Jesusek Hamabiak bialdu
(Mt 10,1.5-15; Mk 6,7-13)
9,1 Jesusek, Hamabiak beragana baturik, deabru guztiak botateko eta gatxak osatzeko indarra eta ahalmena emon eutsezan. 2 Eta Jainkoaren erregetzea iragartera eta gaixoak osatzera bialdu ebazan, 3 esanez: «Ez hartu ezer ere biderako, ez makilarik, ez zakutorik, ez ogirik, ez dirurik, eta ez daiala inork aldatzeko jantzirik eroan. 4 Edozein etxetan sartzen zareela, gelditu bertan herri haretatik urten arte. 5 Eta onartzen ez bazaituee, herri haretatik alde egitean, astindu zuen oinetako hautsa*, euren kontrako seinaletzat».
6 Urten eben, ba, eta herriz herri joan ziran, barriona iragarriz eta alde guztietan gaixoak osatuz.
Herodesek ez daki zer pentsa
(Mt 14,1-2; Mk 6,14-16)
7 Jakin eban Herodes* agintariak jazoten zan guztia, eta zer pentsa ez ekiala egoan. Batzuk Joan hilen artetik biztu zala inotsoen; 8 beste batzuk Elias profeta azaldu zala; beste hainbatek, barriz, antxinako profetaren bat biztu zala. 9 Herodesek, barriz, holan inoan: «Joani neuk moztu neutson lepoa. Nor da, ba, hau, horrelakoak entzuten dodaz-eta beroni buruz?» Eta Jesus ezagutzeko egokiera bila ebilan*.
Jesusek jendetzeari jaten emon
(Mt 14,13-21; Mk 6,30-44; Jn 6,1-14)
10 Apostoluek, bihurtzean, egin eben guztia kontatu eutsoen Jesusi. Orduan, hareik beragaz hartu eta Betsaida eritzon herrialdera joan zan bakarrik. 11 Baina ohartu zan jendea eta jarraitu egin eutson. Jesusek ondo hartu ebazan eta Jainkoaren erregetzaz hitz egin eutsen eta premina euken guztiak osatu ebazan.
12 Eguna iluntzen hasia zan. Hamabiak hurreratu eta esan eutsoen Jesusi:
—Bialdu eizu jendea inguruko auzo eta baserrietara, ostatu eta janaren bila joan daitezan, hemen oso aparte gagoz-eta.
13 Baina Harek erantzun eutsen:
—Emon zeuek jaten.
Hareek, orduan:
—Ez daukagu bost ogi eta arrain bi besterik, jende guzti honentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat.
14 Bost milaren bat gizon ziran. Jesusek esan eutsen ikasleei:
—Jesarriazo berrogeita hamarnaka.
15 Halan, danak jesarriazo ebezan. 16 Hartu ebazan Jesusek bost ogiak eta arrain biak, eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazinoa esan, ogiak zatitu eta ikasleei emon eutsezan, jendeari eskintzeko. 17 Asetzeraino jan eben danek, eta gelditutako hondakinez hamabi otzarakada bete ebezan*.
Jesus Mesiasen neke-zoria eta ikaslearen zoria (9,18-50)
Pedroren autorkuntza eta nekaldi-biztueren lehen iragarpena
(Mt 16,13-21; Mk 8,27-31)
18 Jesusi, bakardadean otoitzean ziharduan baten, ikasleak batu jakozan, eta Jesusek galdetu eutsen:
—Nor nazala dino jendeak?
19 Hareek erantzun eutsoen:
—Batzuk Joan Bataiatzailea zarala; beste batzuk Elias; besteek antxinako profetaren bat biztu dala.
20 Jesusek galdetu eutsen:
—Eta zuek, nor nazala dinozue?
Pedrok erantzun:
—Jainkoaren Mesias.
21 Jesusek inori ez esateko agindu eutsen zorrotz, 22 eta hau esan eutsen gainera: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar dau; zahar, abadeburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dabe eta hil, eta hirugarren egunean biztu egingo da».
Jesusi jarraitzea
(Mt 16,24-28; Mk 8,34—9,1)
23 Gero, danei esan eutsen: «Nire ondoren etorri nahi dauanak egin beio uko bere buruari, hartu bei bere eguneroko kurutzea eta jarraitu beist. 24 Izan ere, bere bizia gorde nahi dauanak galdu egingo dau; bere bizia nigaitik galtzen dauanak, ostera, gorde egingo dau. 25 Zertarako dau gizakiak mundu guztia irabaztea, bere burua galtzen eta hondatzen badau? 26 Beraz, inor nitaz eta nire mezuaz lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere lotsatu egingo da haretaz, bere aintzaz, bere Aitaren aintzaz eta aingeru santuen aintzaz etorriko danean. 27 Zinez dinotsuet: Hemen dagozanetako batzuk ez dira hilgo, harik eta Jainkoaren erregetzea ikusi arte».
Antzaldaketa: nekaldi osteko aintza aurrez agertu
(Mt 17,1-8; Mk 9,2-8)
28 Hitzaldi honetatik zortziren bat egunera, Pedro, Joan eta Santiago beragaz hartu eta mendira igon eban Jesusek, otoitzera. 29 Eta, otoitzean ziharduala, aurpegiaren itxurea aldatu egin jakon, eta jantziak zuri distiratsu bihurtu. 30-31 Haretan, gizon bi azaldu ziran, aintzaz distiratsu: Moises eta Elias, eta Jesusegaz berbetan ziharduen Jerusalemen gertatzekoa zan honen heriotzaz*. 32 Pedro eta lagunak logureak jota egozan; baina izartu ziran eta Jesusen aintza eta haregaz egozan gizon biak ikusi ebezan. 33 Honeik urruntzean, Pedrok esan eutson Jesusi: «Maisu, zein ederto gagozan hemen! Zergaitik ez egin hiru txabola: bata zeuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat?»
Ez ekian zer esaten eban ere. 34 Eta, hori inoala, hodei* batek estaldu ebazan, eta bildurtu egin ziran hodeipean sartzean. 35 Ahots hau entzun zan hodeitik: «Hauxe dot neure Semea, nik hautatua. Entzun berari!»
36 Ahotsaren ondoren, Jesus baino ez zan ageri. Ikasleek isilik gorde eben eta, ordukoz, ez eutsoen inori esan ikusitakorik ezer.
Epileptikoaren osakuntzea
(Mt 17,14-18; Mk 9,14-27)
37 Biharamunean, menditik beherakoan, jende askok urten eutson bidera. 38 Haretan, gizon batek jendartetik oihuka esan eutson:
—Maisu, arren, begira nire semeari, bakarra dot-eta. 39 Espiritu batek hartzen dau menpean, eta bat-batean garrasika hasten da; gogor astintzen dau eta adurra dariola jarten, eta oso nekez alde egiten dau beragandik, hauts eginda izten dauala. 40 Zure ikasleei eskatu deutset espiritua botateko, baina ezin izan dabe.
41 Jesusek esan eban:
—Hau gizaldi sinisgogor eta makurra! Noiz arte egon behar ete dot zuen artean eta jasan behar ete zaituet? Ekarri eizu hona semea.
42 Mutila etorrela, deabruak lurrera bota eta gogor astindu eban. Jesusek mehatxu egin eutson espiritu gaiztoari, mutikoa osatu eban eta aitari bihurtu eutson. 43 Danak harriturik gelditu ziran Jainkoaren handitasuna ikustean.
Jesusek nekaldia bigarrenez iragarri
(Mt 17,22-23; Mk 9,30-32)
Jesusek egiten ebazanekaitik txunditurik egozan danak. Harek esan eutsen ikasleei: 44 «Hartu ondo gogoan hitzok: Gizonaren Semea gizakien eskuetara emongo dabe».
45 Hareek, ordea, ez eben ulertzen zertaz ziharduan; ilun gertatzen jaken, eta ezin ziran esanahiaz jabetu; galdetzera, barriz, ez ziran ausartzen.
Nor handiena?
(Mt 18,1-5; Mk 9,33-37)
46 Eztabaidea sortu zan ikasleen artean, nor ete zan euren artean handiena. 47 Igarri eutsezan Jesusek burutazinoak eta, ume bat harturik, bere ondoan jarri 48 eta esan eutsen: «Ume hau nire izenean onartzen dauanak neu onartzen nau; eta ni onartzen nauanak, bialdu nauan ha onartzen dau. Zuen artean txikiena, horixe da-ta handiena».
«Zuen kontra ez dagoana...»
(Mk 9,38-40)
49 Orduan, Joanek esan eutson:
—Maisu, gizon bat ikusi dogu zure izenean deabruak botaten, eta galazo egin nahi izan deutsogu, gure taldekoa ez da-eta.
50 Baina Jesusek erantzun:
—Ez galazo, zuen kontra ez dagoena zuen alde dago-ta.
JERUSALEMERA BIDEAN (9,51—19,27)
Ikaslearen baldintzak eta eginkizunak:
jarraipena eta misinoa (9,51—11,13)
Samariako herritxo batek Jesus hartu ez
51 Mundu honetatik eroana izateko sasoia baetorkola, Jerusalemera* joateko erabagi sendoa hartu eban Jesusek. 52 Mandatari batzuk bialdu ebazan aurretik, eta Samariako* herri baten sartu ziran Jesusi ostatua prestatzeko. 53 Baina herrikoek ez eben hartu nahi izan, Jerusalemera joiala-eta. 54 Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan eutsoen: «Jauna, aginduko dogu zerutik tximistea jatsi* eta garbitu daizan?»
55 Baina Jesusek, hareengana bihurturik, haserre egin eutsen. 56 Gero, beste herri batera joan ziran.
Jesusi jarraitzeko baldintzak
(Mt 8,19-22)
57 Bidean joiazala, batek esan eutson Jesusi:
—Edonora jarraituko deutsut.
58 Jesusek esan eutson:
—Azeriek badaukez zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ostera, ez dauka burua non jarri.
59 Beste bati esan eutson:
—Jarraitu niri.
Baina harek erantzun:
—Jauna, itzi eidazu lehenengo aitaren hiletak egitera joaten.
60 Eta Jesusek:
—Itzi hilei euren hildakoen hiletak egiten; zu zoaz Jainkoaren erregetzea iragartera.
61 Beste batek, barriz, esan eutson:
—Jarraituko deutsut, Jauna, baina itzi eidazu aurretik etxekoei agur egiten.
62 Baina Jesusek erantzun:
—Goldeari heldu eta atzera begiratzen dauana ez da gauza Jainkoaren erreinurako.