Juduen ohiturak eta Jainkoaren nahia
(Mt 15,1-9)
7,1 Behin baten, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako lege-maisu batzuk hurreratu jakozan Jesusi, 2 eta konturatu ziran, honen ikasle batzuk otordua esku kutsatuekaz egiten ebela, esku-garbikuntza egin barik, hain zuzen. 3 Izan ere, fariseuek, eta judu guztiek, ez dabe behin ere jaten lehenengo eskuak arretaz garbitu barik, zaharren ohitureari gogor eutsiz. 4 Azokatik etxeratzean ere, ez dabe jaten garbikuntza egin barik; eta badauke beste hamaika ohiturazko betebehar: hala zelan edalontzi, pitxer eta suilen garbiketa.
5 Horrela ba, galdera hau egin eutsoen fariseuek eta lege-maisuek Jesusi:
—Zergaitik ez dabe zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Zer dala-eta jaten dabe esku kutsatuekin?
6 Jesusek erantzun eutsen:
—Itxurazaleok halakook! Bai ederto esan ebala zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi ebanean:
Herri honek ezpainez ohoratzen nau,
baina nigandik urrun dau bihotza;
7 alperrik nabe gurtzen;
honeen irakaspena giza agindu hutsa.
8 «Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera itzi eta giza ohitureari eusten deutsozue».
9 Eta jarraitu eban:
—Lasai zokoratzen dozue Jainkoaren agindua zeuen usadioak ezarteko! 10 Esate baterako, Moisesek esan eutsuen: Hartu aintzat aita-amak, eta: Aita nahiz ama madarikatzen dauanak heriotza-zigorra izango dau. 11 Zuek, ordea, beste hau dinozue: Norbaitek aitari edo amari esaten badeutso: «Zuri emon behar izango neuskizuna ‘Korban’ da (hau da, Jainkoarentzat opari)», 12 halakoak ez daukala aitari edo amari lagundu beharrik; 13 horrela, Jainkoaren hitza balio barik izten dozue, zeuen arteko usadioekaitik. Eta horrelakoak asko egiten dozuez.
Zerk kutsatzen dau gizakia?
(Mt 15,10-20)
14 Jesusek barriro jendeari dei egin eta esan eutson: «Entzun niri danok eta ulertu ondo! 15 Ez da ezer ere, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsatu daikeanik; barrutik urteten deutsonak, horrexek kutsatzen dau gizakia». ( 16 ).
17 Jendeagandik alde egin eta etxeratu zanean, hitz horreen esanahiaz galdetu eutsoen ikasleek. 18 Jesusek esan eutsen:
—Beraz, ez dozue zuek ere ulertzen? Ez dozue ikusten kanpotik sartzen jakon ezerk ezin daikela gizakia zikindu? 19 Sartu, ez jako-eta bihotzera sartzen, sabelera baino, eta handik komun-zulora.
Hitz honeekin, janari guztiak garbiak dirala adierazi nahi eban.
20 Eta gehitu eban:
—Gizakiaren barrutik urteten dauanak, horrexek bai egiten dauala gizakia zikin! 21 Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, urteten dabe asmo txarrek, lizunkeriak, lapurretek, hilketek, 22 adulterioek, diru-goseak, gaiztakeriak, maltzurkeriak, lasaikeriak, bekaizkeriak, irainak, harrokeriak, burugabekeriak. 23 Gaiztakeria guztiok barrutik urteten dabe, eta honeexek dabe gizakia kutsatzen.
Jesusek emakume feniziarraren alabea osatu
(Mt 15,21-28)
24 Handik, Tiro aldera joan zan Jesus. Etxe baten sartu zan, eta ez eban inork jakiterik nahi; baina ezin izan zan ezkutuan egon. 25 Alabea espiritu gaiztoak hartuta eukan emakume bat, Jesusen barri jakin ebanekoxe, etorri eta oinetan ahozpeztu jakon. 26 Emakumea jentila zan, feniziarra. Eta bere alabeagandik deabrua bota eiala eskatzen eutson Jesusi. 27 Jesusek erantzun:
—Itzi lehenago seme-alabak asetzen; ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatea.
28 Emakumeak erantzun eutson:
—Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jaten dabez seme-alaben ogi-apurrak mahai azpian.
29 Orduan, Jesusek:
—Ederra erantzuna! Zoaz, ba; urten dau deabruak zure alabeagandik.
30 Bihurtu zan etxera eta ohean etzunda aurkitu eban alabea; alde egina zan deabrua.
Gor-mutua osatu
31 Itzi eban Jesusek Tiro aldea eta, Sidonen zehar, Galileako aintzirara heldu zan barriro, Dekapolisko lurraldean zehar.
32 Gizon gor bat eroan eutsoen, hizmotela gainera, eta eskua ezarteko eskatu eutsoen. 33 Jesusek, jendeagandik aparte harturik, atzamarrak belarrietan sartu eutsozan eta txistuz mihina ikutu. 34 Gero, zerura begiratuz, antsi egin eta esan eutson: «Effata!» (hau da, «Edegi!»).
35 Eta une berean, edegi egin jakozan belarriak, mihina askatu eta garbi hitz egiten hasi zan. 36 Gertatua inori ez aitatzeko agindu eutsen Jesusek; baina zenbat eta gehiago agindu, orduan eta gehiago zabaltzen eben. 37 Eta biziki harrituta, honela inoen: «Ondo egin dau dana: gorrei entzunazo eta mutuei hitz eragin».