 10,23-27)
24 Jesusek, handiki ha hain atsekabetua ikusirik, esan eban:
—Bai nekez sartuko dirala aberatsak Jainkoaren erreinuan! 25 Bai, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino orratzaren begitik gamelua sartzea errazago.
26 Entzuleek galdetu eutsoen:
—Nor salbatu daiteke, orduan?
27 Jesusek erantzun eutsen:
—Gizakiek ezin daikeena Jainkoak badaike.
Dana itzi daben ikasleen saria
(Mt 19,27-29; Mk 10,28-30)
28 Pedrok esan eban:
—Hara, guk, geukazan guztiak itzirik jarraitu deutsugu.
29 Jesusek erantzun:
—Benetan dinotsuet: Jainkoaren erregetzagaitik etxea, emaztea, senideak, gurasoak eta seme-alabak izten dauzanak, 30 mundu honetan askoz gehiago jasoko dau, eta datorren munduan betiko bizia.
Jesusek nekaldi-biztuerak hirugarrenez iragarri
(Mt 20,17-19; Mk 10,32-34)
31 Hamabiak beragana baturik, Jesusek esan eutsen: «Hara, Jerusalemera igoten dihardugu, eta hantxe beteko da profetek Gizonaren Semeaz idatzi daben guztia. 32 Izan ere, atzerritarren eskuetara emongo dabe, eta irain eta iseka egingo deutsoe eta txistua botako, 33 eta, zigorkatu ondoren, hil egingo dabe; baina hirugarren egunean biztu egingo da».
34 Hareek, ordea, ez eben ezertxo ere ulertu; haren hizkerea ilun gertatzen jaken eta ez ekien zer esan nahi eutsen.
Jesusek itsua osatu Jerikon
(Mt 20,29-34; Mk 10,46-52)
35 Jesus Jerikora hurreratzen egoala, itsu bat eskean egoan bide-ertzean jesarrita. 36 Jendea igaroten sumaturik, zer gertatzen zan galdetu eban. 37 Jesus Nazaretarra igaroten zala jakinazo eutsoen. 38 Orduan, deiadarka hasi zan:
—Jesus, Daviden Semea, erruki zakidaz!
39 Aurretik joiazanek gogor egiten eutsoen, isildu eiten; baina harek ozenago oihu:
—Daviden Semea, erruki zakidaz!
40 Jesusek, gelditurik, beragana ekarteko agindu eban. Hurreratu zanean, galdetu eutson:
41—Zer nahi dozu nigandik?
Harek erantzun:
—Barriro ikustea, Jauna!
42 Jesusek esan eutson:
—Ikusi, ba; zeure sinismenak osatu zaitu.
43 Bat-batean, ikusmena etorri jakon barriro, eta Jesusen ondoren joan zan, Jainkoa goretsiz. Eta herri osoak, jazotakoa ikusirik, Jainkoa goratu eban.
Jesus eta Zakeo
19,1 Jesus Jerikon sartu eta herrian barrura joian. 2 Bazan han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-burua*, oso aberatsa. 3 Jesus nor zan ikusi nahirik ebilan, baina ezin eban jendeagaitik, txikia zan-eta. 4 Lasterka aurrerago joan eta ikondo batera igon eban Jesus ikusteko, handik igaro behar eban-eta. 5 Jesusek, hara heltzean, gora begiratu eta esan eutson: «Zakeo, jatsi aguro, gaur zure etxean gelditu behar dot-eta». 6 Jatsi zan, ba, berehala eta pozik hartu eban etxean.
7 Hori ikusirik, danak marmarka hasi ziran: «Pekatari baten etxera joan dok ostatuz».
8 Zakeok, barriz, zutundurik, Jaunari esan eutson:
—Jauna, nire ondasunen erdiak behartsuei emoten deutsedaz eta, inori ezer ostu badeutsot, lau halako bihurtuko deutsot*.
9 Jesusek esan eutson:
—Gaur heldu da salbamena etxe honetara, gizon hau ere Abrahamen ondorengoa da-eta. 10 Izan ere, Gizonaren Semea galduta egoana bilatzera eta salbatzera etorri da.
Ontzako urreen parabola
(Mt 25,14-30)
11 Jendea entzuten egokola, Jesusek beste parabola bat kontatu eutsen, Jerusalemdik* hur zan-eta, eta jendeak Jainkoaren erregetzea une batetik bestera azalduko zala uste eban-eta: 12 «Handiki bat urruneko herrialde batera joan zan, errege-izendapena hartzera, gero bihurtzekotan. 13 Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta hamar ontzako urre* banatu eutsezan, esanez: ‘Jarri irabazian, ni bihurtu bitartean’.
14 «Baina herritarrek, gorroto eutsoen eta mandatariak bialdu ebezan atzetik, esatera: ‘Ez dogu hori errege nahi’.
15 «Errege-izendapena harturik bihurtu zanean, dirua banatu eutsen morroiak beragana deitu ebazan, bakotxak zer irabazi ete eban jakiteko. 16 Aurkeztu zan lehenengoa eta esan eutson: ‘Jauna, zure ontzakoak hamar halako emon dauz’. 17 Nagusiak erantzun: ‘Ederki, morroi ona! Gauza gitxian leial izan hazan ezkero, hartu egik hamar uriren agintea’. 18 Joan zan, gero, bigarrena eta esan eutson: ‘Jauna, zure ontzakoak bost halako emon dauz’. 19 Honi ere nagusiak esan eutson: ‘Izan hadi bost uriren buru’. 20 Joan zan beste bat eta esan eutson: ‘Jauna, hemen dozu zeure ontzakoa; zapi baten baturik euki dot. 21 Bildur nintxatzun, gizon gogorra zaralako, emon bakoa eskatzen eta erein bakoa batzen dozuna’. 22 Nagusiak, orduan: ‘Heure esanez kondenatuko haut, morroi gaizto hori! Bahenkian gizon gogorra nazana, emon bakoa eskatzen eta erein bakoa batzen dodana. 23 Zelan ez hendun, ba, nire dirua bankuan ipini? Horrela, bihurtzean, korrituekin jasoko ñeukean’. 24 Eta bertan egozanei esan eutsen: ‘Kendu eiozue ontzakoa eta emon hamar daukazanari’. 25 Hareek erantzun eutsoen: ‘Jauna, lehendik ez daukaz, ba hamar ontzako?’ 26 Nagusiak erantzun eutsen: ‘Frutua dakarrenari emon egingo jako; fruturik ez dakarrenari, ostera, daukan apurra ere kendu egingo jako*. 27 Eta errege nahi ez ninduen etsai horreik, barriz, ekarri hona eta hil eizuez neure aurrean’».
JERUSALEMEN (19,28—23,56a)
Jesus Jerusalemen Mesias lez sartu
(Mt 21,1-11; Mk 11,1-11; Jn 12,12-19)
28 Hitzok esan ondoren, Jerusalemera bidean gora jarraitu eban Jesusek, danen aurretik. 29 Oliamendi* inguruko Betfage eta Betania herritxoetara hurreratu zanean, bere ikasleetako bi bialdu ebazan Jesusek, 30 esanez: «Zoaze aurreko herritxo horretara; sartzean, astakume bat aurkituko dozue lotuta, gainean inor jarri ez jakona; askatu eta ekarri niri. 31 Inork zergaitik askatzen dozuen galdetuko baleutsue, erantzun: ‘Jaunak behar dau’».
32 Joan ziran, ba, bialdutakoak, eta Jesusek esan lez aurkitu eben dana. 33 Astakumea askatzen egozala, jabeek galdetu eutseen:
—Zergaitik askatzen dozue astakumea?
34—Jaunak behar dau —erantzun eben hareek.
35 Jesusi ekarri eutsoen eta, euren jantziak astakumeari bizkarrean ezarririk, gainean jesarriazo eben. 36 Eta, pasatzean, jantziak zabaltzen ebezan bidean. 37 Oliamenditik behera hartzera joiala, ikasle guztiak multzoan, pozez beterik, Jainkoa ozenki goresten hasi ziran, ikusi ebezan mirari guztiekaitik. 38 Holan inoen: «Bedeinkatua Jaunaren izenean datorren erregea! Bakea zeruan eta aintza Jainko gorenari*!»
39 Jendarteko fariseu batzuk esan eutsoen Jesusi:
—Maisu, egiezu hasarre ikasleei!
40 Harek erantzun eutsen:
—Egia esan, honeik isilduko balira, harriek egingo leukee oihu.
Jerusalemegaitik aieneka
41 Jesus, hurreratu eta uria ikustean, negarrez hasi zan beragaitik, 42 eta esan eban: «Ai, Jerusalem, ulertuko bazendu zuk ere gaur bakerako bidea! Baina ez zara gauza ikusteko. 43 Etorriko jatzu, bai, sasoia, zeure etsaiek lubakiz inguratu, setiatu eta alde guztietatik erasoko deutsuen garaia; 44 erraustu egingo zaituee zeu eta zeure bizilagunak, eta ez deutsue harririk harri gainean itziko, Jainkoak eskeini deutsun salbamen-aukerea* aintzat hartu ez dozulako».
Tenpluan emondako irakaspenak (19,45—21,4)
Jesusek tenplua garbitu
(Mt 21,12-17; Mk 11,15-19; Jn 2,13-16)
45 Jesus, tenpluan sarturik, bertan salerosketan* ziharduenak kanpora botaten hasi zan, 46 esanez: «Liburu Santuak dino: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, barriz, lapur-zulo bihurtu dozue».
47 Egunero tenpluan irakasten jarduten eban. Abadeburuak, lege-maisuak eta herriko handikiak Jesus hil nahian ebiltzan; 48 baina ez eben asmatzen zer egin, herri guztia aho zabalik egoan-eta hari entzuten.
Nondik Jesusen aginpidea?
(Mt 21,23-27; Mk 11,27-33)
20,1 Egun baten, Jesusek tenpluan herriari irakasten eta barriona iragarten ziharduala, abadeburuak eta lege-maisuak etorri jakozan zaharrekaz batera, 2 eta galdetu eutsoen:
—Esaiguzu zein aginpidez jokatzen dozun horrela. Nor da aginpide hori emon deutsuna?
3 Jesusek erantzun eutsen:
—Neuk ere gauza bat galdetuko deutsuet. Esaidazue: 4 Joanek Jainkoaren aginduz ala giza aginduz bateatzen eban?
5 Hareek holan jardun eben euren artean: «Jainkoaren aginduz ziharduala esaten badeutsogu, zergaitik ez geutson sinistu erantzungo deusku. 6 Giza aginduz ziharduala esaten badeutsogu, barriz, jendeak harrika egingo deusku, danak dagoz-eta Joan profeta zala sinisturik».
7 Beraz, ez ekiela noren aginduz ziharduan erantzun eutsoen.
8 Jesusek, orduan:
—Ba, nik ere ez deutsuet esango zein aginpidez jokatzen dodan horrela.
Nekazari hiltzaileen parabola
(Mt 21,33-46; Mk 12,1-12)
9 Orduan, parabola hau esan eutson Jesusek herriari: «Gizon batek mahastia landatu eban eta, nekazari batzui errentan itzirik, urrutira joan zan aldi baterako. 10 Bere sasoian, morroi bat bialdu eutsen nekazariei, mahastiaren frututik egokion partea emon eioen. Baina nekazariek morroia jo eta esku-hutsik bialdu eben. 11 Barriro beste morroi bat bialdu eutsen; baina hau ere jo, irainez bete eta esku-hutsik bialdu eben. 12 Hirugarrena ere bialdu eutsen; baina ha ere zauritu eta kanpora bota eben. 13 Mahasti-jabeak, orduan, berekautan esan eban: ‘Zer egin? Neure seme maitea bialduko dot. Izango deutsoe honi begirune!’ 14 Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan eutsoen alkarri: ‘Oinordekoa dok! Hil daigun, eta mahastiaren jabe izango gaituk’. 15 Eta mahastitik kanpora bota eta hil egin eben.
«Zer egingo ete deutse, ba, mahasti-jabeak? 16 Joan eta garbitu egingo ditu langile horreik, eta mahastia beste batzuen esku itziko».
Entzuten egozanek esan eben:
—Ez daiala Jainkoak nahi!
17 Baina, Jesusek, begira-begira jarririk, esan eutsen:
—Zer esan nahi dau, ba, Liburu Santuak dinoan honek:
Etxegileek baztertutako harria
giltzarri bihurtu da?
18 «Harri honen gainera jausten dana lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera jausten bada, txikitu egingo dau».
19 Lege-maisu eta abadeburuek Jesusi eskua ezarri nahi izan eutsoen orduan bertan, ondo jabetu ziran-eta eurekaitik esan ebala parabola ha. Baina bildur izan eutsoen jendeari.
Zesarrena Zesarri, Jainkoarena Jainkoari
(Mt 22,15-22: Mk 12,13-17)
20 Lege-maisuek eta fariseuek Jesus salatzen hasi ziran. Zirikatzaile batzuk bialdu eutsoezan, zintzoarena eginez, ha hitzen baten harrapatzeko eta, halan, gobernariaren esku eta mendean jarteko asmoz. 21 Honela galdetu eutsoen, ba:
—Maisu, badakigu zuzen hitz egiten eta irakasten dozuna eta ez dozuna kontuan hartzen gizakiaren itxurea, Jainkoaren bidea behar dan lez irakasten dozula baino. 22 Zilegi jaku Zesarri zerga* ordaintzea, bai ala ez?
23 Hareen maltzurkeria sumaturik, Jesusek esan eutsen:
24—Ea, erakutsi txanpon bat*. Norenak dira daroazan irudia eta izena?
Hareek erantzun:
—Zesarrenak
25 Jesusek, orduan:
—Emon, ba, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.
26 Ezin izan eben ezertan ere herriaren aurrean harrapatu eta, haren erantzunaz harriturik, hitzik barik gelditu ziran.
Hildakoen biztuereaz
(Mt 22,23-33; Mk 12,18-27)
27 Ondoren, saduzear batzuk etorri jakozan Jesusi. Honeek hildakoak ez dirala bizten esaten dabe. Eta holan galdetu eutsoen:
28—Maisu, Moisesek idatzi euskun: Norbaiti anaia ezkondu bat seme-alabarik barik hilten bajako, ezkondu bedi alargunarekin, anaieari ondorengoa emoteko.
29 «Baziran, ba, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik barik hil zan. 30 Bigarrena 31 eta hirugarrena alargunarekin ezkondu ziran, eta zazpirak bardin. Eta danak seme-alabarik barik hil ziran. 32 Azkenik, hil zan emakumea ere. 33 Biztuerakoan, noren emazte izango da, zazpirek izan eben-eta emazte?»
34 Jesusek erantzun eutsen:
—Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; 35 baina datorren munduan eta hildakoen biztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dauzanak, gizonezko nahiz emakume, ez dira ezkonduko; 36 izan ere, ezin daitekez barriro hil, aingeruen antzeko dira-ta, eta Jainkoaren seme-alaba, biztueran parte daben ezkero*. 37 Gainera, hildakoak bizten dirala Moisesek berak adierazo eban, sutan egoan sasiaren pasartean, Jaunari Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainko deitzen deutsonean. 38 Ez da hilen Jainkoa, biziena baino, harentzat danak bizirik dagoz-eta.
39 Orduan, lege-maisu batzuk hitza hartu eben eta esan:
—Ederto esan dozu, Maisu.
40 Eta ez ziran ausartzen beste galderarik egitera.
Mesias, Daviden Seme eta Jaun
(Mt 22,41-46; Mk 12,35-37)
41 Jesusek galdera hau egin eutsen: «Zelan esaten da Mesias Daviden ondorengo* dala? 42 Izan ere, Davidek berak dino Salmoen liburuan:
«Hona Jaunak nire Jaunari esana:
‘Jesarri nire eskoian,
43 zure etsaiak oinazpian
jarten deutsudazan bitartean’.
44 «Beraz, Davidek Jauna deitzen deutso; orduan, zelan izan daike ondorengo?»
Jesusek lege-maisuak salatu
(11,37-54; Mt 23,1-12; Mk 12,38-40)
45 Herri guztia entzuten eukala, Jesusek ikasleei esan eutsen: 46 «Kontuz lege-maisuekaz! Gogoko dabe-eta harro-harro jantzita ibiltea eta plazetan jendeak eurei agur egitea; gogoko dabez sinagogetan lehenengo aurkiak eta jai-otorduetan mahaiburuak; 47 eta azkenbako otoitzen atxakiaz, emakume alargunen ondasunak irusten dabez. Epairik zorrotzena izango dabe horrelako horreek».
Alargun behartsuaren eskeintza
(Mk 12,41-44)
21,1 Begira egoala, aberats batzuk ikusi ebazan Jesusek tenpluko dirutegian limosna botaten. 2 Ikusi eban emakume alargun behartsu bat ere txanpon bi* botaten, 3 eta esan eban: «Benetan dinotsuet: Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau. 4 Izan ere, beste horreek guztiek gainezka dabenetik egin dabe limosna; honek, ostera, bere eskasian, bizi izateko eukan guztia emon dau».
Jesusek eskatologiaz jardun (21,5-38)
Sarrerea: tenplua txikitua izango
(Mt 24,1-2; Mk 13,1-2)
5 Batzuk tenpluari buruz ziharduen, harri ederrez eta emaitzez* apaindua egoala aitatuz. Orduan, Jesusek hauxe esan eban: 6 «Etorriko da sasoia, hor ikusten dozuen horretatik harririk ere harri gainean geldituko ez dana: dana txikituko dabe».
Azkenaren aurreko seinaleak
(Mt 24,3-14; Mk 13,3-13)
7 Ikasleek galdetu eutsoen: «Maisu, noiz jazoko da hori, eta zertan ezagutuko da jazotera doala?»
8 Jesusek erantzun eutsen: «Kontuz! Ez zaizela inork engainatu! Asko etorriko dira, nire izena eurenganatuz eta esanez: ‘Neu naz Mesias*’, edo ‘Gainean da sasoia’. Ez joan halakoen atzetik. 9 Gerra eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu: hori guztia aurretik jazo beharrekoa da-ta; baina azkena ez dator batbatean ».
10 Gainera, esan eutsen: «Nazinoa nazinoaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra jagiko dira; 11 lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen; gauza ikaragarriak jazoko dira, eta ortzian seinale handiak azalduko.
12 «Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua botako deutsuee eta erasoko; sinagogetara eta kartzelara eroango zaituee, eta errege eta agintarien aurrera aurkeztuko nigaitik. 13 Guzti horrek autorpen egiteko aukerea emongo deutsue. 14 Hartu gogoan ez dozuela zeuen buruak zelan defendatuko kezkatan egon beharrik: 15 neuk adieraziko deutsuet zer eta zelan esan*, eta zuen etsaietako inork ez dau izango zuei aurre egiterik edo erantzuterik. 16 Zeuen guraso eta senideek eurek, ahaide eta adiskideek eurek salduko zaituee, eta zuetako batzuk hilgo. 17 Mundu guztiak gorroto izango deutsue nigaitik; 18 baina ez dozue buruko ule bakar bat ere galduko. 19 Iraupenaren iraupenez lortuko dozue bizia.
Jerusalemen hondamendia
(Mt 24,15-21; Mk 13,14-19)
20 «Jerusalem gudarostez inguratua ikusiko dozuenean, jakin eizue gainean dauala bere hondamendia. 21 Orduan, Judean dagozanek ihes egin beie mendietara; Jerusalem barruan dagozanak joan beitez urrun, eta soloan diranak ez beitez urian sartu. 22 Zigor-egunak izango dira hareik, orduantxe beteko da-ta Liburu Santuan idatzirik dagoan guztia. 23 Zoritxarrekoak egun hareetan seindun dagozanak eta bularreko umeak dabezanak! Estutasun gogorra izango da-ta lur honetan, eta haserre-zigorra herri honentzat. 24 Ezpata-ahoz hilgo dabez eta nazino guztietara eroango gatibu; Jerusalem jentilek zapalduko dabe, jentilentzat Jainkoak erabagitako garaia zehatz bete arte.
Gizonaren Semearen etorrerea
(Mt 24,29-31; Mk 13,24-27)
25 «Seinale handiak agertuko dira eguzkian, ilargian eta izarretan; lurrean, barriz, larri izango dira herriak, itsas orroaz eta olatuez izuturik. 26 Eta munduari gainera jatorkonaren ikaraz eta larriz, lur jota geldituko da jendea, ortzia dardarka egongo da-ta. 27 Orduan, Gizonaren Semea hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etorten ikusiko dabe.
28 «Hau guztia jazoten hastean, izan bihotz eta jaso burua, laster dozue-ta zuen askapena».
«Egon erne»
(Mt 24,32-35; Mk 13,28-31)
29 Jesusek irudi bat jarri eutsen: «Begira ikondoari edo beste edozein zuhaitzi: 30 kimu-barritzen hasi dirala ikusi eta, besterik barik, badakizue udea hur dana. 31 Era berean, gauza horreik jazoten ikustean, jakizue hur dala Jainkoaren erregetzea. 32 Benetan dinotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen jazoko dira gauza guztiok. 33 Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete barik igaroko.
34 «Zabilze, ba, kontuz! Galdukeria, mozkorkeria eta bizitzako ardurak dirala eta, ez bekizue gogoa moteldu, egun ha ustekabean gainera jausi ez dakizuen, 35 sarea lez jausiko da-ta munduan bizi diran guztien gainera. 36 Egon erne eta erregutu une guztian, gertatuko diran horrei guztiei ihes egiteko eta Gizonaren Semearen aurrean zutunik irauteko kemena izan daizuen».
37 Tenpluan irakasten emoten ebazan Jesusek egunak, eta Oliamendira urteten eban gauak igarotera. 38 Eta herri guztia goizean goiz joaten jakon tenplura, entzutera.
Pazko-afaria eta nekaldia (22,1—23,56)
Jesusen kontra zalatan
(Mt 26,1-5.14-16; Mk 14,1-2.10-11; Jn 11,45-53)
22,1 Gainean zan Legaminbako Ogien Jaia, Pazko Jaia ere deitua. 2 Abadeburu eta lege-maisuak Jesus zelan hilgo ebilzan, baina herriaren bildur ziran. 3 Orduan, Satanas sartu zan Hamabien taldeko Judasengan, Iskariote deituarengan. 4 Judas abadeburu eta tenpluko guardaburuengana* joan zan, hareen eskuetara Jesus zelan emon hitz egitera. 5 Poztu egin ziran hareik, eta Judasi dirua emotea erabagi eben. 6 Honek onartu egin eban, eta jendeak jakin barik Jesus hareen eskuetara emoteko egokiera bila hasi zan.
Azken afarirako prestaketak
(Mt 26,17-19; Mk 14,12-16)
7 Heldu zan Legaminbako Ogien Jaieguna, Pazko-bildotsa hil behar zaneko eguna. 8 Orduan, Pedro eta Joan bialdu ebazan Jesusek, esanez:
—Zoaze guretzat Pazko-afaria prestatzera.
9 Hareek galdetu eutsoen:
—Non prestatu behar dogu?
10 Jesusek erantzun:
—Hara, urian sartzean, ur-suila daroan gizon bategaz egingo dozue topo. Jarraitu berari sartuko dan etxeraino, 11 eta esan bertako nagusiari: «Maisuak galdetzen deutsu non dauan ikasleekaz Pazko-bildotsa jateko tokia». 12 Harek gela zabal bat erakutsiko deutsue goian, jantzirik; prestatu hantxe.
13 Joan ziran, eta dana Jesusek esan lez jazo jaken, eta prestatu eben Pazko-afaria.
Azken afaria: hona hemen nire gorputz-odolak!
(Mt 26,26-29; Mk 14,22-25; 1 Ko 11,23-25)
14 Ordua etorri zanean, Jesus mahaian jarri zan apostoluekaz. 15 Eta esan eutsen: «Baneukan gogoa sufritu aurretik Pazko-afari hau zuekaz egiteko! 16 Egia esanda, ez dot beste Pazkorik ospatuko Jainkoaren erreinuan bere betera heldu arte».
17 Eta, edalontzia harturik, esker onezko otoitza egin eta esan eban: «Hartu eizue eta emon alkarri. 18 Egia esanda, ez dot gaurtik ardaurik edango Jainkoa errege izaten hasi arte».
19 Gero, ogia hartu eban eta, esker onezko otoitza egin ondoren, zatitu eta ikasleei emon eutsen, esanez: «Hau neure gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
20 Bardin egin eban edalontziagaz afal ondoan, esanez: «Edalontzi hau itun barria da, zuentzat isurten dan nire odolaz Jainkoak ezarria*.
Judasen saldukeriaren iragarpena
(Mt 26,20-25; Mk 14,17-21; Jn 13,21-30)
21 «Baina begira, nigaz mahaian dago salduko nauana*. 22 Gizonaren Semea badoa, erabagita dagoanez; baina zoritxarrekoa salduko dauana!»
23 Orduan, ikasleak alkarren artean itaunka hasi ziran, nork egin ete eikean horrelakorik.
Nor handiena? Ikasleei agintzaria
(Mt 19,28; 20,25-27; Mk 10,42-44)
24 Ikasleak eztabaidan hasi ziran alkarren artean, euren arteko zein ete zan handiena. 25 Jesusek esan eutsen: «Herrietako erregeek menpean hartzen dabez herriok, eta agintedunek ‘Ongile’ izena nahi izaten dabe eurentzat. 26 Zuek ez jokatu horrela. Zuen artean nagusiena izan bedi gazteenaren pareko, eta agintaria zerbitzariaren pareko. 27 Zein ete da handiago, mahaian dagoana ala zerbitzen dabilana? Ez ete mahaian dagoana? Ba, ni zerbitzari lez nago zuen artean.
28 «Zuek sendo iraun dozue nigaz nire probaldietan. 29 Eta nik erregetzea emoten deutsuet, Aitak neuri emon eustan lez: 30 ni errege izango nazanean, nire mahaian jan eta edango dozue, eta tronuetan jesarriko zaree, Israel herriko hamabi leinuak epaitzeko.
Gainean da probaldia. Pedroren ukapenen iragarpena
(Mt 26,31-35; Mk 14,27-31; Jn 13,37-38)
31 «Simon, Simon! Satanasek beretzat nahi zaitue, garia galbahean lez zuek astintzeko. 32 Baina nik otoitz egin dot zure alde, sinismena galdu ez daizun. Eta zuk, niregana bihurtzean, sendotu eizuz senideak».
33 Pedrok esan eutson:
—Jauna, prest nago zugaz baita kartzelara eta heriotzara ere joateko.
34 Jesusek, orduan:
—Egia esan, Pedro, gaur oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko dozu ni ezagutzen nozuna.
35 Ondoren, ikasleei esan eutsen:
—Falta izan al zenduen ezer, poltsarik eta zakutorik eta oinetakorik barik bialdu zindudazenean?
Hareek erantzun:
—Ezer ere ez.
36 Jesusek, barriro:
—Orain, ba, poltsea daukanak hartu daiala eta bardin zakutoa daukanak ere; eta ezpatarik ez daukanak saldu daiala soingainekoa, ha erosteko. 37 Egia esan, nigan bete beharra da Liburu Santuak dinoana: pekatarien kidekotzat jo eben. Izan ere, nireak laster egingo dau.
38 Hareek esan eutsoen:
—Jauna, badaukaguz hemen ezpata bi.
Baina Jesusek erantzun:
—Nahikoa da!
Oliamendiko otoitz larria
(Mt 26,36-46; Mk 14,32-42)
39 Ondoren Jesus, urten eta Oliamendirantz* abiatu zan, ohi eban lez, eta ikasleak ere bai haren ondoren. 40 Hara heltzean, Jesusek esan eutsen: «Egizue otoitz, tentaldian ez jausteko».
41 Eta, hareengandik harrikada bat bide aldendurik, belauniko honela egiten eban otoitz: 42 «Aita, nahi badozu, urrundu eizu nigandik edari samin* hau. Halan ere, egin bedi zeure nahia, ez nirea».
43 Zeruko* aingeru bat agertu jakon, kemen emonez. 44 Eta, larriak harturik, oraindik lehiatsuago egiten eban otoitz. Eta izerdia tantaka erion lurrera, odola baizen lodi. 45 Otoitzetik jagirik, ikasleengana joan zan; nahigabearen nahigabez lokarturik aurkitu ebazan, 46 eta esan eutsen: «Zelan zagoze lo? Jagi eta egin otoitz, tentaldian ez jausteko».
Jesus atxilotua
(Mt 26,47-56; Mk 14,43-50; Jn 18,3-11)
47 Jesus berbetan egoala, han azaldu zan jende-multzoa; Hamabietako bat, Judas eritzona, etorran hareen buru, eta Jesusengana hurreratu zan musu emotera. 48 Jesusek esan eutson: «Judas, musu batez saltzen dozu Gizonaren Semea?»
49 Jazotera joianaz oharturik, Jesusen inguruan egozanek esan eutsoen: «Jauna, erasoko deutsegu ezpataz?»
50 Eta hareetako batek abade nagusiaren morroia jo eta eskoiko belarria moztu eutson. 51 Baina Jesusek esan eban:«Itzi! Nahikoa da!»
Eta, belarria ikuturik, osatu egin eutson.
52 Orduan, haren aurka etorritako abadeburu, tenpluko goardaburu* eta zaharrei esan eutsen: «Ezpata eta makilekaz etorri zaree lapur baten bila lez. 53 Egunero nintzan tenpluan zuekaz, eta ez zeusten eskurik bota. Baina oraintxe da zuen ordua, ilunpearen nagusialdia*».
Pedrok Jesus ukatu
(Mt 26,57-58.69-75; Mk 14,53-54.66-72; Jn 18,15-18.25-27)
54 Jesus preso hartu eta abade nagusiaren etxera eroan eben. Pedrok urrunetik jarraitzen eutson. 55 Batzuk patio erdian sua biztu eta haren inguruan jesarri ziran, eta hareen artean jesarri zan Pedro ere.
56 Neskame batek, Pedro sutondoan jesarrita ikustean, begira jarri eta esan eban:
—Hau ere Jesusegaz ebilan.
57 Baina harek ukatu, esanez:
—Emakume, ez jonat ezagutzen hori.
58 Handik berehala, beste batek ikusi eta esan eutson Pedrori:
—Hi ere euretakoa haz.
Pedrok, orduan:
—Ez, mutil!
59 Handik ordu bete ingurura, beste batek barriro esan eban:
—Bai, hau ere Jesusegaz bizi zoan, galilearra* dok eta.
60 Pedrok erantzun eban:
—Ez jakiat zertaz habilan, mutil!
Eta une berean, oraindik berbetan ziharduala, oilarrak jo eban. 61 Bihurtu zan Jauna eta Pedrori begiratu eutson. Gogoratu jakon Pedrori Jaunak esandakoa: «Gaur oilarrak jo baino lehen, hiru bider ukatuko nozu», 62 eta, kanpora urtenda, negarrari emon eutson saminez.
63 Jesus preso eukenak isekaz ebilkozan eta joka. 64 Begiak estaldurik, holan galdetzen eutsoen: «Igarri egik, profeta, nork jo hau?»
65 Eta beste berba iraingarri asko esaten eutsoen.
Jesus judu-batzarraren aurrean
(Mt 26,59-66; Mk 14,55-64)
66 Eguna argitu zanean, herriko zaharren kontseilua, abadeburuak eta lege-maisuak batu ziran, eta Jesus batzar Nagusira eroan eben. 67 Holan esan eutsoen:
—Mesias bazara, esaiguzu.
Harek erantzun:
—Baietz esaten badeutsuet, ez deustazue sinistuko, 68 eta, galdetzen badeutsuet, ez deustazue erantzungo. 69 Baina hemendik aurrera Gizonaren Semea Jainko ahalguztidunaren eskoian jesarrita egongo da.
70 Orduan, danek esan eben:
—Zu, beraz, Jainkoaren Semea zara?
Harek erantzun eutsen:
—Zeuek dinozue, neu naz.
71 Hareek, orduan:
—Ba ete dogu lekuko beharrik? Geuk entzun deutsogu bere ahotik.
Jesus Pilatoren aurrean
(Mt 27,1-2.11-14; Mk 15,1-5; Jn 18,28-38)
23,1 Altxatu ziran danak eta Pilatogana eroan eben Jesus. 2 Han, salatzen hasi jakozan: «Gure nazioa nahastatzen harrapatu dogu gizon hau; enperadoreari zergak* ordaintzea galazoten dau eta bera Mesias, erregea, dala esaten».
3 Pilatok galdetu eutson:
—Juduen erregea zara Zu?
Jesusek erantzun eutson:
—Zeuk dinozu.
4 Pilatok abadeburuei eta jende-taldeari esan eutsen:
—Nik ez dot gizon hau kondenatzeko batere arrazoirik aurkitzen.
5 Baina hareek, behin eta barriro: «Judea osoan zehar herria asaldatzen dabil bere irakaspenez; Galilean hasi zan eta honaino heldu da».
Jesus Herodesen aurrean
6 Hori entzutean, gizon ha galilearra zan galdetu eban Pilatok. 7 Eta, Herodesen* eskumenekoa zala jakinik, hari bialdu eutson, Jerusalemen zan-eta egun hareetan. 8 Zeharo poztu zan Herodes Jesus ikusteaz, aspaldian eban-eta ha ezagutzeko gogoa, hartaz entzuten ebazanekaitik; mirariren bat egiten ikusiko ebala ere uste eban. 9 Herodesek galdera asko egin eutson, baina Jesusek hitzik erantzun ez. 10 Bitartean, han ziharduen abadeburu eta lege-maisuek salatu eta salatu. 11 Herodesek, bere soldaduekaz batera, irain eta isekaz erabili eban Jesus eta, jantzi distiratsu bat soinean jarririk, barriro Pilatogana bialdu eban. 12 Egun haretan, adiskidetu egin ziran Herodes eta Pilato, arterago arerio ziran-eta.
Jesus heriotzara kondenatua
(Mt 27,15-26; Mk 15,6-15; Jn 18,39—19,16)
13 Pilatok, abadeburu, agintari eta herria barriro baturik, 14 holan esan eutsen: «Gizon hau herria nahastatzen dabilela-eta ekarri deustazue; baina zuen aurrean galderak egin deutsodaz eta ez deutsot aurkitu zuek leporatzen deutsozuen errurik batere; 15 ez eta Herodesek ere, barriro geuri bialdu deusku-ta. Honek ez dau, beraz, heriotzea merezi dauanik ezer egin. 16 Zigorraldi bat emon eta askatu egingo dot». ( 17 *).
18 Baina danek aho batez oihuka esan eutsoen:
—Kendu hori eta askatu eiguzu Barrabas!
19 Barrabas hau, urian gertaturiko matxinada eta giza hilketa bategaitik sartu eben kartzelan.
20 Jesus askatu nahian Pilatok barriro hitz egin eutsen; 21 baina hareek oihuka:
—Kurutzera hori! Kurutzera!
22 Harek hirugarrenez esan eutsen:
—Zer oker egin dau, ba, honek? Nik ez dot hau kondenatzeko arrazoirik aurkitzen. Beraz, zigorraldi bat emon eta askatu egingo dot.
23 Hareek oihu eta oihu ziharduen kurutzeratu eiala eskatuz, eta gero eta handiagoak ziran oihuak. 24 Orduan, Pilatok hareen eskabideari men egitea erabagi eban: 25 hareek eskatzen ebena —matxinada eta giza hilketagaitik kartzelan egoana— askatu eta Jesus euren esku itzi eutsen.
Kurutze-bidean
(Mt 27,32; Mk 15,21; Jn 19,17)
26 Jesus kurutzeratzera eroiela, solotik etxera joian bat, Simon ziranekoa, hartu eben eta kurutzea leporatu eutsoen, Jesusen ondotik eroan eian*. 27 Herriko jende-talde handia joian Jesusen ondoren, bai eta emakume asko ere bular-joka eta haregaitik aieneka. 28 Bihurtu zan Jesus eurengana eta esan eutsen: «Jerusalemgo emakumeok, ez egin negarrik nigaitik; egizue negar zeuekaitik eta zeuen seme-alabekaitik. 29 Hara, badatoz honako hau esango dan egunak: ‘Zorionekoak agorrak, seinik sortu ez daben sabelak eta titirik emon ez daben bularrak’. 30 Orduan, holan esango deutsee mendiei: ‘Jausi zaiteze gure gainera’, eta muinoei: ‘Estaldu gaizuez. 31 Izan ere, egur hezeari hau egiten badeutsoe, zer ez ete iharrari?»
32 Jesusegaz batera gaizkile bi ere eroan ebezan hiltzera.
Jesus gurutziltzatua
(Mt 27,33-44; Mk 15,22-32; Jn 19,18-27)
33 «Buru-hazur» eritzon tokira heldurik, bertan kurutzeratu eben Jesus, bai eta gaizkile biak ere, bata Jesusen eskoian eta bestea ezkerrean. 34 Jesusek holan inoan: «Aita, parkatu eiezu, ez dakie-ta zertan diharduen*».
Soldaduek Jesusen jantziak banatu ebezan, zotz eginez.
35 Herria begira egoan. Agintariek, barriz, Jesusi iseka egiten eutsoen, esanez: «Besteak salbatu jozak; salba daiala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, bada». 36 Soldaduek ere irri egiten eutsoen; ondoraturik, ozpina eskeini eutsoen eta esan: 37 «Juduen errege bahaz, salba egik heure burua».
38 Honako idazkun hau eukan buruaren gainekaldean: «Hau juduen erregea da».
39 Zintzilik egozan gaizkileetako bat Jesusi irainka ebilkon, esanez:
—Ez haz, ba, hi Mesias? Salbatu egik heure burua eta salbatu gu ere!
40 Baina besteak haserre egin eutson hori inoanari:
—Ez haz Jainkoaren bildur, zigorra jasaten hagoala ere? 41 Gurea legezkoa dok, geure egintzekaitik merezia joaguk-eta; baina honek ez jok okerrik egin.
42 Gero, gaineratu eban:
—Jesus, gogoratu nitaz errege izatera helduko zaranean.
43 Jesusek erantzun eutson:
—Benetan dinotsut: Gaur neugaz izango zara paradisuan*.
Jesusen heriotzea
(Mt 27,45-56; Mk 15,33-41; Jn 19,28-30)
44 Eguerdialdea zan, eta ilundu egin zan lurbira guztia hirurak arte. 45 Eguzkia ezkutatu egin zan, eta santutegiko oihala* erdiz erdi urratu zan. 46 Jesusek, oihu handia eginez, esan eban: «Aita, zeure eskuetan jarten dot bizia». Hau esanik, azken arnasea emon eban.
47 Erromatar ehuntariak, gertatua ikusirik, Jainkoa goretsi eban, esanez: «Benetan gizon hau zintzoa zan!»
48 Ikuskizunera joandako jende guztia, jazotakoa ikusirik, bular-joka bihurtu zan urira. 49 Jesusen ezagun guztiak, bai eta Galileatik jarraitu eutsoen emakumeak ere, urruntxoago egozan begira.
Jesus hilobian ezarria
(Mt 27,57-61; Mk 15,42-47; Jn 19,38-42)
50 Orduan, kontseiluko* kide bat etorri zan, Jose eritzona, gizon on eta zintzoa; 51 honek ez ebazan ontzat emon batzar Nagusiaren erabaki eta jokabidea. Judeako Arimatea herrikoa zan izatez, eta Jainkoaren erregetzea noiz helduko zain egoan. 52 Josek, beraz, Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu eutson. 53 Jesus kurutzetik jatsirik, izara baten batu eban eta hatxean zulaturiko eta oraindik beste inor ehortzi bako hilobi baten ezarri. 54 Jaietarako prestaketak egiteko eguna* zan eta zapatua hastera joian.
55 Galileatik Jesusegaz etorritako emakumeek, Joseren atzetik joanik, hilobia ikusi eben eta Jesusen gorpua zelan ezarten eben begiratu. 56 Gero, bihurtu eta usain-gozoko ukenduak* prestatu ebezan.
BIZTUERA ETA IGOKUNDEA (23,56b—24,53)
Jesusen biztuerearen barria
(Mt 28,1-10; Mk 16,1-8; Jn 20,1-10)
Zapatuan atseden hartu eben, aginduta egoan lez.
24,1 Baina asteko lehen egunean*, goizean goiz joan ziran emakumeak hilobira, prestaturiko ukenduak eurekaz eroanik. 2 Hilobi-sarrerako harria biratua aurkitu eben. 3 Sartu ziran, baina ez eben Jesus Jaunaren gorpua aurkitu. 4 Zer pentsa ez ekiela egozan, eta, haretan, gizonezko bi agertu jakezan jantzi distiratsuz. 5 Emakumeak ahuspez lurrera jausi ziran ikaraz. Baina gizonezko hareek esan eutseen: «Zergaitik zabilze bizi danaren bila hilen artean? 6 Ez dago hemen, biztu da. Gogoratu eizue zer esan eutsuen oraindino Galilean egoala; 7 hau da: Gizonaren Semea pekatarien eskuetara emon behar ebela eta kurutzean josi, eta hirugarren egunean biztu egin behar ebala».
8 Oroitu ziran hareik Jesusen hitzez, 9 eta, hilobitik bihurturik, gertatu guztiaren barri emon eutseen Hamaikei eta gainerako ikasleei. 10 Magdalako Maria, Joana eta Maria Santiagorena ziran emakumeok; honeekaz batera joandako beste emakumeek ere gauza bera esaten eutseen apostoluei. 11 Baina apostoluek zorakeriatzat hartu ebezan barriok, eta ez eutseen sinistu.
12 Halan ere, Pedro jagi eta hilobira joan zan lasterka; makurturik, barrura begiratu eta oihal-zerrendak baino ez ebazan ikusi, eta etxera bihurtu zan gertatuaz harriturik.
Jesus Emausko ikasleei agertu
(Mk 16,12-13)
13 Egun haretan bertan, ikasleetako bi Emaus izeneko herritxo batera joiazan, Jerusalemdik hamaika kilometrora*. 14 Jazotako guztiotaz ziharduen alkarregaz. 15 Eta, hizketan eta eztabaidan ziharduela, Jesus bera ondoratu jaken eta eurekaz joan zan. 16 Baina ikasleek begiak itsu eukezan eta ez eben ezagutu. 17 Jesusek esan eutsen:
—Zeri buruz zoaze bidean alkarregaz berbetan?
Hareik gelditu egin ziran, aurpegia ilun, 18 eta euretako batek, Kleofas eritzonak, holan erantzun eutson:
—Zeu izango zara egunotan Jerusalemen gertatu dana jakin ez dauan kanpotar bakarra!
19—Zer gertatu da, ba? —esan eutsen Harek.
Hareek erantzun eutsoen:
—Jesus Nazaretarrarena; profeta handia zan hitzez eta egitez Jainkoaren eta herri osoaren begitan; 20 baina gure abadeburu eta agintariek heriotzara kondenatu dabe eta kurutzean josi. 21 Guk uste gendun berak askatuko ebala Israel; baina hori jazo dala badira hiru egun. 22 Egia da gure arteko emakume batzuk harriturik itzi gaituela: goizean goiz joan dira hilobira 23 eta ez ei dabe gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dala esan deutseen aingeru batzuk agertu jakezala esanez etorri jakuz. 24 Geure arteko batzuk ere izan dira hilobian eta emakumeek esan lez aurkitu dabe guztia; baina bera ez dabe ikusi.
25 Orduan, Jesusek esan eutsen:
—Bai buru gitxikoak zareela, bai motelak profetek esana sinisteko! 26 Ez ete eban Mesiasek hori guztia sufritu behar bere aintzara heltzeko?
27 Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek berari buruz inoen guztia azaldu eutsen. 28 Joiazan herritxora hurreratu ziranean, aurrera jarraitzeko keinua egin eban Jesusek. 29 Baina hareek arren eta arren eskatu eutsoen: «Gelditu zaitez geugaz, berandu da-ta eta iluna gainean dogu-ta». Eta herrian sartu zan eurekaz gelditzeko.
30 Ondoren, alkarregaz mahaian jarri ziran, eta Jesusek, ogia harturik, bedeinkapena esan, zatitu eta emon egin eutsen. 31 Orduan, begiak ireki jakezan eta ezagutu egin eben, baina Jesus desagertu egin jaken begi aurretik. 32 Hareek alkarri esan eutsoen: «Ez al genduan barrua sutan, bidean Liburu Santuak azalduz hitz egiten euskunean?»
33 Berehala jagi eta Jerusalemera bihurtu ziran; eta Hamaikak eta honeen lagunak baturik aurkitu ebezan, 34 holan inoela: «Egia da! Biztu da Jauna eta Simoni agertu jako».
35 Ikasle biek bidean gertatua eta zelan ogia zatitzean ezagutu eben kontatu eutseen.
Jesus Hamaikei eta ikasleei agertu
(Mt 28,16-20; Mk 16,14-18; Jn 20,19-23; Eg 1,6-8)
36 Hamaikek eta lagunek horretaz ziharduela, Jesus agertu jaken erdian eta esan eutsen: «Bakea zuei».
37 Bildur-ikaraz beterik, mamua ikusten ebela uste eben. 38 Baina Jesusek esan eutsen: «Zergaitik izutzen zaree? Zergaitik sortzen jatzuez zalantza horreik barruan? 39 Ikusi nire esku-oinak, neu naz. Ikutu naizue eta begiratu: mamuak ez dauka hazur-haragirik, eta nik bai, ikusten dozuenez».
40 Hau esatean, esku-oinak erakutsi eutsezan. 41 Baina, oraindik pozaren pozez sinistu ezinik eta guztiz harriturik egozanez, Jesusek esan eutsen: «Ba dozue hemen jatekorik?»
42 Arrain erre apur bat* eskeini eutsoen. 43 Jesusek hartu eta euren aurrean jan eban. 44 Ondoren, esan eutsen: «Hauxe da, oraindino zuekaz nengoala, esan neutsuena: Moisesen legean, profeten liburuetan eta salmoetan* nitaz idatzitako guztia bete beharrekoa zala».
45 Orduan, adimena argitu eutsen, Liburu Santuak ulertu eiezan. 46 Eta esan eutsen: «Idatzita egoan Mesiasek sufritu egin behar ebala eta hirugarren egunean hilen artetik biztu, 47 eta, Jerusalemen hasita, herri guztiei bihozbarritzeko iragarri behar jakela, pekatuak parkatu dakiezan. 48 Zeuek zaree honen guztiaren lekuko. 49 Eta nik, neure Aitak agindutako dohaia, Espiritu Santua, bialduko deutsuet. Zuek egon hemen, urian, Jainkoagandiko indarraz jantzi zaitezen arte*».
Jesusen igokundea
(Eg 1,9-11)
50 Ondoren, Betania aldera atara ebazan Jesusek ikasleak, eta, eskuak altxaturik, bedeinkatu egin ebazan. 51 Bedeinkatzen ebazan bitartean, hareengandik aldendu egin zan, eta zerura eroan eben. 52 Hareik, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera bihurtu ziran poz-pozik. 53 Eta etengabe tenpluan egoten ziran Jainkoa goresten*.