Jesusen senideek sinistu ez
7,1 Jesus Galilean ebilan. Ez eban Judean azaldu gura, judu-agintariak bera hil nahian ebizan-eta. 2 Txabola Jaia*, juduen jaietariko bat, hurrean zala, 3 anaiarrebek esan eutsoen Jesusi:
—Urten hemendik eta zoaz Judeara, egiten dozuzan egintzak han ere zure ikasleek ikusi daiezan. 4 Bere burua ezagutuazo gura dauanak ez dau ezkutuan jarduten. Holako gauzak egiten dozuzan ezkero, egizuz mundu guztiak ikusteko eran.
5 Haren senideek ere ez eben, izan ere, beragan sinisten. 6 Jesusek esan eutsen:
—Nire sasoia ez da oraindino heldu; zuentzat, barriz, edozein sasoi da ona. 7 Munduak ez dau zuek gorrotatzeko arrazoirik; niri, barriz, bai, gorroto deust, argi azaltzen dot-eta haren egintzak gaiztoak dirala. 8 Joan zeuek jaietara; ni ez noa, nire sasoia ez da-ta oraindino bete.
9 Hori esan eta Galilean gelditu zan Jesus. 10 Baina haren senideak jaietara joan ondoren, bera ere joan egin zan; ez, barriz, agerian, erdi ezkutuan baino.
Jaietan Jesusek Jerusalemen irakatsi
11 Judua-gintariak Jesusen bila ebizan jaietan, esanez: «Non ete da hori?» 12 Eta jendeak txutxu-mutxuka ziharduan haretaz; batzuk inoen: «Gizon ona da». Beste batzuk, ordea: «Ez, herria engainatzen dihardu». 13 Halan ere, inor ez zan haretaz agerian berba egiten ausartzen, agintarien bildurrez.
14 Jaien erdialdera, tenpluan azaldu zan Jesus, eta irakasten hasi zan. 15 Agintariek, harrituta, inoen:
—Nondik da hau hain ikasia, eskolan ibili gabe*?
16 Jesusek erantzun eutsen:
—Nire irakaspena ez dot neurea, bialdu nauanarena baino. 17 Jainkoaren nahia egiteko prest dagoanak jakingo dau irakaspen hau Jainkoagandikoa dan ala neure kabuz nabilan. 18 Bere kabuz dabilana bere buruaren aintzaren bila ibilten da; baina bialdu dauanarentzat aintzaren bila dabilana fidagarria da, eta ez dau faltsukeriarik. 19 Ez eutsuen Moisesek legea emon? Halan ere, zuetariko inork ez dau beteten legea. Zergaitik zabize ni hil nahian?
20 Jendeak erantzun eutson:
—Burutik zagoz! Nor dabil zu hil nahian?
21 Jesusek erantzun eutsen:
—Harriturik zagoze zapatuz egin dodanagaitik. 22 Baina pentsa: Moisesek erdainkuntzaren legea ezarri eutsuen (egia esan, ohitura hau ez zan Moisesegaz hasi, arbasoekaz baino), eta zapatuz ere erdaintzen dozue gizona. 23 Horrela ba, Moisesen legea ez haustearren, erdainkuntza zapatuz ere egiten bajako gizonari, zergaitik hasarretzen zaree nigaz, zapatuz gizon baten gorputz osoa osatu dodalako? 24 Ez epaitu itxuren arabera, zuzentasunez baino.
Jesusen jatorriaz eztabaidea
25 Orduan, Jerusalemen bizi ziran batzuk galdezka hasi ziran: «Ez da hau hil nahi dabena? 26 Ba, agerian dihardu berba egiten, eta ez deutsoe ezer esaten. Benetan onartu ete dabe buruzagiek Mesias berau dala? 27 Mesias etorriko danean, ez dau inork jakingo nongoa dan; hau, barriz, badakigu nongoa dan».
28 Jesusek, orduan, tenpluan irakasten ziharduala, esan eban oihu eginez: «Ni ezagutzen nozue, eta badakizue nongoa nazan; baina ni ez naz neurez etorri, fidagarria danak bialduta baino, eta zuek ez dozue ha ezagutzen. 29 Nik, bai, ezagutzen dot, beragandik nator-eta, eta berak bialdua naz».
30 Orduan, atxilotu egin gura izan eben; baina ez eutson inork eskurik ezarri, ez zan-eta artean haren ordua. 31 Askok sinistu eben harengan, eta holan inoen: «Mesias etorriko danean, honek baino mirarizko seinale gehiago egingo ete dau?»
32 Fariseuek entzun eben jendeak haretaz esaten ziharduana eta, abadeburuekaz alkar harturik, guardak bialdu ebezan atxilotu eien. 33 Orduan, Jesusek esan eban: «Oraindik alditxo batez egongo naz zuekaz, eta gero bialdu nauanagana joango. 34 Orduan, nire bila ibiliko zaree, baina ez nozue aurkituko; ni egongo nazan tokira, zuek ezin zaree-eta joan».
35 Judu-agintariek inotsoen alkarri: «Nora joango da hau, guk bera ezin aurkitu ahal izateko? Jentilen artean sakabanaturiko judu-alkarteetara joan nahi ete dau, jentilei* irakastera? 36 Zergaitik esaten ete dau “Nire bila ibiliko zaree, baina ez nozue aurkituko; ni egongo nazan tokira, zuek ezin zaree-eta joan”?»
Jesus eta Espiritua
37 Jaietako azken egunean, nagusienean, Jesusek zutundu eta oihu egin eban, esanez: «Egarri dana betor neugana, eta edan bei 38 nigan sinisten dauanak. Liburu Santuek dinoen lez, ur biziko errekak jarioko jakoz barru-barrutik*».
39 Harengan sinistuko ebenek hartuko eben Espirituaz esan eban hori; izan ere, ez zan artean Espiriturik, Jesusen Jainko-aintza ez zalako oraindino azaldu.
Iritzi desbardinak Jesusi buruz
40 Jesusen hitzok entzutean, batzuk inoen: «Benetan hauxe da itxaron dogun profetea*». 41 Beste batzuk esaten eben: «Hauxe da Mesias». Baina beste hainbaitek kontra urten eban: «Galileatik etorri ete daiteke Mesias? 42 Ez dinoe, ba, Liburu Santuek Daviden hazitik eta haren herritxo Belendik etorriko dala?»
43 Iritzi kontrajarriak egozan, ba, jendearen artean Jesusi buruz.
44 Batzuk atxilotu egin gura eben, baina inork ez eutson eskurik ezarri. 45 Guardak abadeburu eta fariseuengana bihurtu ziran. Honeek galdetu eutseen:
—Zergaitik ez dozue ekarri?
46 Guardek erantzun eutseen:
—Ez dau sekula inork hitz egin honek lez.
47 Orduan, fariseuek:
—Zuek ere engainatu zaitue? 48 Sinistu ete dau harengan buruzagi edo fariseuetakoren batek ere? 49 Baina legea ezagutzen ez dauan jendemodu hau madarikatuta dago.
50 Nikodemok, fariseuetako batek, behinola Jesusengana joan zanak, esan eutsen:
51—Legezko ete dogu geure legearen arabera inor gaitzestea, aldez aurretik berari entzun eta zer egin dauan jakin barik?
52 Besteek erantzun eutsoen:
—Zu ere galilearra ete zaitugu? Aztertu Liburu Santuak, eta ikusiko dozu Galileatik ez dala inoiz profetarik sortu.
53 (Ondoren, bakotxa bere etxera joan zan).