Jesusek elbarria osatu
(Mk 2,1-12; Lk 5,17-26)
9,1 Jesus, txalupara igon, aintziraz beste aldera igaro eta bere herrira* etorri zan. 2 Elbarri bat ekarri eutsoen, esku-ohean etzunda. Jesusek, lagun hareen sinismena ikusirik, esan eutson elbarriari:
—Izan bihotz, seme! Parkatuak dituzu pekatuak.
3 Orduan, lege-maisu batzuk hauxe inoen euren barruan: «Biraoka diharduk honek*». 4 Hareen gogoetak igarririk, Jesusek esan eutsen:
—Zergaitik dozuez gogoeta txar horreik zeuen barruan? 5 Zer da errezago: «Parkatuak dozuz pekatuak» esatea ala «Jagi eta ibili zaitez» esatea? 6 Oraintxe ikusiko dozue, ba, Gizonaren Semeak badauala mundu honetan pekatuak parkatzeko ahalmena.
Eta esan eutson elbarriari:
—Jagi, hartu esku-ohea eta zoaz etxera.
7 Ha jagi eta etxera joan zan. 8 Hau ikustean, bildurrak jota gelditu zan jendea eta Jainkoa goresten eben, gizakiei horrenbesteko ahalmena emon eutselako.
Mateori deia. Jesus pekatariekin bazkaltzen
(Mk 2,13-17; Lk 5,27-32)
9 Jesusek, handik urten eta bidez joiala, Mateo eritxon gizon bat ikusi eban zergak* batzeko mahaian jesarrita, eta esan eutson:
—Jarraitu niri.
Mateok zutundu eta jarraitu egin eutson.
10 Geroago, Mateoren etxean egoan Jesus mahaian; bazan beste zergalari* eta pekatari asko ere Jesusegaz eta honen ikasleekaz batera mahaian. 11 Fariseuek, hori ikustean, esan eutseen ikasleei:
—Zer dala-ta jaten dau zuen maisuak zergalari eta pekatariekaz?
12 Jesusek entzun eta esan eutsen:
—Ez dabe osasundunek behar osagilea, gaixoek baino. 13 Hobe zeukee Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinee: Nahiago dot errukia sakrifizioak baino. Ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino*.
Barauari buruz. Zaharra eta barria
(Mk 2,18-22; Lk 5,33-39)
14 Behin baten, Joan Bateatzailearen ikasleek Jesusengana joan eta esan eutsoen:
—Zer dala-ta egiten dogu fariseuek eta guk hainbeste barau* eta zure ikasleek ez?
15 Jesusek erantzun eutsen:
—Ezteguetara deituak* egon ete daitekez ilun, senar-barria eurekaz daben artean? Etorriko jake, bai, senar-barria kenduko deutseen eguna; orduan egingo dabe barau.
16 «Inork ez deutso jantzi zaharrari oihal gordinezko adabakirik josten, adabakiak jantzia behartu eta tarratadea handiagoa egingo leuke-eta. 17 Zahagi zaharretan ere ez da ardau barririk sartzen; bestela, zahagiak lehertu egingo lirateke, eta ardaua isuri eta zahagiak galdu. Ez! Ardau barria zahagi barrietan sartzen da, eta batak eta besteak irauten dabe».
Odol-jarioa eban emakumea eta buruzagiaren alabea
(Mk 5,21-43; Lk 8,40-56)
18 Jesus holan hitz egiten eukela, buruzagietako bat etorri jakon eta, ahozpezturik, esan eutson: «Hil barria dot alabea; baina zatoz hari eskua ezartera, eta bizi izango da».
19 Jagi zan Jesus eta ondoren joan jakon bere ikasleekaz. 20 Orduan, hamabi urte hareetan odol-jarioz egoan emakume bat atzetik hurreratu jakon Jesusi eta soineko-ertza ikutu* eutson; 21 holantxe inoan-eta bere barruan: «Jantzia ikutzen badeutsot, besterik barik osatuko naz».
22 Bihurtu zan Jesus eta, emakumea ikustean, esan eutson: «Izan bihotz, ene alaba! Zeure sinismenak osatu zaitu». Eta une haretatik osatua gelditu zan.
23 Buruzagiaren etxera heldu eta hango erostariak eta jendearen istilua ikustean, Jesusek 24 esan eutsen: «Alde hemendik! Neskatxa ez dago hilda, lo dago». Hareek barre egiten eutsoen.
25 Jesusek, jendea kanpora bialdu ebanean, sartu eta neskatxeari eskutik heldu eutson, eta neskatxea jagi egin zan. 26 Eskualde guztian zabaldu zan gertatuaren barri.
Jesusek itsu bi osatu
27 Jesusek handik urten ebanean, itsu bik jarraitu eutsoen deiadarka: «Daviden Semea, erruki zakiguz!»
28 Etxeratu zanean, itsuak hurreratu jakozan, eta Jesusek galdetu eutsen:
—Sinesten dozue hori egin daikedana?
—Bai, Jauna —erantzun eutsoen.
29 Orduan, begiak ikutu eutsezan, esanez:
—Jazo bekizue sinistu dozuen lez.
30 Eta begiak zabaldu jakezan. Jesusek zorrotz agindu eutsen:
—Kontuz gero! Ez daiala inork ere jakin!
31 Hareek, barriz, uten orduko, eskualde guztian zabaldu eben Jesusen barri.
Jesusek deabrudun mutua osatu
32 Itsuek urten ebeneko, deabruaren menpe egoan mutu bat ekarri eutsoen Jesusi. 33 Jesusek deabrua bota egin eban eta mutua berbetan hasi zan. Jendeak, harriturik, inoan: «Ez da Israelen gaur arte holakorik ikusi!»
34 Fariseuek, barriz, inoen: «Deabruen buruzagiaren indarrez botaten ditu honek deabruak».
Ikasleak Jesusen egitekoaren jarraitzaile (9,35—10,42)
«Uzta ugaria da, baina langileak gitxi»
(Mk 6,34; Lk 10,2)
35 Jesus herri eta auzo guztietan zehar ibili zan, sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzearen barriona iragarten eban eta gatx eta gaixotasun guztiak osatzen. 36 Jendetzea ikustean, errukitu egin jaken Jesus, nekatuak eta lur jota egozan-eta, artzain bako ardiak lez. 37 Orduan, bere ikasleei esan eutsen: «Ugaria da uzta, baina langileak gitxi. 38 Erregutu, ba, uzta-jabeari bialdu daizala langileak bere uztara».