Erregetzea hitzez iragarria:
mendiko hitzaldia (5,1—7,29)
Sarrerea
5,1 Jendetzea ikusirik, Jesusek mendira igon eban. Jesarri eta ikasleak hurreratu jakozan. 2 Orduan, holan hasi jaken irakasten:
Zoriontasunak
(Lk 6,20-23)
3 «Zorionekoak bihotzez behartsu diranak, hareek Jainkoa dabe-ta errege.
4 «Zorionekoak negarrez dagozanak, hareik Jainkoak kontsolatuko dauz-eta.
5 «Zorionekoak bihotz gozokoak, eurak jabetuko dira-ta Jainkoak agindutako lurraz*.
6 «Zorionekoak Jainkoaren nahia beteteko* gose-egarri diranak, hareik Jainkoak asetuko dauz-eta.
7 «Zorionekoak errukitsu diranak, harei Jainkoak izango deutse-ta erruki.
8 «Zorionekoak bihotz-garbiak, eurek ikusiko dabe-ta Jainkoa.
9 «Zorionekoak bakegileak, eurak dauz-eta Jainkoak seme-alabatzat hartuko.
10 «Zorionekoak Jainkoaren nahia beteteagaitik* erasotuak, hareek Jainkoa dabe-ta errege.
11 «Zorionekoak zuek, nigaitik madarikatuko zaituenean, erasoka eta guzurrez txarto-esaka erabiliko zaitueenean. 12 Poztu zaiteze eta alaitu, handia izango da-ta zuen saria zeruan; zuen aurreko profetak ere halaxe erabili ebezan.
Munduarentzat gatz eta argi
(Mk 9,50; Lk 1,4343-5)
13 «Zuek munduarentzat gatza zaree. Baina gatza gazatzen bada, zelan gazitu barriro? Ez dau ezertarako balio, botateko baino eta jendeak zapaltzeko.
14 «Zuek munduarentzat argia zaree. Ezin daiteke ezkutatu mendi gainean dagoan uria. 15 Kriseilua ere ez da bizten ontzipean ipinteko, argi-mutilaren gainean baino, etxeko guztiei argi egiteko*. 16 Era berean, zuen argiak danen aurrean egin behar dau argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita goretsi daien.
Jesus eta legea
17 «Ez uste izan Moisesen legea edo profeten esanak* huts bihurtzera etorri nazanik; ez naz huts bihurtzera etorri, euren betera eroatera baino. 18 Benetan dinotsuet: Zeru-lurrek dirauen bitartean legearen berba batek edo zeinurik txikienak ere ez dau baliorik galduko, dana bete arte*. 19 Beraz, agindurik txikienetako bat hausten dauana edota hausten irakasten, txikien lez hartuko dau Jainkoak bere erreinuan; beteten dauana, barriz, edota beteten irakasten, handitzat hartuko dau Jainkoak bere erreinuan. 20 Hara zer dinotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeto beteten ez badozue, ez zaree sartuko Jainkoaren erreinuan.
Senideen arteko hartu-emonak
21 «Badakizue legean aurrekoei agindu jakena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da. 22 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Bere senidearekin haserratzen dana, kondenatua izango da; bere anaia iraintzen dauana, batzar nagusian kondenatua izango da, eta berbaz mintzen dauana*, infernuko sutara kondenatua izango da.
23 «Beraz, aldarean zure oparia eskintzerakoan, zure senideak zure kontra ezer badauala gogoratzen bajatzu, 24 itzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenengo senidearekin bakeak egitera; bihurtu gero zure oparia eskintzera.
25 «Konpondu zaitez lehenbailehen zure etsaiagaz, beragaz auzitegira zoazan bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaitue. 26 Benetan dinotsut: Ez dozu handik urtengo azken txanpona ordaindu arte.
Adulterioa eta dibortzioa
(18,8-9; 19,7-9; Mk 9,43-47; 10,4-5,10-12; Lk 16,18)
27 «Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik. 28 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen deutsonak, egin dau adulterioa bere bihotzean.
29 «Eskoiko begia galbide bajatzu*, atara eta bota zugandik urrun: hobe dozu gorputz-atal bat galtzea, oso-osorik infernura jaurtia izatea baino. 30 Eskoiko eskua galbide bajatzu, moztu eta bota zugandik urrun: hobe dozu gorputz-atal bat galtzea, oso-osorik infernura joatea baino.
31 «Legeak agindua dau beste hau ere: Bere emaztea izten dauanak emon deiola dibortzio-agiria. 32 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Bere emaztea izten dauanak —legearen kontra alkartuak ez badira behintzat*— adulteriora bultzatzen dau emaztea; eta itzitako emakume horregaz ezkontzen danak adulterio egiten dau.
Zinak
33 «Badakizue legean aurrekoei agindu jaken beste hau ere: Ez egin guzurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak. 34 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Ez egin ezelango zinik, ez zeruagaitik, Jainkoaren tronua da-ta; 35 ez lurragaitik, haren oin-aulkia da-ta; ez eta Jerusalemegaitik ere, Errege handiaren uria da-ta. 36 Ez egin zinik zeure buruagaitik ere, ezin dozu-ta zure ule bakar bat ere zuri edo baltz bihurtu. 37 Esan eizue ‘bai’, bai danean, eta ‘ez’, ez danean*; gainerakoa gaiztoagandik dator.
Mendekua
(Lk 6,29-30)
38 «Badakizue legean agindua: Begia begiaren ordain, hagina haginaren ordain. 39 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Gaizkileari ez txarto erantzun; bestetara baino, eskoiko masailean joten zaituanari eskeini beste masaila ere; 40 soinekoa kentzeko auzitara eroan nahi zaituanari emon soingainekoa ere; 41 batenbatek kilometro bat egitera behartzen bazaitu* egin bi beragaz. 42 Eskatzen deutsunari emon, eta dirua izteko eskatzen deutsunari ez ukatu.
Etsaiak maitatu
(Lk 6,27-28,32-36)
43 «Badakizue legean agindua: Maitatu lagun hurkoa eta gorrotatu etsaia. 44 Nik, barriz, hauxe dinotsuet: Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituenen alde; 45 holan, zeruko zuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zaree, Harek zintzoentzat eta gaiztoentzat urtenazoten dau-ta eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isuriazoten euria. 46 Izan ere, maite zaituenak baino maite ez badozuez, zer sari zor jatzue? Zergalariek* ere ez dabe beste horrenbeste egiten? 47 Eta zeuen senideak baino agurtzen ez badozuez, zer egiten dozue berezirik? Jentilek ere ez dabe beste horrenbeste egiten? 48 Izan zaiteze, ba, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona dan lez.