Jesus eta Zakeo
19,1 Jesus Jerikon sartu eta herrian barrura joian. 2 Bazan han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-burua*, oso aberatsa. 3 Jesus nor zan ikusi nahirik ebilan, baina ezin eban jendeagaitik, txikia zan-eta. 4 Lasterka aurrerago joan eta ikondo batera igon eban Jesus ikusteko, handik igaro behar eban-eta. 5 Jesusek, hara heltzean, gora begiratu eta esan eutson: «Zakeo, jatsi aguro, gaur zure etxean gelditu behar dot-eta». 6 Jatsi zan, ba, berehala eta pozik hartu eban etxean.
7 Hori ikusirik, danak marmarka hasi ziran: «Pekatari baten etxera joan dok ostatuz».
8 Zakeok, barriz, zutundurik, Jaunari esan eutson:
—Jauna, nire ondasunen erdiak behartsuei emoten deutsedaz eta, inori ezer ostu badeutsot, lau halako bihurtuko deutsot*.
9 Jesusek esan eutson:
—Gaur heldu da salbamena etxe honetara, gizon hau ere Abrahamen ondorengoa da-eta. 10 Izan ere, Gizonaren Semea galduta egoana bilatzera eta salbatzera etorri da.
Ontzako urreen parabola
(Mt 25,14-30)
11 Jendea entzuten egokola, Jesusek beste parabola bat kontatu eutsen, Jerusalemdik* hur zan-eta, eta jendeak Jainkoaren erregetzea une batetik bestera azalduko zala uste eban-eta: 12 «Handiki bat urruneko herrialde batera joan zan, errege-izendapena hartzera, gero bihurtzekotan. 13 Bere zerbitzarietako hamarri dei egin eta hamar ontzako urre* banatu eutsezan, esanez: ‘Jarri irabazian, ni bihurtu bitartean’.
14 «Baina herritarrek, gorroto eutsoen eta mandatariak bialdu ebezan atzetik, esatera: ‘Ez dogu hori errege nahi’.
15 «Errege-izendapena harturik bihurtu zanean, dirua banatu eutsen morroiak beragana deitu ebazan, bakotxak zer irabazi ete eban jakiteko. 16 Aurkeztu zan lehenengoa eta esan eutson: ‘Jauna, zure ontzakoak hamar halako emon dauz’. 17 Nagusiak erantzun: ‘Ederki, morroi ona! Gauza gitxian leial izan hazan ezkero, hartu egik hamar uriren agintea’. 18 Joan zan, gero, bigarrena eta esan eutson: ‘Jauna, zure ontzakoak bost halako emon dauz’. 19 Honi ere nagusiak esan eutson: ‘Izan hadi bost uriren buru’. 20 Joan zan beste bat eta esan eutson: ‘Jauna, hemen dozu zeure ontzakoa; zapi baten baturik euki dot. 21 Bildur nintxatzun, gizon gogorra zaralako, emon bakoa eskatzen eta erein bakoa batzen dozuna’. 22 Nagusiak, orduan: ‘Heure esanez kondenatuko haut, morroi gaizto hori! Bahenkian gizon gogorra nazana, emon bakoa eskatzen eta erein bakoa batzen dodana. 23 Zelan ez hendun, ba, nire dirua bankuan ipini? Horrela, bihurtzean, korrituekin jasoko ñeukean’. 24 Eta bertan egozanei esan eutsen: ‘Kendu eiozue ontzakoa eta emon hamar daukazanari’. 25 Hareek erantzun eutsoen: ‘Jauna, lehendik ez daukaz, ba hamar ontzako?’ 26 Nagusiak erantzun eutsen: ‘Frutua dakarrenari emon egingo jako; fruturik ez dakarrenari, ostera, daukan apurra ere kendu egingo jako*. 27 Eta errege nahi ez ninduen etsai horreik, barriz, ekarri hona eta hil eizuez neure aurrean’».
JERUSALEMEN (19,28—23,56a)
Jesus Jerusalemen Mesias lez sartu
(Mt 21,1-11; Mk 11,1-11; Jn 12,12-19)
28 Hitzok esan ondoren, Jerusalemera bidean gora jarraitu eban Jesusek, danen aurretik. 29 Oliamendi* inguruko Betfage eta Betania herritxoetara hurreratu zanean, bere ikasleetako bi bialdu ebazan Jesusek, 30 esanez: «Zoaze aurreko herritxo horretara; sartzean, astakume bat aurkituko dozue lotuta, gainean inor jarri ez jakona; askatu eta ekarri niri. 31 Inork zergaitik askatzen dozuen galdetuko baleutsue, erantzun: ‘Jaunak behar dau’».
32 Joan ziran, ba, bialdutakoak, eta Jesusek esan lez aurkitu eben dana. 33 Astakumea askatzen egozala, jabeek galdetu eutseen:
—Zergaitik askatzen dozue astakumea?
34—Jaunak behar dau —erantzun eben hareek.
35 Jesusi ekarri eutsoen eta, euren jantziak astakumeari bizkarrean ezarririk, gainean jesarriazo eben. 36 Eta, pasatzean, jantziak zabaltzen ebezan bidean. 37 Oliamenditik behera hartzera joiala, ikasle guztiak multzoan, pozez beterik, Jainkoa ozenki goresten hasi ziran, ikusi ebezan mirari guztiekaitik. 38 Holan inoen: «Bedeinkatua Jaunaren izenean datorren erregea! Bakea zeruan eta aintza Jainko gorenari*!»
39 Jendarteko fariseu batzuk esan eutsoen Jesusi:
—Maisu, egiezu hasarre ikasleei!
40 Harek erantzun eutsen:
—Egia esan, honeik isilduko balira, harriek egingo leukee oihu.
Jerusalemegaitik aieneka
41 Jesus, hurreratu eta uria ikustean, negarrez hasi zan beragaitik, 42 eta esan eban: «Ai, Jerusalem, ulertuko bazendu zuk ere gaur bakerako bidea! Baina ez zara gauza ikusteko. 43 Etorriko jatzu, bai, sasoia, zeure etsaiek lubakiz inguratu, setiatu eta alde guztietatik erasoko deutsuen garaia; 44 erraustu egingo zaituee zeu eta zeure bizilagunak, eta ez deutsue harririk harri gainean itziko, Jainkoak eskeini deutsun salbamen-aukerea* aintzat hartu ez dozulako».
Tenpluan emondako irakaspenak (19,45—21,4)
Jesusek tenplua garbitu
(Mt 21,12-17; Mk 11,15-19; Jn 2,13-16)
45 Jesus, tenpluan sarturik, bertan salerosketan* ziharduenak kanpora botaten hasi zan, 46 esanez: «Liburu Santuak dino: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, barriz, lapur-zulo bihurtu dozue».
47 Egunero tenpluan irakasten jarduten eban. Abadeburuak, lege-maisuak eta herriko handikiak Jesus hil nahian ebiltzan; 48 baina ez eben asmatzen zer egin, herri guztia aho zabalik egoan-eta hari entzuten.